Blogia
PADRE FRANCISCO LAPHITZ (Sacerdote betharramita). Literato euscaro

UNA BIOGRAFIA BREVE

Baztango euskal idazleen berri laburra

            Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 2000-1-21; 2000-1-28; 2000-2-4; 2000-2-11; 2000-2-18; 2000-2-25

Frantzisko Laphitz Arriada (1832-1905, Arizkun)
Baztango egilerik klasikoenarekin egiten dugu topo oraingoan, horratio ez da beharko lukeen bezain ezaguna, ausaz, sorterria izan zuen Arizkunekin baino Iparraldearekin askozaz ere lotuagoa egon delako. Arizkunen jaiotzearena, baina, ez zen izan txiripa hutsezko kontua, izan ere, bertakoa baitzuen bere ama Maria Josefa Arriada, bestaldetik ere, Aintzialden oraino bizirik dirauen abizena izanki. Edozein modutan ere, eta ezagun denez, Frantxua 1832.eko irailaren 30ean jaio eta gutxira, aitaren herria zen Irisarrira aldatu ziren etxekoak. Gazte zela, Hazparneko eskolan ikasketa klasikoak egin ondoan, apezgaitegian sartu zen, Uztaritzeko txikian lehenbizi eta Baionako nagusian gero, 1857.erako, behin apez eginik, Baigorriko erretore laguntzaile hasteko. Baigorritik Zuberoako Altzaira egin zuen 1866.ean, alabaina, bertan urtebetea doi-doi emanda, San Mixel Garikoitzen betharrandar sartuta, Ameriketara joan zen misiolari. Montevideoko El Cerro auzoan, Paraguayen eta Buenos Airesen ibili ostean, Platako hirian zendu zen 1905.ean; Laphitz garrantzi haundiko pertsona izan zen Hego-Amerikako historia erlijiosoan, eta izan zuen eraginak ongi aztertu gabe badirau. Edozein modutan ere, eta misiolariaren lana gutxiesteko asmorik izan gabe, ez da dudarik Ameriketara joatearekin ber euskal idazle haundiagoa oraino galdu genuela garbiro, areago, itsasoz bestaldera joan aitzineko liburu bakarraren maila ikusita. Laphitzek ondu olerki bakarra ezagutzen da, 1862.eko Urruñako lore jokoetan aurkeztu «Oderik edo Aita Santuaren soldadoa», Elizanburen lan sariztatuaren ostean lehen aipamena jaso zuena, halaz guztiz, 1867.ean Baionako Lamaignèreren alargunarenean inprimatu zen Bi saindu hescualdun bizia, San Inazio Loiolacoarena eta San Francisco Zabierecoarena izenburukoa da Laphitzek eskeini zigun liburu bakarra. Harrez geroz beste hirutan argitaratu da honako liburua; Iparraldeko Otoitzlari aldizkarian agertu zen zatika 1968-1979 urte bitartean, Hordagokoek 1978.ean atera zuten edizio faksimila, eta azkenik, Klasikoak sailari hasiera emateko, Euskal Editoreen Elkartekoek atera zuten 1986.ean Josu Pikabeak atonduta. Aunitz izan dira liburu honen kalitatea nabarmendu dutenak, tartean Mitxelena edota Villasante berak direlarik, eta Mendiguren-Izagirre tandemak institutuetarako buruturiko eskola-antologian damu agertzen zitzaizkigun horren idazle trebeak euskaraz gehiago idatzi ez izanaz. Aurreko denboretan hain erabilia izan den erlijiio gaia, hagiografikoa hain zuzen ere, beste behin ere Laphitzek errepikatu zuen arren, beste estilo batekin egin zigun, kazetari edo biografo moderno baten antzera, deskribapen arinak, narrazio bortitza eta elkarrizketa biziak eginez: «Frantsesek suia hasten dute biharamun goizean, argi urratzean. Bihotzdunenak abiatzen dire murrailer gora. Iñazioren ezpata han khausitzen dute murrailak baino borthitzago. Artilleriak murrailak joiten ditu arrabots ikharagarri batekin. Ez da ikharatzen Iñazio eta bere ezpataz jin guziak garbitzen ditu. Frantses armadako aitzindariek miresten dute hoinbertze kuraie eta holako gerlaria zeren ez den frantsesa deithoratzen dute. Artilleriak noizbait gazteluko murrailla zilhatzen du, harri batek kolpatzen dio Iñaziori ezkerreko zangoa eta bonba batek hausten dio eskuinekoa. Lorioski erortzen da bere lagunen erdian».

(1832-1905, )

Tomado de la página: http://zubitegia.armiarma.com/aipa/bid/0099.htm

 

0 comentarios