BI SAINDU HESKUALDUNEN BIZIA:
Franzisko Laphitz
__________
BI SAINDU HESKUALDUNEN BIZIA:
SAN INAZIO LOIOLAKOARENA
ETA
SAN FRANZIZKO ZABIEREKOARENA
Non quœras quis hoc dixerit;
sed quid dicatur attende.
(IMIT., CAP. V. 2.)
Ez galda nor den errailea;
bainan errana har ongi gogoan.
BAYONAN,
LAMAIGNÈRE ALHARGUNAREN INPRIMERIAN,
Xegarayko karrikan, 39 numeroan.
1867.
__________
BI HITZ
Liburu hunen geiak bilduak izan dire Ribadeneiraren, Buhursen, Rorbakren, eta gehienik Doriñaken obretan. Bortz pharte ditu:
Lehen Phartean:
San Iñazio mundutar eta gerlari.
Bigarrenean:
San Iñazio eskale eta peregrin.
Hirurgarrenean:
San Iñazio ikhasle eta erakutsle.
Laugarrenean:
San Iñazio Jesusen Konpainiaren altxazaile.
San Franzizko Zabieren konbersionea.
Bortzgarrenean:
San Iñazio Jesusen konpainiaren buruzagi.
San Franzizko Zabieren lanak.
Ikhustearekin bi Heskualdun, mundua, debrua, eta beren burua garhaiturik, lorios zerurat igaiten, zonbat Heskualdun lehiatuko othe gare heier jarraikitzerat? Agian anhitz! Agian guziak!
__________
LEHEN PHARTEA
San Iñazio gerlari eta mundutar
I.
Don Beltramo Oñez Loiolako Jaunak Bizkaitarra zuen Andrea doña Marina Saez de Likona, etxe handi batetako alaba.
Zazpi seme eta hirur alaba bazituzten, sorthu zitzaiotenean Iñazio 1491an Loiolako jauregian. Zortzi garren seme batez erdi zela ilkhustearekin, doña Marinak zerurat altxatu zituen begiak, gero bere senharrari behatzen ziola erran zion:
«Seme hau ez da agian bertze semeak bezala gerla-gizon atherako, eta bere amarekin agian lakhetu zaio.
«Hunek behar bada, ihardetsi zion senharrak, eskolako gustua elkharriko du.
«Amen othoi!, egin zuen andreak; badut hatik beldurra bertzeak iduria atherako den.»
Haurra bathaiatu zuten Azpeitiako Eliza nausian, Iñazio eman zioten izena.
Amak beldurra zuen bezala, haur haurretik su gehiago zakarren Iñaziok harmetako liburuetako baino. Gerlariak entzuten zituenean gerlaz mintzatzen, phizten zitzaion odola eta orduan haren ametsa zen armadetan egun batez lorioski agertzea.
Don Beltramoren ahaide hurbil batek, Naierako dukiak itsutuki maite zuen Iñazio; haren baithan oro maite zituen, haren begi ernea, haren kopeta arraia, haren izpiritu idekia, haren bihotz suharra. Haren aldarte gaxtoentzat berentzat maiz bazuen laudorio bat, bethi estakuru bat.
«Biba zu! egiten zion iloba ttipiari. Espainia guzian ez da zu bezalako gerla-gizonik izanen.
«Oi! ihardesten zion tristeki doña Marinak; zerentzat hola harrotzen duzu haur horren burua? Hoinbertze semetarik ez othe dut bada batto neurekin atxikiko? Premua jadanik gerlan da eta bertze seme guziak gerlarat abian!»
«Nigar egiteko arrazoin ere baduzu, zioen senharrak; bainan andre maitea, Frantzian bai eta Espainian ere aitoron seme batek odola zor du herriari.»
Doña Marinak mundu hau utzi zuen Iñazio zer bilhakatuko zen ikhusi gabe.
Haur hori ezarri zuten Abilako ondoan, izeba baten eskuetan zoinak altxatu baitzuen ama baten artharekin.
Zoinbait urtheren buruan Naierako dukiak sarrarazi zuen erregeren gortheko eskolan.
Ferdinan erregeari anhitz agradatzen zitzaion Iñazio. Gorthe guziaren aitzinean laudorio egiten zion bere jite onaz, bere izpirituaz, bere edertasunaz. Erregeren adixkidantza handizki prezatzen zuen Iñaziok; bere buruaren aski jabe zen hatik adixkidantza hortaz balentriarik ez egiteko eta horrela bekhaiztienak berak ixilik zagozkan.
Eskolak akhabatu eta Iñazio gorthean gelditu zen, Noizetik noiz gerlarat bazohan osebaren lagun; bainan laster itzultzen zen gortherat eta azkenean han finkatu zen.
Norbaitekilakoa bazagokan gorthean. Norbait hura erregeren odoleko andre bat zen, Iñaziori begi onez behatzen ziona. Iñaziok bere aldetik ez zion begi gaxtoz behatzen eta andre harren kontra hitz bat edo bertze nabaditzen zuenean gaizki-errailea ezpatarat deitzen zuen barkhurik gabe.
Denbora hartan Karlos bortzgarrena jarri zen Ferdinan zenaren ordain. Erresumaz kanpo asko lekhuetan bazuen gerla eta erresuman berean ere asko herri baziren libertate zaharra harmak eskuan galdatzen zutenak. Zuhurtziak manatzen zion beraz Karlosi tropa segurrak han hemen atxik zitzan aitzindari segurren pian.
Naierako dukia tropa hetarik baten aitzindari zen. Egun batez gortherat heldu dire Napleseko armadaren berriak eta jakiten dute Loiolako semek han indar handiak egiten dituztela. Iñazio orduan bere bizi funtsgabekoaz ahalgetzen da eta bere oseba Naierako dukia othoizten du zonbait soldado eman ditzon gerlarat heiekin juaiteko. Gerlarat juanez, gerlan bere indarra erakutsiz nahi luke Iñaziok maite duenaren bihotza hobelki hatzeman. Oseba Jaunak kargu handi bat emaiten dio bere armadan eta Iñazio urruntzen da gorthetik garhaitzari itzultzekotan. Hogoi eta sei urthe zituen.
Egun hetan, Kastillanoak Bizkaian sarthurik Naieraz nagusitzen dire. Ondotik badohakote Naierako dukia eta Naiera setiuan ezartzen du. Berekin du Iñazio. Kastillanoek ez dire nihoren beldur; jan edana badute ausarki; luze juan behar du setioak.
Zer gizon den han du erakusten Iñaziok. Egun guzietako gudu eta guduxketan Iñazio bethi barne, Iñazio bethi buruan. Armada guzian ez da nihor ezpata hark bezala dabilanik; nihor ez da kuraiez, jakitatez, indarrez hari hurbiltzeko denik. Azkenean, soldadoer erraiten diote ethorri dela hirian sartzeko orena. Bere hitzaz berotzen ditu, sutatzen ditu, badoha bera aitzin aitzinean, murrailer gora lehen igaiten da eta hiria hartzen du. Bitoriari darraikon saria uzten du bere soldadoer eta armada guziak miresten du haren borthiztasuna guduan, haren jenerostasuna bitorian. Iñazio Loiolakoari ez zitzaizkon guti eder gerlari lagunetarik ukhaiten zituen laudorioak. Gauza batez zen bakharrik khexu; bere bitoriaren kopletan ezartzeaz maite zuenari igortzeko. Hala egiten ohi zuten denbora hartako gerlariek.
Kastillan bakeak egin eta Iñazio zonbait egunen itzuli zen gortherat non ez baitzuen orotarik agurrik eta agurrik baizik ukhan.
II.
1521an, Maiatzeko egun batez, ximixtaren pare iragaiten da zaldidun bat Iruñako karriketan eta gobernadorearen etxean sartzen. Zaldidunaren ahotik non zer berri den jakin duenean, gobernadoreak xixtu batez ekharrarazten du muthil bat, mezu batzu emaiten diotza eta erraiten dio:
«Ez othoi denborarik gal»
eta kadera batean jartzen da, ukhondoak mahain baten gainean, eskuak buruari lothuak, buruan mila gogoeta. Horrela dagoelarik, norbaitek emeki emeki idekitzen du ganbarako athea, ganbaran sartzen da eta aitzinatzen gobernadorearen ondoraino. Gobernadorea bethi bere buruari lothua zagon eta nihorri ez zen ohartzen.
«Jauna, erraiten dio Iñaziok, deithu nauzu, huna ni.
«Ontsa da, ihardesten dio Naierako dukiak, lo dorphe batetarik atheratzen balitz bezala. «Gauza batzu baditut zuri erran beharrak. Jar zaite aphur bat, iloba maitea. Badakizu gure erregeak Noionen zer hitzeman zuen. Hitzeman zuen Nafarroa sei ilhabeteren buruan itzuliko zuela bere nausi zuzenari Henri Albretekoari. Gure erregeak hitza jan du. Bainan ene iloba maitea, gure jendekiak erregerentzat ixurtzen du odola errege makhur ala zuzen dabilan behatu gabe. Orena huna ethorria Espainiari, Frantziari, eta erregeri erakusteko zure arbasoen odolekoa zarela.
«Jauna, erraiten dio bizi bizia Iñaziok, ez dut bertze gogorik erregeren zerbitzatzea baizik.
«Zure ahotik hori nahi nuen entzun, iloba maitea; doidoia berria ukhan dut Frantses armada hurbiltzen ari dela Kunde Lesparre aitzindari. Henri Albretekoak Jakinik Nafarroko tropak oraino Kastillan direla, armada bat igortzen du gure kontra bere ondoriotasunean sartzeko. Bada huna nola iduritu zaitan behar dugula jokhatu. Ni Kastillarat juanen naiz sokhorri bilha. Arte huntan gazteluko gakhoak zuri uzten darozkitzut; gazteluko eta hiriko aitzindariek elgar adituko duzue; heier ere erranen diotet gauzak nola diren. Burgoserat Juanen naiz, don Frederiki hartuko diotzat bere troparik hoberenak eta denborarik galdu gabe hunat ekharriko. Orai beraz, iloba maitea, zuri nago, eta esperantza dut Naieran izan zarena izanen zarela Iruñen.
«Oseba Jauna, Naieran ez nuen egin egin behar nuena baizik, orobat eginen dut Iruñen eta ezpata eskuan dudano ez naute Frantsesek urhats batez gibelaraziko.»
Oseba ilobak horrela mintzo direlarik, muthil batek mezutzen dio Gobernadoreari hiriko Jaunek sala handian igurikatzen dutela. Gobernadorea sartzen da salan, Iñazio eskutik. Biltzarreari erraiten dio etsaia nola hurbiltzen ari den eta etsaiaren kontra zer xede hartu duen. Hitz hautaz akhabatzen du:
«Jaunak, fida naiz Iñazioz egin dudan hautua ez duzuela gaitzetsiko.»
Biltzarre guziak ihardesten dio:
«Gobernadore Jauna, ez zinezaken hautu hoberik egin.»
Handik bi oren gabe Gobernadorea Burgoseko bidean zen.
III.
Bazakien Iñaziok Nafartarren berri. Bazakien anaia batzu bezala igurikatzen zituztela Frantsesak eta beldur zen haren soldadoak, gehienak Nafartarrak, Frantsesen alde itzul ziten. Ikhusten zuen galdua zela Frantsesek oseba aintzintzen balinbazuten. Bainan zer nahi gertha zadin buruan ontsa sartua zuen etsaiari ez zuela amorrik eginen.
Iñaziok beldurra zuen bezala Frantses armada bozkariorekin hartu zuten Nafartarrek. Bide guzian ez zuten Frantsesek egitate onik baizik ukhan. Mendekoste bezperako Iruñepean ziren eta berheala setioan ezarri zuten hiria.
Ikhustearekin nihondik ez zaiola sokhorririk heldu hiriko Jaunek Iñazio othoizten dute sartzerat utz ditzan Frantsesak, ez dela indarretan Frantses armadari ihardokitzeko. Tropetako aitzindariek erraiten diote:
«Zure oseba Jauna ez diteke tenoreko ethor. Zerentzat behar du odolak alferretan ixuri?»
Populuak dio:
«Henri Albretekoa da gure erregea! Bakea, bakea Frantsesekin! idek, idek atheak kunde Lesparri!
«Biba Henri Albretekoa! diote Nafartar soldadoek. Biba Nefarroko erregea! biba Frantses armada!»
Gazteluko buruzagiak ere solhas berak ditu. Iñazio da bakharrik ideia kontrako dena. Grinarekin ikhusten ditu hiriko atheak Frantseser idekiak. Badoha orduan gaztelurat; han nahi du etsaia igurikatu, han bere indarra etsaiari erakutsi. Iñazio bero bezain gazteluko buruzagia hotz. Hau tropetako aitzindari zaharrenekin jausten da Frantsesetarat, Frantsesekin hautsi-mautsi baten egiteko. Iñazio ere jausten da. Nahi du ikhusi Frantsesek zer kondizionetan eskainiko duten bakea. Kunde Lesparre ez bide zabilan ahamen ttipiaren ondotik. Halere bakearen gatik oro on hartzen ditu gazteluko buruzagiak. Iñazio orduan koleran altxatzen da. Gazteluko buruzagia eta Kunde Lesparre behatze batez erdiratzen ditu eta ondo hartan diren aitoron seme batzuer erraiten diote:
«Jaunak! gaztelua behar badut ere bakharrik begiratu bakharrik begiratuko dut. Zerentzat dakharregu ezpata gerrian? Nork nahi du niri jarraiki?
«Nik nik! diote betan asko aitoron semek.
«Ontsa hola! dio Iñaziok. Gerla gerla etsaiari! guazen gaztelurat eta erakuts dezagun ez garela hiltzearen beldur. Biba Espainiako erregea!
«Biba Loiola! biba gure erregea! diote Iñaziori darraizkonek.
Iñazio soldado bakhar horiekin sartzen da gazteluan eta etsaia han igurikatzen du. Aphez baten eskasian gerlako lagun bati kofesatzen da, hiltzerat baloha bezala. Frantsesek suia hasten dute biharamun goizean, argi urratzean. Bihotzdunenak abiatzen dire murrailer gora. Iñazioren ezpata han khausitzen dute murrailak baino borthitzago. Artilleriak murrailak joiten ditu arrabots ikharagarri batekin. Ez da ikharatzen Iñazio eta bere ezpataz jin guziak garbitzen ditu. Frantses armadako aitzindariek miresten dute hoinbertze kuraie eta holako gerlaria zeren ez den Frantsesa deithoratzen dute.
Artilleriak noizbait gazteluko murrailla zilhatzen du; harri batek kolpatzen dio Iñaziori ezkerreko zangoa eta bonba batek hausten dio eskuinekoa. Lorioski erortzen da bere lagunen erdian.
Iñazioren lagunak Iñaziorekin zerbait, Iñazio gabe gauza guti, lotsatzen dire. Harmak uzten dituzte eta gazteluko gakhoak Frantseser emaiten.
Frantsesek arthatzen dute Iñazio haren kolpeari eta izenari dohakoten bezala. Kunde Lesparre ikhusterat juaiten zaio eta laudorio handiak egiten diotza haren kontra egin dituen indarrez.
«Jauna, erraiten dio Iñaziok, zure eskuko naiz eta halere uzten darotazu ezpata.
«Zu bezalako gizon bat, ihardesten dio Kunde Lesparrek, ez da sekulan garhaitua; libro zare eta guk ez zaitugu atxikiko zure kolpeak galdatzen duen denbora baizik. Arte huntan emaiten darotzut ene adixkidantza eta galdatzen zurea.
«Arras gogotik, dio kolpatuak Kunde Lesparri eskua tinkatzen diola, eta ene alderat hoin ona zarenaz geroz grazia bat nahi nezaikezu galdatu.
«Mintza zaite Jaun maitea! Ahal dudan guzia eginen dut zuretzat.
«Nafarroko Gobernadorea ene oseba da. Iruñe bidean da zuen gudukatzerat heldu. Othoizten zaitut jakinaraz dezozun hiria eta gaztelua galdu baditut ere ohorezki galdu ditudala.
«Bai segur ohorezki galdu ditutzu»
eta kolpatu maitea amodiorekin besarkatzen du.
Zonbait egunen buruan, barberrer iduritu zitzaiotenean hirrisku handirik gabe lekhuz aldara zitekela, Kunde Lesparrek erran zion:
«Gerlako lagun maitea, orai adio behar dugu elgarri erran. Loiolako jauregian hobeki arthatuko zaituzte. Aithor darotzut zure uzteak bihotza hausten darotala eta ez nukela nahi gure ezpatak berriz elgarrekin khurutza diten.»
«Nik ere ez nuke nahi, Kunde Lesparre; bainan gure erregen arteko makhurrek hala ekhartzen balute, ez nezake nik entzun ohorearen eta eginbidearen botza baizik.
«Atheraldi ederra hori, Loiola maitea. Ez dut nik ere ahantziko Frantziako erregen atheraldi hau: Egizak egin behar dukana; gerokoak gero.»
Bi gerlariek elgar besarkatu zuten eta aphur baten buruan Loiolarat zeramaten Iñazio ohe baten gainean.
IV.
Iñaziori bihotzik amultsuena erakatsi zion bere anaia Garziak, Loiolako premu Jaunak. Herriko barberrek, kolpeak ikhusi eta erran zuten eskuineko zangoa gaizki lothua zela.
«Hola utziz, diote, zango hortan bethi oinhaze ukhanen du eta maingu geldituko da.
«Eta maingu ez gelditzeko, zer egin behar dut? dio Iñaziok. «Jauna, maingu ez gelditzeko zauri hetsia behar liteke berriz ideki, hezurra aldaratu, haragiak hezurrari berriz josi eta lothura erreberritu.
«Hola balinbada, dio gerlariak, horra ene zangoa; berheala has zaitezte, ez dut maingu gelditu nahi.»
Hasten dire. Oinhazerik minenak jasaiten ditu auhen bat aurthiki gabe. Bainan biharamunean sukharrak erretzen ari zuen eta sukharra oren guziez borthiztuz zitzohakon.
«Jauna, erraiten dio eriak barber bati, arras gaizki eta nahi nuke girixtino on gisa hil. Zer diozu?
«Jauna zure adinean ez da berheala etsitu behar.»
Eriak badu entzunik aski. Munduko gauzak utzirik bazterrerat, Eternitateari buruz jartzen da.
Izitua bere anaiaren hoin aphal ikhusteaz, Garziak barberrari erraiten dio:
«Zer diozu ene anaiaz?
«Ah Jauna deus onik ez. Ez badu berheala onerat emaiten, ez dut uste bihar artio iraunen duen.»
«Egun da Jondoni Petri eta Jondoni Pauloren bezpera, dio Garziak nigarrez, galda diozegun Iñazioren sendatzea. Iragan urthean Iñaziok kopla batzu ezarri zituen Jondoni Petriren ohoretan. Agian orai orhoituko zaio!»
Arrats irian sakramenduak hartu zituen Iñaziok ahaide adixkiden nigar auhenen erdian.
Gau erditan, azken hatsa noiz aurthikiko zuen beha zaudelarik, gozoki lokhartu zen eta ametsetan ikhusi Jondoni Petri sendatzerat heldu zitzaiola.
Atzartu zenean hirriskuz kanpo zen. Sukharrak uztearekin eta indarrak itzultzearekin khendu zioten zangoko lothura. Orduan ohartu ziren hezur hautsiaren phuskak makhurtu zirela, bat bertzearen gainean jarri zirela eta zainak hainbertzetaraino bildu non zango hura bertzea baino anhitz laburrago gelditzen baitzen. Harritu ziren guziak. Iñazio Loiolakoa, gizon ederra! Gortheko Andren Jaioa! Armadako lorea! Maingu! Zer lastima!!!
«Belhaunaren pean ez dut nahi trunpilorik, dio Iñaziok barberrer. Trunpilo horrekin zer itxura nukena! Phika zazue haragia hezurreraino eta hezurretik khen ezazue behar den guzia.»
«Iñazio Jauna! Ezin jasanak dire holako oinhazeak. Hezurrak behar luke tresnez phikatu.»
«Phikatu behar badu phika zazue.»
«Bainan Jauna orai artean jasan dituzunak deusere ez dire jasan behar zinuzkenen aldean.»
«Hori ene egitekoa da; zuen egitekoa da niri trunpilo horren nolezpait ekhentzea. Tresna bat egizue zango hori bertzearen heinerat ekharriko duena; ez dut maingu gelditu nahi.»
«Jauna badakigu ez zarela beldurti; bainan galdatzen darokuzuna martiriozko tresna bat da. Othoi, othoi Jauna.......
«Jaunak, berriz ere diotzuet ez dudala maingu guelditu nahi. Non tutzue tresnak? Zuek balinbazarete, ni banaiz.»
Garziak bere egin ahalak egin zituen lan hortarik Iñazioren gibelatzeko.
«Premu Jauna, premuari zor dudan errespetu guziarekin erranen darotzut ez dela errex hogoi eta hamar urthetan ukho egitea gortheari, armadari, munduko atsegin guzier.»
«Iñazio maitea zaude gurekin; gurekin ontsa biziko zare.»
«Ene adinean! ez premu Jauna. Hartu dudan urhatsari sobera atxikitzen dut. Jasan behar ditudan oinhazeak balire ere miletan borthitzago, guziak jasan nitzazke. Ez nau oinhazeak izitzen, maingu gelditzeak nau izitzen.»
Iñazioren nahirat erori behar ukhan zuten. Lanaren errexkiago egiteko barberrak Iñazioren estekatzen hasi ziren.
«Ni esteka! ni esteka erho bat edo haur bat bezala! Ez dut ez geldirik egoiteko esteka beharrik.»
Hezurraren phikatzen abiatzean kolorez khanbiatzen da barberra.
«Harrazu kuraie, diotso Iñaziok, emazu hor gorphutz hil baten gainean ari bazine bezala.»
Luze iraun zuen lanak eta luze martirioak. Halere oihu bat ez zuen egin Iñaziok; kolorez xoilki ez zen khanbiatu.
Lana akhabatu zenean Garziak erran Iñaziori:
«Zer bihotzaren jabe zarena, anaia maitea. Zure hezurra phikatzen ikhusi duzu bertze batena izan balitz bezala. Nindagon neure buruarekin ez othe nuen zuk baino gehiago sofritzen.»
«Premu Jauna, handitxu hura nahi nuen baitezpada khendu; ez nuen harekin hanbat argituko gorthean.»
Lan horren ondotik barberrek burdinezko tresna bat ezarri zioten zangoaren luzatzeko. Tresna hori luzaz behar zuen geldi geldia atxiki.
Ohe zeruari so, gorthea zabilan gogoan eta gorthean utzi zuen andrea, zoinari agradatzeko hainbertze pairatzen baitzuen. Iduritzen zitzaion gorthean zabilala, hatz-behatzak oso, gorthe guziaz goraiphatua eta maithatua. Hatik denbora bazohan eta ohean eneatzen hasi zen.
Zerbaitetan behar duela denbora iragan, muthil bati manatzen dio gerlaz eta amodioz mintzo den liburu zerbait ekhar dezon.
Muthila heldu zaio bi liburuekin.
«Jauna horra zer hatzeman dudan.»
«Zer? nik jostagailu bat galdatu eta elizako liburu batekin heldu zaizkit? Burutik juan zare?»
«Jauna! bertzerik ez da.»
«Zohazi, bertze zerbait galdezozu premu Jaunari; errozu nik egorri zaitudala.»
«Jauna galdatu diot; bertzerik ez omen du.»
Liburu hek ziren Jesu-Kristoren bizia eta Sainduen lorea.
«Bertzerik ez bada, dio Iñaziok, hauk irakur ditzagun.»
V.
Iñazioren ganbaran sartzen zen guziez, Garziak liburutan khausitzen zuen Iñazio.
«Sainduen bizia agradatzen zaizu beraz, anaia maitea?»
«Bai Jauna. Gerlariek egundaino egin ez dituzten gauzak khausitzen ditut sainduen bizian. Hatsarrean ez nintzan bero bero, bainan orai gogotik irakurtzen dut.
«Hobe anaia maitea; zuretzat ontsa eneagarri zen deus ere egin gabe egoitea.»
«Liburutan hasiz geroz ez naiz hainbertze eneatzen. Behazazu hatik, premu Jauna; nik oinhaze hauk jasaiten ditut gortheko andren begietan deus gal beldurrez, eta sainduek hoinbertze eta gehiago jasan dute Jainkoaren amoreagatik. Beren penitentziez sekulako zoriona irabazi dute. Eta ene irabazia zer izanen da? Adixkide zonbaiten laudorioak, andre zonbaiten behatze eztiak. Eta andre hek atxotu direnean? Eta ni xahartu naizenean zer geldituko zait?»
«Mundua hola dabila bethi, Iñazio maitea. Zure egitekoa da ez saindu bilhakatzea liburu hortako sainduak bezala, bainan bethi ohorezki bizitzea zure odolari eman zaion bezala.»
«Ideia bereko gare, premu Jauna. Ez nago segur mundua uztekotan. Ni saindu bilhaka! Nola nahi duzu nitarik saindu bat athera dadin?»
Sainduen bizia irakurriago eta ederrago zitzohakon. Heien obra handiak bi hiruretan irakurtzen zituen eta izkiribuz ezartzen. Artetan hau erraiten zuen bere buruari:
«Zerentzat ez dut eginen sainduek egin dutena? Sainduen nonbrean asko badire ni bezain familia handikoak; badire ere erregen odolekoak eta erregeak berak. Zerentzat ez dut bilhatuko hek bilhatu dutena? Orai gozatzen dute munduak eman ez dezaken zorion bat, zorion haren galtzeko beldurrik gabe. Zorion hura ardietsi dute munduari ukho eginez, othoitzean eta penitentzian biziz. Nik maite ditudan gauzak hastiatu dituzte, nik hastio ditudanak maithatu. Nork othe du arrazoin? Hogoi eta hamar urthetan naiz, aitoron seme handi, munduan aitzinatzeko behar diren guziak baditut... bainan ene zangoa tresna huntarik athera eta berriz laburtzen bada, horra non beharko dudan adio erran gortheari, adio munduari. Zainetako makhur bat, edo kolpe bat, edo eritasun bat aski balinbadire munduko urhatsaren galarazteko, zer ari naiz munduari jarraikiz.
Gauaz eta egunaz borroka ari zen gogoeta horiekin eta bertze hauekin:
«Agertzen ez banaiz zer erranen dute gorthean? Usteko dute irriegingarri bilhakatu naizela eta ahalgeak nagokala gordea; edo usteko dute Iruñe nik galdu dudala; mendratuko naute, erranen dute ihes nabilala. Aho mihitan horrela ibilia banintz!»
Orduan bere ezpatari behatuko zion eta gaizki erraileari gerruntzetan barna gogotik sarthuko zion.
Denbora jin denbora juan, gogoetak jin gogoetak juan. Egun batez bere buruari galdatzen dio ez othe litekenez ordu harat edo hunat egiteko.
«Ene baitan badire bi borondate; batak ongirat nerama, bertzeak gaizkirat; batak zerurat, bertzeak ifernurat. Gogoan erabiltzen ditudanean bizitze saindu baten ondorioak, bake gozo batek bethetzen nau. Gogoa alhatzen dudanean munduko gauzetan, khexuz ezin nagoke. Zerentzat hoinbertze duda muda? Sainduek egin dutena eginen dut.»
Denbora hartan zangoa hobeki izanez kanporat agertzen hasi zen. Bainan onik ez zuen liburutan eta othoitzean baizik. Gau guziez jeikitzen zen bildutasun gehiagorekin othoitz egiteko.
Gau batez, bihotz guzia Jainkoaren amodioaz hartua, belhauniko erortzen da Andre-dena Maria baten aitzinerat. Andredena Maria othoizten du onets dezan haren Seme dibinoari bere buruaz egiten dion eskaintza; armadetako mintzairean hitzemaiten dio haren banderari jarraikiko dela, haren erran guzier behatuko dela, bizian eta hilean semearen eta amaren gizona izanen dela.
Denbora berean arrabots ikharagarri bat entzuten da jauregian, jauregia zimenduetaraino khordokatua da. Iñazioren ganbarako pareta nahiz arras lodia arrailatzen da. Orduko arraila ageri da oraino. Ez zen lur ikhara. Arrabotsa jauregian entzun zuten bakharrik, deusere ez zuten auzoek nabaditu. Bertzerik ezin eta debruak dudarik gabe nahi izan zuen Iñazio etxearen pean lehertu. Hala uste dute anhitzek.
Aspaldian ohartua zen Garzia Iñazioren khanbiamenduari. «Iñazio maitea, erraiten dio egun batez, ene arrangurak behar darozkizut erran. Zure khanbiamendua hain da handia non ez bainaiz zure gainean beldurrik gabe. Gorthea, armada, ohoreak, atseginak, oro utzi dituzu, eta zer egin gogo duzun ez dautazu salatzen. Beldur naiz zure gogo beroak urrunegi ereman zaitzan.»
«Ez premu Jauna ez, ez nau ene gogoak urrunegi eremanen, ez izan ene gainean holako beldurrik.»
Aphur bat solastatu ziren oraino, bainan Iñaziok bethi hoberenak barnean.
Ondoko gauean, othoitzean zagoelarik, andredena Maria agertu zitzaion argiz inguratua, Jesus haurra besoetan. Ez zitzaion mintzatu, bainan ikhuste miragarri horrek bihotza bethe zion ezin erranezko atsegin batez. Iduritu zitzaion graziak, garbitu ziola, berritu ziola arima eta handik harat ez zuen gogoeta lizun bat ere ukhan.
Iñazio estakuru bilha zabilan Loiola aldebat uzteko; Loiolan egoitza luzatuz beldur zen anaiak sobera erran.
«Premu Jauna, erraiten dio egun batez, orai sendatuxea naiz, eder da denbora, Nabarreterat nahi nuke juan oseba dukiaren ikhusterat.»
«Enganatzen nauzu, Iñazio! Nabarretez bertzerik baduzu zuk gogoan.»
«Ez anaia maitea, egiaz mintzo nitzaizu, Nabarreterat noha.»
«Nabarreterat zohazi, bainan handik noretako bidea hartzen duzu? Badakit nihork ez bezalako ideiak dabilzazula buruan. Zerentzat ez darotazu zure barneko berri erraiten? Maite zaituen anaia bati ez othe dezakezu erran zer eskualde hartzen duzun? Munduari ukho egin nahi duzu, badakit. Bainan zure arimaren arthatzeko zer traba khausitzen duzu Loiolan? Jainkoa ez othe da lekhu guzietan? Sainduen etsenpluek lilluratu zaituzte. Nahi othe zinduke sainduek bezala herrestan bizi?
Ixil ixila zagon Iñazio.
«Nik errana hala ez bada, dio Garziak, zerentzat ez dautazu ihardesten?»
Iñazio bethi ixilik zagon.
«Zure buruaren jabe zare; bainan ene anaia, ene anaia maitea, ez bazare Nabarretetik itzultzen, beldurra dudan bezala, behingotz uzten bagaituzu, hitzemadazu Loiolako izena bethi ohorezki ekharriko duzula eta ez dugula zutaz ahalgetzekorik ukhanen.
«Premu Jauna, hitzemaiten dauzut ohoreari bethi hurbildanik behatuko diotala. Egia erran dauzut, Nabarreterat noha osebaren ikhusterat; eri nintzalarik ikhusten izan zait; zor diot nik ere ikhusterat juan nakion.»
«Aski azkar othe zare mendiz mendi holako bide baten egiteko?»
«Bai premu Jauna bai, ez nau bide horrek izitzen; Nabarreterakoan Oñaten baratuko naiz arrebaren etxean.»
«Hola denaz geroz arrebaren etxeraino lagunduko zaitut, eta handik muthilekin juanen zare osebaren etxerat.»
Biharamunean bi anaiak, muthilak ondotik, Oñaterat jautsi ziren. Adioak oheratekoan egin zituzten, Iñaziok goizik behar zuelakotz jeiki. Gauaz jeiki zen nihor ohartzen ez zelarik eta gaua iragan zuen Andredena Maria Arrankuzakoaren elizan. Argia gabe Oñaten harat zohan bi muthilekin.
Loiolatik atheratzean sos bat ez zuen berekin hartu. Osebaren etxerat zenean, zor batzu bazituela orhoitu zen eta bakhotxari nahi lioke berea itzuli. Osebaren etxean zordun bati khendu zion hartze zahar bat, hartze haren pharte batez estali zituen bere zorrak eta gaineratekoaz erosi Andredena Maria bat. Andredena Maria hau berekin ekharriko du bethi; ez baitu hemendik harat bertze andrerik ukhanen.
__________
BIGARREN PHARTEA
San Iñazio eskale eta peregrin
I.
Ez zuen Nabarreten denbora handirik eman. Han erran zioten muthiler:
«Zohazte orai Loiolarat, eta ene anaia Jaunari errozue ez nuela gehiago zuen beharrik.»
Mont-Serrateko bidea hartu zuen bere xede sainduak behar zituela hango Andredena Mariari gomendatu. Bidean dohalarik, zaldi ederrean, aitoren seme jaunzturan, ezpata sahetsean, puñala gerrian, zaldidun bat hatzemaiten du erraiten diona:
«Agur Jauna agur! atsegin nuke zurekin bide egitia.»
«Nik ere bai zurekin, diotso Iñaziok. Mahometanoa ahal zare? hala dio ezik zure arropak.»
«Bai Jauna hala naiz. Girixtinoek bakean uzten gaituzte orai Aragoneko eta Balentziako lurretan. Urrun ari zare, Jauna?»
«Igualadarat lehenik eta gero Mont-Serraterat.»
«Ah, naski beilarat zohazi Jesusen amaren kaperarat?»
Beilarat noha Birjina guziz sainduaren kaperarat» dio bizi bizia Iñaziok.
Orduan ezta bada ukhan zuten elgarren artean: Mahometanoak Maria ez dela Birjina gelditu haur ukhan ondoan; Iñaziok Maria bethi Birjina egon dela, haur ukhan aitzinean, ukhaitean ete ondoan. Samurtzeraino hizkatzen dire. Mahometanoak azken arrazoina hau emaiten dio:
«Zin egiten dut Jesusen ama ez dela Birjina gelditu!»
Eta bere zaldiari bi sista emanik aitzina hartzen du. Burro hori entzutean zeinatzen da Iñazio, othoitz labur bat egiten du eta gero hunela derasa bere buruarekin:
«Atrebitu gaxtoa! nola laidostatu duen ene Nausi soberanoaren ama! eta ni Andredena Mariaren soldadoa, nik hori jasan behar dudala! nik laido hori mendekatu gabe utziko dudala! Ez ez, Mahometano horri behar nitzaio jarraiki eta, puñala zintzurrean, behar diot aithorrarazi zeru lurren erregina thonarik gabea dela.»
Abian da bere ustez. Betbetan gogoeta hau heldu zaio:
«Zil othe zait Andredena Mariaren ohoretan gizon baten hiltzea? Ez dakit, Jainkoa mintzatuko da. Zaldia utziko dut bere gisa. Nik hartu behar dudan bidea uzten badu eta Barzelonako bide handia eskun hartzen, gizon hori bi erdi eginen dut. Ezker hartzen badu, Jainkoak lagun dezala.»
Eta abiatzen da Mahometanoaren ondotik. Igualadarat deraman bide xendrarat denean, zaldiak uzten du errege-bidea eta bide-xendra hartzen. Iñaziok bere baithan egin zuen Andredena Mariak ezpata ukhaldiz bertzerik galdatzen zuela naski.
Mont-Serraterat ethorri bezain sarri, aphez baten oinetarat erori zen eta bizi guziko kofesioa egin zion. Aphez hura, berthute handikoa, Frantsesa gertatu zen. Zonbait egun iragan zituen Iñaziok penitentziarik garratzenen erdian bere hutsak nigar auhenetan deithoratzen zituela.
Kofesioa akhabatu ondoan grazia ardietsi zuen Mont-Serrateko kaperan gau baten iragaiteko, Jesusen eta Mariaren oinetan. Martxoaren 24a zen.
Arrats irian heldu da kaperako atherat. Han asko pobreren artean bat ikhusten du bertzeak baino errumesago. Hari hurbiltzen da, lekhu gorde baterat eremaiten du eta erraiten dio:
«Adixkidea, gauza bat nahi nuke zure ganik: ene arropak har ditzazun eta zureak eni eman.»
Eskaintza horrek harritzen du pobrea eta naski gaizki entzun duela, edo Iñazio burutik juan zonbait dela, ez dio ihardesten.
«Ez naiz batere burlaz mintzo, dio Iñaziok, botu bat egina naiz.
«Hola balinbada, dio pobreak, trukada eginen dugu.»
Eta Iñaziok khentzen ditu bere soineko ederrak eta jaunzten pobrearen phildak; eta pobreari eskua emaiten diola:
«Adixkidea, erraiten dio, zuk egin grazia ez zait sekulan ahantziko.»
Lehenagoko denboretan, aitoron seme batek nahi zuenean armadan sarthu, gau bat behar zuen iragan; xutik, gerlari arropan, harmak eskuan, eta behar zuen zin egin jende flakoaren alde jarriko zela, bethi, non nahi, eta noren nahiren kontra.
Orhoitzapen hori gogoraturik, Iñaziok Jainkoarentzat nahi du egin gerlariek munduarentzat egiten dutena.
«Zer naiz ni, dio bere buruari, Jainkoaren eta Birjina Sainduaren soldado bat baizik? Beraz heien armadan sarthu baino lehen behar ditut gerlari izpiritual baten eginbideak gogoan arthoski erabili. Gaua behar dut harmetan iragan.»
Kaperan sartzen da ezpata eta puñala gerrian. Othoitzean iragaiten du gaua bere bekhatuak auhendatuz, bere bekhatuen gainean minki nigar eginez, Jesusi eta Mariari hitzemanez heien zerbitzuan biziko dela, heien zerbitzuan hilen dela. Argi alderat khentzen ditu ezpata eta puñala, present uzten diotza Birjina Mariari eta lehen mezan komuniatzen du saindu baten kharsutasunarekin.
Martxoaren hogoi eta bortza zen; beren eguna zuten beilariek. Beilariek ezagut beldurrez, Iñazio goizik athera zen Mont-Serratetik. Bere zaldi ederra komentuko Jaun aphezer utzirik, oinez abiatu zen, makhila handi bat eskuan, xakutto bat haren puntan, buru has, gorphutza oihal lodiz estalia, gerria kalamuzko zinta batez inguratua, oin bat hutsik, bertzea eri zuelakotz espartin xar batekin.
Iñaziok Jerusaleme zuen gogoan eta bethi Jerusaleme. Bazakien milaka girixtinok odola ixuri zutela Turkoer Jerusaleme khendu beharrez. Eta hura, Jesusen eta Mariaren soldadoa, nola zagoken agertze bat bederen Jerusalemerat egin gabe? Bainan Barzelonako portua izurriteak hetsia zagokan; untzirik ez ziteken sar ez athera. Izurritea jabaldu artean, Manrezan egon zadin kontseilatu zion Franses kofesorrak. Denbora hartan herri ttipi bat zen Manreza, Mont-Serratetik urruntxago. Dominikanoek bazituzten han komentu bat eta ospitale bat. Hura zen Iñaziok behar bezalako tokia. Han eraman zezaken bizitze gorde eta saindu bat, Jainkoa baizik lekhukorik gabe.
II.
Manreza bidean gibeletik hatzeman zuten Mont-Serrateko beilari batzuek, bi gizon gaztek eta lau andrek. Andre hetarik bat doña Iñes Paskale zen, Barzelonatik Manrezarat izurritearen ihes ethorria, eta Manrezatik Mont-Serraterat ardura zohana. Oharturik Iñazio, urrikalmendurekin behatzen diola andre horrek:
«Andrea, erraiten dio, hurbil naiz zonbait ospitaletarik?»
«Peregrin Jauna, ospitalerik hurbilena Manrezakoa da, gu gauden herrikoa. Nahi bazare gurekin ethorri idekiko darotzugu ospitaleko athea eta gure artha onak gogotik emanen darozkitzugu. Zuk nahi duzun urhatsean juanen gare.»
Solas hori on hartua dela ikhusirik, andreak berriz erraiten dio:
«Peregrin Jauna, gu aise gabiltza oinez, zu nekhatua zare, nekez dabilazu eskuineko zango hori; igain zite othoi mando huntarat.»
«Esker mila andrea, bideak ez nau oraino arras aurthiki.»
Iñazioren urhatsean dohazilarik betbetan agertzen da zaldizko bat; Iñaziori heldu zaio eta erraiten dio:
«Jauna egia da soineko aberats batzu eman dituzula Mont-Serrateko pobre bati?»
«Bai Jauna eman diotzat, egia da.»
«Jauna huna zer den. Auzo-aphezak pobre haren errana ez nahiz sinhetsi, preso ezarri du ni itzul artean.
«Ah, dio gure sainduak,, zer nahigabea eman diotana pobre gaixo hari!
«Jauna, ez hartaz arrangurarik ukhan, zonbait orenen buruan libro izanen da.»
Eta jin bideaz juan zen.
Egitate horren berri entzutean, doña Iñesek eta haren lagunek elgarrekin ihardoki zuten peregrin hura, itxura txar baten pean, Jaun handi bat eta saindu handi bat zitekela.
Doña Iñesek ospitaleraino lagundu zuen eta ospitaleko buruzagiari ontsa gomendaturik utzi zuen. Ospitalean sartzean xedetan zen Iñazio naturalezari gerla egiteko Espainiako etsaier egin zuen bezala. Joztetazko bizi baten orhoitzapena penitentziarik garratzenetan nahi zuen itho.
Orai artean distiatzen zuen haren buruak, orai ez da orraztatzen ere. Orai artean hein ederrean zagokan bizarra, orai nola nahi uzten du. Orai artean xuri ziren haren eskuak, garbi haren azkazailak, orai ez diote behatze bat ere emaiten. Orai artean gortheko mintzairea zuen, orai jende xehearen mintzairea. Orai artean asko muthil bazituen, bera jartzen da orai erien muthil. Erien zauriak garbitzen eta lotzen ditu, eta naturalezak arrangurarik egiten badio, belhauniko jartzen da erien oinetan eta heien zaurier musu emaiten diote. Ez da hortan baratzen; orai artean athorra mehea ekharri du, orai zilizio garratz bat. Belhar luze eta latz batzuez egiten du gerriko bat, larru arrasean ezartzen duena. Azotea hartzen du egunean hiruretan. Ogirik beltzena janharitzat; ogi hura athez athe eskatzen du bere urguluaren zaphatzeko. Meza egun oroz entzuten du Dominikanoen elizan. Zazpi oren iragaiten ditu othoitzean, bethi belhauniko. Lurrean etzaten da, burua harri bati edo taula bati kontra. Lo xorta bat egin orduko jeikitzen da eta othoitzean hasten. Igandetan Dominikano aphez bati kofesatzen da eta komuniatzen du. Igandetan ogiaz bertzalde berdagailu zerbait jaten du, bainan hautsa emanik, gormandiza egin beldurrez.
Horrela bizi zen gure saindua Santa Luziako ospitalean, Manrezako hiri ttipian. Nihork ez zezan ezagut, eskale errumesenaren itxura hartu zuen, halako gisan non guziek trufan baitzabilaten. Kanporat atheratzen zenean haurrak ondotik zitzohazkon, zer nahi izen-goithi emanez. Eske zabilanean, athe guzietan irri egin behar zioten bere bilo nahasiaz, bere bizar luzeaz, bere soineko bitxiaz. Irri horiek ez zitzaizkon eder, bainan bere buruarekin hau zerasan:
«Jende hauk trufatzen naute, bainan enetzat ez dute herrarik, ez naute gaizki bilhatzen. Guazen beraz aitzina. Ez gaude jasanik zeru lurren erregeak guretzat jasan duen bezenbat.»
Denboratik denborara Mont-Serraterat bazohan; lakhet zuen hango Andredena Mariarekin eta aphez Frantsesarekin, zoinak baitzion zerbait handi atherako zela Iñazio. Juaiten ere zen Billadordizeko beilarat, ospitaleko eriek artea uzten ziotenean.
Hatik Mont-Serraten eta Manrezan noizbait jakindu zuten pobre gisa zabilan peregrina Jaun handi bat zela, Mont-Serraten pobreak salhaturik eta Manrezan doña Iñesek eta haren lagunek, nahiz batzuek eta bertzek segeretua agindu zioten Iñaziori. Hori jakinez geroz ez zuten Iñaziorentzat egitate onik baizik. Kontseilu galdez ere heldu zitzaizkon. Haren hitzaz argituak, haren berthutez hunkituak, asko bekhatoros beren baitan sarthu ziren eta bizitze berri bati lothu.
Debrua ez dago sekulan lo. Jainkoaren bidetik zeiharrazi nahiz gogoeta hau eginarazten dio Iñaziori:
«Bihotzen hunkitzeko holako indarra balinbadu ene hitzak, zer ongia egin nuken gorthean!. Gorthean ene hitza prezatua ziteken..... Zokho huntan zer ari naiz! Oro philda eta traste, nor behatuko da ene hitzari? Eta gero, Loiolako izena, ene arbasoer hanbat gostaia, nik zer dretxoz dabilat oinen pean?»
Gogoeta horrek deboilaturik ezartzen du. Lazten dute ile nahasi hark, bizar luze hark, azkazail beltz heiek, soineko itsusi hark. Ogi beltzak izitzen dio barnea; eri baten ikhusteak okhaztatzen du.
Iñaziok ezagutzen du debruzko gogoeta bat dela. Laster egiten du erietarat; besarkatzen ditu, amulsuki arthatzen ditu, eta debrua urrundu artean, ez da bere erietarik urruntzen.
Manrezako jendea ez da orai Iñazioz nola nahi mintzo. Urgulutan berriz sar beldurrez, toki gordeago bat Dahi luke orai Iñaziok.
III.
Uztailaren akhabantzan, erretzeko bero batez athera zen Iñazio ospitaletik. Belhauniko jarri zen harrizko khurutze baten oinetan, herriko jendek zeruko harana deitzen duten toki batean, Kardoneroko eta Lobregateko urek elgar joiten duten tokitik hurbil. Belhauniko dagolarik, ohartzen da mendi harritsu bati. Xutitzen da, abiatzen da mendiari gora, eta harrokaz harroka, lapharrez laphar, izerdiz suntsitua, eskuak eta oinak larrutuak, igaiten da norapait eta han khausitzen du harpe batean bere goarako atherbea. Atherbe hau hogoi eta hamar urhats luze da, hamar urhats largo eta bertze hainbertze gora; zola eta bazterrak harri zorrotzez ditu; argi zirrinta bat heldu zaio Mont-Serrateko aldetik; gaineratekoan ilhunbe osoa. Hura hartu zuen Iñaziok bere egoitzatzat. Han bakhar bakharra, gau osoak iragaiten zituen othoitzean, egun osoak jan ez edan gabe, gorphutza odoleraino azotatuz, bulharrak harri batez joz. Hoinbertze garraztasunek ethendu ziotzaten indarrak. Egun batez, Billadordizeko beilatik itzultzean, aldi xartua erori zen harpearen ondoan. Han hatzeman zutenek Santa-Luziako ospitalerat ereman zuten. Aldi-xardura juaitearekin, sukharra lothu zitzaion.
Eritasun hartan botz bat iduritu zitzaion zioena:
«Berrogoi eta hamar urtheren bizia baduk oraino, eta hoinbertze garraztasun nola jasan ditzazkek hoinbertze urthez?»
Debrua zabilala ezaguturik, Iñaziok ihardetsi zion:
«Hik zer dakik noiz artio biziko naizen? eta behar banu ere berrogoi eta hamar urthez hola bizi, zer liteke Eternitatearen aldean?»
Bertze behin debruak, urgulutan sarrarazi nahiz, gogorat ekharri ziotzan Manrezan pratikatu zituen berthuteak, bere bekhatuen borratzeko Manrezan egin zituen barurak, othoitzak, beilak, nigarrak.
«Dohakabea ni! erran zuen Iñaziok. Bekhatuzko bizitze baten aldean, zer da zonbait ilhabeteren penitentzia?»
Eta urrikalmenduzko Jainkoa othoizten zuen eman zezon, ez berthuten saria, bainan bekhatuen barkhamendua; eta erizainari erranarazten zion:
«Iñazio, orhoit hadi hire bekhatuez. Jakizak hi bezalakoak Ifernurat dohatzila eta ez zerurat.»
Sukharrak noizbait utzi zuen, bainan debruak ez oraino; nahi luke Iñazio etsimenduan erorrarazi. Iñaziok, urgulutan sar beldurrez, bethi gogoan zabiltzan bere bekhatuak. Azkenean orhoitzapen horrek mila dudaz, mila arrangura gaxtoz, bethetzen dio arima. Arrangura du kofesio jeneralaz; ontsa ala gaizki egin othe duen; naski gaizki egin duela; gauza batzu ez dituela aski xeheki erran, bertze batzu mendratu, bertze batzu ahantzi. Bekhatuaren itzala ez duten gauzak bekhatu mortal dagozka. Denbora iraganaz bezala, oraikoaz ere arranguretan da; gogoetak, hitzak, obrak, oro bekhatu zaizko. Obrarik hoberenari zerbaitetan hatzemanen dio makhurra, xedean bederen.
Bera itsu eta nihondik ez argirik heldu. Haren othoitzer, haren auhener hetsia iduri du zeruak. Igande guziez mahain saindurat hurbiltzen da komuniatzeko xedearekin, bainan beldurrak gibelarazten du. Amodiozko Jainkoan ez dakusa juje garratz bat baizik. Arima bethi ilhun, bethi agor, azkenean Jainkoaren miserikordiaz etsitzen du eta bere burua hil behar duela abiatzen da. Badoha ganbarako leihorat, lurra aski behera den behatzen du diolarik:
«Nor bizi diteke hola?»
Betbetan phentsamendu hau heldu zaio:
«Zer ari naiz? berriz ere Jainkoaren damustatzen? Eta nik Jainkoa maite!! maite ene bihotz guziaz!!»
Nigarretan erortzen da belhauniko.
«Ene Jainkoa! ene juje soberanoa! badakizu ene atsekaben berri, othoi hel zakizkit!»
Orduan orhoitzen da saindu bat nola egon zen jan ez edan gabe Jainkoaren ganik grazia bat ardietsi artio.
«Hala egonen naiz ni ere, dio Iñaziok, eta Jainkoa behar bada urrikalduko zait.»
Eta zortzi egun oso iragaiten ditu ez jan ez edan gabe. Hori jakitearekin kofesorrak berheala manatzen dio barur egitea utz dezan. Kofesorrak errana egiten du, eta sumetitu sari, Jainkoak itzultzen dio barneko bakea, eta atsegin gozoenez bethetzen dio bihotza.
Bainan bi egunen buruan berriz ere itzaltzen bezala zaio Jainkoa eta atsekabe berek hersten diote arima. Orduan kofesorrak manatzen dio ez dezan gehiago aipha bekhatu iraganez, ez dadin hetaz orhoit ere, eta Iñaziok obedientzian khausitzen du bake bat, gehiago galduko ez duena.
Bertzen argitzeko horrela behar zituen bizitze izpiritualaren goiti-beheitiak ikhasi: orai atseginean, sarri atsekabean; orai argian, sarri ilhunbean; orai zeru goihenean, sarri ifernu zolan; orai guziak lore, sarri guziak arrantze.
Hola biziz ez zuen Iñaziok denbora handiren bizirik. Haren adixkidek elgar aditu zuten, eta Iñazioren ganik ardietsi, zonbait egun iragan zitzan hetarik baten etxean, indar berrien hartzeko.
IV.
Adixkide horren etxean sobera ontsa izanez, itzuli zen Santa-Luziako ospitalerat. Bere amodioaran seinhaleak orduan eman ziotzan Jainkoak. Egun batez, Dominikanoen eliza-athean Andredena Mariaren othoitz batzuetan ari delarik, haren izpiritua betbetan zeruraino altxatua da eta emana zaio Trinitate Sainduaren ikhustea. Itzali denean ikhusgarri miragarria, elizan sartzen da Iñazio, eta bere ezagutzan, bere bihotz guzia ixurtzen du Salbatzailearen bihotzerat. Elizatik elkhi eta, mundu guziari Trinitate Sainduaz mintzo da, mundu guzia xoratzen du. Karrikan, alhorretan, etxetan Trinitate Saindua du bethi mihian, eta haren bihotzeko garrak argitzen eta berotzen ditu aditzailen bihotzak; eta Iñazio ixildu edo urrundu denean, aditzailek erraiten dute:
«Elizako aitarik ez da egundaino Trinitate Sainduaz hoin garbiki, hoin garsuki mintzatu.»
Bertze egun batez Jesu-Kristo agertzen zaio aldareko Sakramendu Sainduan.
Bertze behin, Kardoneroko erreka ondoan, lurreko gauzen seindimendua galtzen du, fedezko egien ezagutza garbi eta oso bat emaiten dio Jainkoak, eta erakusten dio egia heiek elgarrekin duten ahaidegoa eta batasuna.
Denboraren buruan erraiten ohi zuen:
«Elizako liburu guziak gal balite ere, enetzat ez liteke deus galdurik.»
Erraiten ere zuen:
«Fedezko egiak hain sinhets errex zaizkit non, Ebanjelioan ez khausiturik ere, heientzat ixur bainezake odola.»
Santa-Luziako ospitalean haren ganbarak toki berezi bat bazuen kapera barneari datxikola.
Ebiakoitz batez harat igorri zion Jainkoak garaitikako amets bat zortzi egun iraun zioena. Zortzi egun hetan ez zuen deusik hartu, ez zen bere lekhutik higitu; hila zela uste zuten. Folsutik ezagutu zuten bizi zela oraino. Naski aldixartua zagola asko bihotz phitzgailu ekharri ziotzaten; halere hila bezala zagon. Sinhetsirik orduan Jainkoak zagokala bereturik, bakean utzi zuten, zer gertha ere hatik begia haren gainean atxikiz. Atzarri zenean, ez zuen nihork erranen lo gozo bat egin zuela baizik, eta begiak zabaltzen zituela, erran zuen:
«O Jesus! o Jesus!»
Zortzi egun hetan zer iragan othe zen Iñazio Loiolakoaren eta amodiozko Jainkoaren artean? Nihork ez du egundaino jakin, nahiz hatik uste izaiteko den Etserzizio Izpiritualak eta Jesusen konpainia amets hartarik athera direla. Berari galdatzen ziotenean, bakharrik hau ihardesten zuen:
«Nik erran dezakedan guzia da Jainkoa osoki ona dela ene alderat.»
Zeruaz argitua izan arren, ez zen gutiago behatzen Jaun Aphez Frantsesaren erraner, berthutean aitzinatuago eta bere buruaren beldurrago zelakotz. Jaun Aphez Frantsesak ardura erraiten zuen:
«Zeruko gauzetan jakintsun handi bat da Iñazio. Egun batez Elizaren jaioa izanen da. Jondoni Paulo berria, mundua inharrosiko du, eta hari esker, pagano urrunenekoek entzunen dute Jainkoaren hitza.»
Saindutzat zagokaten nexkatxa batek zion:
«Elizako saindu handienetarik bat izanen da Iñazio eta hortarakotz ez zuen haren izena errespeturekin baizik aiphatzen.
Orok zioten Jainkoaren gizona zela, arimen salbamendutan Jainkoaren izpirituaz bethea.
Arimen salbamendua bihotzean zuen berak ere:
«Ez da aski, zuen erraiten, zeru lurren Jauna maitha dezadan, ez da aski salba nadin, bertzer ere behar dut Jainkoa maitharazi, bertzeak ere behar ditut salbatzen lagundu.»
Eta gar saindu batekin hasten da mintzatzen eta haren hitza bihotzetan sartzen da. Auzo herriak berak heldu dire haren entzuterat, eta errexkiago entzun dezaten, harri baten gainetik mintzatzen zaiote. Kalamuzko gerrikoa utzirik, burdinezko bat dabila orai luze eta dorphe. Egun guziez egiten du barur, egun guziez azotea hartzen odoleraino. Behatzea bethi ezti, begithartea desegina, begiak sarthuak, Saindu baten itxura dakharre.
Zonbait ilhabete lehenago, Manrezako hiria ez zen nihonden hoberena; eginbide guzietan lazo, sakramenduetarat lehiarik baterez, fedea doidoia bizi. Iñaziori esker, bertze itxurarik du orai Manrezak. Jainkoak berak erakatsi molde batez, gaxtoak ontzen ditu, onak ongian finkatzen eta zerukotzat gauzarik handienen egiterat ekhartzen. Molde hura izkiribuz ezartzen du eta ezagutua da Etserzizio Izpiritualen izenean. Hoinbertze garraztasunez ahuldua, ez zuen gehiago ez lorik, ez janik. Eritu zen azkenean, eri xarthu. Nigarrik baizik ez zen Manrezan, hain zuten orok maite! hain zuten bihotzean aberatsek eta pobrek! Hiriko jaunek aldizka zaindu eta arthatu zuten, don Andres Amiganten etxean. Sendatu zenean, bizitze eztiago bat manatu zion Kofesorrak. Montserrateko phildak utzi behar ukhan zituen, sotana xuhail baten hartzeko. Hartu ere zituen kapa bat eta ponet bat zeru kolore.
Entzunik izurritea baratuxe dela Barzelonan, Barzelonerateko abiadura hartzen du, handik urez Lur Saindurat juaiteko. Salbatzaileak bere sortzeaz, bere predikuez, bere mirakuluez, bere odolaz, santifikatu duen lurra nahi du baitezpada ikhusi. Lur Sainduan nahi du Salbatzailearen urhatser jarraiki; khurutzea Salbatzailearen ondotik kharreatu; Turkoer Salbatzailearen hitza predikatu; ahalgea, trufak, atsekabeak, oinhazeak, Salbatzailearekin jasan; Salbatzailearen biziari eratxiki bere bizia, Salbatzailearen heriotzeari bere heriotzea.
Berri hori arras barna hartu zuten haren adixkidek. Xede horren haren burutik khentzeko alfer izan ziren othoitzak eta nigarrak. Bideko lagun bat bederen nahi zioten harrarazi, ziotelarik:
«Ez dakizu ez latin, ez italiano; harrazu beraz lenguaia horiek dazkien norbait, bertzenaz galduko zare.
«Lagunetako eskainirik ere Kordueko dukiaren semea, ez nezake har. Lagun bat hartuz ene behar ordu guzietan hari nindagoke, gose naizenean jateko, hotz naizenean berotzeko, erortzen naizenean xutitzeko. Jainkoaren gainean finkatu behar eta lagunaren gainean finka ninteke, Jainkoa maithatu behar eta laguna maitha nezake. Ez, ez; ez dut nihor nahi, edo hobeki erraiteko hartzen ditut hirur lagun: Fedea, Esperantza eta Karitatea. Fedeak erakutsiko daut bidea, Esperantzak emanen hazkurria, Karitateak indarra.»
Guziek bazakiten dirurik ez zuela; guziek eskaini zioten dirua, sos zonbait bederen har zitzan bideko gastuentzat. Arditik ez zuen hartu, Jainkoa aski aberats zela haren bideko gastuen egiteko.
Manrezatarren nigarrek hautsi zioten bihotza. Orori bere orhoitzapena eta bere othoitzak agindu ziotzaten eta oinez abiatu zen, liburuak besapean, makhila eskuan, sakelak arhin, bere burua gomendatuz ihiziak hazten eta liliak aphaintzen dituen Jainkoari.
V.
1523ko Garizuman fama handiko predikari batek jendetze handia biltzen zuen Barzelonako eliza nausirat. Doña Isabel Rosello haren aditzaile jarraikienetarik bat zen. Doña Isabel, andre aberatsa eta berthutezkoa, ez zen aspaldian bizi Jainkoarentzat eta bere senharrarentzat baizik, zoina, bistaz gabetua, bethi bere andrearen beharretan baitzen.
Egun batez, prediku denboran, doña Isabelen begiak aldarerat itzultzen dire; aldareko mailak bethi bezala haurrez betheak eta haurren artean gizon bat. Gizon hori arrotza da, arruntak ditu soinekoak, aingeru batena du itxura. Gorphutza eroria, begithartea sarthua, koloreak hits; edo bideak aurthikia da, edo penitentzia handi zonbait egina. Gizon gaixo hori, peregrin arropan, nondik heldu othe da? Non othe dabila? Norat othe doha? Ba othe du hirian ezagunik?
Gogoeta horietan dagoelarik, argi xuri-min batek inguratzen du arrotzaren burua, eta doña Isabeli botz batek erraiten dio ez dadin elizatik elkhi peregrin hari mintzatu gabe. Bainan botz horri ez aski fida izanez, etxerat itzultzen da arrotzari hitzik erran gabe, eta senharrari salhatzen dio elizan zer ikhusi duen eta bere ustez zer entzun duen:
«Saindu bat da, eta zuri ontsa bazaizu muthil bat igorriko diot ethor dadin gurekin bazkariterat.»
«Arras ontsa zait eni, dio senharrak. Atseginik handiena nuke haren ahotik zerbaiten entzutea. Igorrozu, igor muthil bat.»
Ordukotz jende gehienek eliza hustua zuten; peregrina han zagon oraino othoitzean. Nausiek galdatzen zutena laster ezagutu zuen muthilak, eta beharrirat juanik othoiztu zuen jarraik zakion. Elizatik atheratzean, erran zion:
«Peregrin Jauna, ene nausiek mezutzen darotzute, egun heiekin bazkaritea ez dutela gaizki hartuko Jainkoak eta Biryina Mariak.»
«Ongi ethorri zarela, ihardesten dio arrotzak; zure nausien zerbitzari naiz, jarraikitzen nitzaizu.»
Senhar emazteak xoratuak atxiki zituen Jainkoaz eta Jainkozko gauzez. Haren mintzaire garbiak, haren solhas ederrek, haren atheraldi zuzenek, goraki zioten ez zela peregrin hura hala hulako jendetarik. Ezin ausartatuz nongo seme den galdatzerat, doña Isabelek galdatzen dio norat dohan:
«Lehenik Errumarat, Andrea.»
«Eta noiz zohazi, Jauna?»
«Italietarat abian den untzian.»
«Ah! xuhurra balinbaduzu zangorik ez hartan sar! Hartan sarthuz zureak egin luke. Zohazi gure Jaun Aphezpikua dohan untzian; Jaun Aphezpikua ene oseba da eta zurekin juaitea atsegin izanen du.»
«Nahiz untzi-kapitainarekin hitzartua naizen, dio Iñazio Loiolakoak (ezik hura zen) igurikatuko dut zonbait egun eta zure oseba Jaunaren untzia hartuko dut.»
«Esperantza dut, dio etxeko Jaunak, egun horiek gurekin iraganen ditutzula?»
«Jauna, ihardesten dio Iñaziok, ezin nagoke zuen etxean; bertze egoitzarik ez dut ospitalea baizik; ospitalean baduket zer egin, eriekin.»
«Bederen, dio doña Isabelek, utziko gaituzu zure bideko gastuen egiterat?»
«Esker mila, esker mila! Jainkoak saristatuko ditu zuen eskaintza onak. Nahi dut kapitainak urririk har nezan, Jainkoaren amoreagatik.»
Deusere ezin harrarazi zioten. Doña Isabelen ahoz Jainkoa bera mintzatu balitzaio bezala, Iñazio lasterrez juan zen untzirat bere hatuen bilha. Untzi hura, portutik athera bezain sarri, tenpestak hatzeman zuen, eta bere jende eta ontasun guziekin itsasoan ehortzi.
Jaun Aphezpikuaren untziko kapitainak urririk hartu zuen peregrin saindua, ez zuelakoan hatik untzian eskerik eginen. Bada xede zina hartua zen Iñazio bere biziaren esketik atheratzeko. Xede horren ez haustea gatik esketik bildu zituen untzian behar zituenak. Karrikaz karrika ibili zen, xakutto bat bizkarrean, ukhanak hartuz, hemen ogi puxka bat, han ardit bat, eta emaile guzier ezagutza handi bat erakatsiz.
Horrela zabilalarik, etxe baten aitzinean khausitu zuen aire handitako andre bat. Bertze guzier bezala amoina eskatu zion hari ere:
«Zu eske! erraiten dio andreak; horrela ibiltzeko ez zare ahalge? Uste duzu ez den ageri ez zarela eske ibiltzeko sorthua? Badakit bai zer zaren zu. Haur prodigoak bezala iretsi duzu zure ontasuna eta hartako zabiltza orai athez athe, zure jendekiaren izena oinen pean dabilazula.»
Mintzatzerat uzten du Iñaziok, hitzik ihardetsi gabe. Burua eta begiak aphal, iduri du hobendun bat bere jujearen aitzinean.
Dona Zepilla, ezik hala deitzen omen da gure andrea, berriz ere hasten zaio:
«Dohakabea! Norat zohazi?»
«Lehenik Errumarat, andrea.»
«Errumarat juanez ez zare onthuko. Non zaude?»
«Ospitalean, andrea.»
«Nola deitzen zare?»
«Andrea, ez dut ihardesten galdeitza horri.»
«Banuen bai beldurra: gizon txar bat zare; ez duzu deus merezi, ez dautzut deus emanen.»
«Aithor dut, Andrea, ez dudala deus merezi, bekhatoros handi bat naizela; esker mila erran daroztatzun egia guziez.»
Eta andreari agur handi bat eginik, juan zen bere bidean.
Doña Zepillak seme bat bazuen bere izaite guzia errekari behera igorririk munduz mundu zabilana. Iñazio ikhustearekin semea jin zitzaion bururat, eta ustez hura iduri zonbait zen, lothu zitzaion lapharra bezala. Eskalearen hitz ezti eta sainduek argitu zuten, eta gehiagoko arrazoinik gabe haren gaizkitzeaz urriki handia ukhan zuen. Arrats hartan berean ospitalerat igorri zion limosna handi bat, othoizten zuelarik barkha zitzon hainbertze ahapaldi gaxto, eta Jainkoari gomenda zitzan hura eta haren semea.
VI.
Iñazio sartzen da untzian, untziko behar dituen guziekin: xakuttoan aski ogi, xahakoan aski ur. Sos batzu ere baditu. Sos hek berekin ekharriz pobrezia kolpa lezake; mariñeler emanez, meriñelek sobera ontsa ekhar lezakete; geroko atxikiz Probidentziari gaitzi lakioke; uzten ditu beraz itsas hegian, nahi duenak har ditzan. Haize-alde untzia bortz egunez sarthu zen Gaetan; eta gure peregrina, denborarik galdu gabe, oinez abiatu zen Errumarat.
Arrats irian, jende multzo bat khausitzen du ostatu bateko suphasterrean. Jainkoaren izenean galdatzen diote jan puxka bat eta gau hartako atherbea. Jaterat ukhaiten du eta barrukirat igortzen dute etzaterat. Aitoron semea barrukian sartzen da, hoin aphal jausteaz Jainkoa benedikatzen duela. Gau erditan heiagora batzu entzuten ditu barruki gainetik.
Sokhorrirat juaitean, emazteki bat khausitzen du deboilatua giza tzar bat ondotik. Emaztekiaren eta gizonaren artean sartzen da, gizonari mintzatzen zaio Jainkoaz eta Jainkoaren gaztiguez; haren botza entzuna da eta emaztekia libro utzia.
Iguzkia jeiki gabe, bidean zen gure saindua. Hiri ttipi batetarat arratsa gabe ezin heldu izanez, kapera batean iragan zuen gaua. Goizean goiz, han zen, hiriko athean; bainan sartzerat utzi baino lehen, galdatu zioten osagarriaren baimena. Italia gainean izurritea ari zelakotz, nihor ez zuten sartzerat uzten, osagarriaren baimenik edo lekhukotasunik gabe. Baimenik ez ukhana gatik, ukhan balu bederen gizon sendo baten itxura, baditeke athea idekiko zioten. Bainan hura zenarekin, begithartea desegina, burua dilindan, hexur eta larru, kasatu zuten khotsudun bat bezala.
Herrixka baterat jo zuen handik, barneko min batek setiatua, zango eskuina herrestan. Han baratu ondoan hatsaren hartzeko denbora, berriz bideari lothu zen eta Erruman sarthu, Erramu egunean 1523an. Erruman iragan zuen Aste Saindua eta Aita Sainduaren ganik ardietsi Jerusalemerat juaiteko baimena.
Jerusalemerat juaitetik ezin gibelarazi zuten Español batzuek, bainan nahi eta ez harrarazi ziotzaten zazpi urhe. Errumatik atheratzean zazpi urheak eman zituen pobrer eta hutsik abiatu zen Benizerat. Khotsudun baten itxura zuelakotz, nihor ez zitzaion urrikaltzen, nihork ez zion atherberik eman nahi. Hortarakotz gau osoak kanpoan iragaiten zituen, zerua atherbe. Gau batez, galdua zabilarik, ez jakin norat itzul, belhauniko erori zen, Salbatzaileari sokhorri galdez. Salbatzailea agertu zitzaion, bihotza atseginez bethe zion eta hitzeman trabarik gabe sartuko zela Benizen.
Benizerat orduko ilhuna zuen. Ospitaleak hetsiak izanez, jauregi batetako lorioan etzan zen, harriaren gainean. Marko Antonio zen jauregi hartako jauna. Jaun hori, doidoia lokhartua, hitz hauk atzarri zuten:
«Ene zerbitzaria hire lorioko harrian eta hi ohe gurian!»
Jeiki zen berheala, ideki zuen athea eta peregrina zangopetan hatzemanik barnerat sarthu zuen eta ontsa arthatu.
Gure saindua sobera ontsa ekhartzen zuen Marko Antoniok. Marko Antonio utzirik Heskualdun marxant baten etxerat juan zen. Hunek ezaguturik nor zen, diru eskaintzak egin ziotzan; bainan alferretan. Bertzerik ez zuen galdatzen Iñaziok Jerusalemerat urririk juaitea baizik:
«Khondu emazu, erraiten zioten; Turkoek Rodese hartuz geroz, itsaso guzia beretu dute; egun oroz untzi ihizin dabiltza, eta harrapatu girixtinoak, edo hiltzen dituzte, edo gathibo eremaiten.»
«Ez naiz nihoren beldur, zion Iñaziok. Jainkoa alde badut, oro alde ditut. Itsasoz bertz’alderat juaiteko, ez dut azkenean untzi beharrik, taula batek eramanen nau.»
Marko Antoniok eta Heskualdun tratulariak kapitain baten ganik ardietsi zuten Iñazio urririk har zezan bere untzian.
Untzian sarthu zen Uztailaren 14an. Asko elhe lizun bazerasaten untzi hartan. Iñaziok ixilarazi nahi ukhan zituen larderiarekin mintzatuz. Larderia saindu hori ezin barkha zezoten, eta harroka baten gainerat aurthiki behar zutela abiatu ziren. Betbetan itsas kolpe batek haizatu zuen untzia harroka bidetik eta Zipreko islarat ereman.
«Jainkoa alde badut, erran zuen Iñaziok, oro alde ditut.»
VII.
Ziprerat jautsi eta berheala, hartu zuen bertze untzi batek, eta Jafarat ereman Agorrilaren azkeneko. Buruilaren lauan Jerusalem zen.
Salbatzaileak zaphatu lurra zaphatzean, gure Erospeneko lekhuak ikhustean, ezagutzaz eta bozkarioz gaindi egin zion bihotzak. Manrezan adiarazi zion Jainkoak arimen salbatzerat deithzen zuela eta hortarako lagunak emanen ziotzala. Bainan noiz behar zuen hasi, non behar zuen hasi, norekin behar zuen hasi, ez zakien oraino. Lur Saindua bethi eta bethi gogorat heldu zitzaiolakotz, Lur Saindua harentzat lokharri maite bat zelakotz, iduritu zitzaion bere egoitza han behar zuela finkatu, han behar zuela paganoer zeruko erresuma predikatu.
Badoha beraz Aita Franzizkano baten ganat, emaiten dio gomendiozko letra bat Erupatik berekin ekharria, eta erraiten dio:
«Ene gutiziarik handiena liteke Jerusalemen egoitia. Othoi ardiets diezadazu grazia hori.»
«Anaia maitea, ihardesten dio Franzizkanoak, ni deusere ez naiz hemen; Aita Buruzagiari behar diozu galde hori egin. Orai Bethlemen da, itzultzekoa da laster. Ni zure alde jartzearekin, uste dut zerbait eginen dugun.»
Aita Buruzagia ethorri denean, badohako Iñazio bere galdearen egiterat.
«Zure gutizia, ihardesten dio Aita Buruzagiak, laudagarria da, bainan ezin onhets dezaket. Pobrea da gure komentua, eta hemengo jendea xuhurra. Hainbertze Anaia Franzizkano hortarakotz igortzen ditut gibelerat, hemen ezin haziz; bihar dohatzi peregrinen untzian.
«Ene Aita, erraiten dio Inaziok, zure komentuari ez naiz ardit bat gostako eta ez darotzut laguntza izpiritualik baizik galdeginen.»
«Anaia maitea, komentuaz baino arrangura gehiago nukhe zutaz. Zonbat peregrin ez da Turkoen eskuetarat erortzen? Batzu hiltzen dituzte, eta gathibo deramatzatenak guk behar ditugu erosi. Bertze egitekorik ez duzu beraz Eruparat itzultzia baizik.»
«Ene Aita, ez heriotzearen beldurrak, ez gathibotasunaren beldurrak, ez nezakete lekhu saindu huntarik urruntaraz. Ni hemendik urrunt nindezaken gauza bakharra liteke, Jainkoaren damustatzeko beldurra.»
«Geroztik zohazi berheala; ezik ene borondatearen kontra hemen egonez Jainkoa damusta zindezake. Huna Aita-Sainduaren arrasta bat, zoinak eskumikoz joiten baititu, ene nahiaren kontre Lur Sainduan baratzen direnak.»
«Adio beraz, ene Aita.»
Gau hartan Franzizkanoak ohartu ziren etxetik falta zutela Iñazio; muthil bat igorri zuten bilha. Muthilak, Olibetako mendiaren zolan hatzemanik gaizkitu zuen, jo zuen eta gaxtagin bat bezala aitzinean ekharri. Muthilaren egitate gaxtoek guti hunkitzen zuten Iñazio, Salbatzailea agertu baitzitzaion mendiaren zolan. Bidean harekin heldu zen eta haren ikhusteak eta entzuteak ezin erranezko kontsolazionez bethetzen zion bihotza. Lur Saindua biharamunean utzi zuen, bere ustez berriz itzultzekotan.
Untziak bi ilhabete eta gehiago eman zituen urean, eta Urtharrilaren azkena zuen Benizerat ethorri orduko.
Hotz handiak ziren. Bertze soinekorik ez zuen Iñaziok Manrezan eman ziotena baizik, dena ere philda txar bilhakatua. Kapa bat ere eman zioten Manrezan; zer egin othe zuen kapa hura? Aparaxu hortan hatzeman zuen Benizeko Heskualdunak. Hamabortz urhe harrarazi ziotzan, eta oihal bero batetarik estomaka gaineko. Herritarrari eskerrak emanik, oinez abiatu zen Espainia alderat.
Han harat zohan Iñazio erdi buluzia, jana eskatuz, hotzez ikharan, elhurrez elhur, mendiz mendi. Sartzea egin zuen Ferrareko eliza nausian. Nahiz itxura hitsa zuen, pobre bat hurbildu zitzaion amoina eskatzen ziola. Orhoiturik hamabortz urhe bazituela, Heskualdunak emanak, bat eman zion pobreari. Pobrea jauzteka juan zen urhearen laguner erakusterat. Hauk ere ethorri ziren eta urhek zirauteno bakhotxari bat eman zuen Iñaziok. Agortu zirenean, elizatik athera zen eta pobrer urrikalmendurekin erran zioten:
«Ene anaaa maiteak, arditik ez dut gehiago; nintuenak oro eman darozkitzuet.»
Eta heien ondotik bera abiatu zen eske. Orduan pobreak hasi ziren:
«Saindu bat da! saindu bat da!»
Oihu hori entzutearekin, lekhuak hustu zituen, ez nahi bezain laster.
Denbora hartan Frantziak eta Espainiak gerla zuten; heien tropek Lonbardia guzia bazagokaten. Egun batez soldado español batzuen arterat erortzen da gure saindua. Ustez barrandari zonbait den, lotzen zaizko eta estekatzen dute. Espaiñolek ezagut beldurrez, bere buruari gizon traste baten itxura emaiten dio Loiolako semeak. Soldadoen galdeitza guziak ihardetsi gabe uzten ditu. Biluzten dute, ez othe dakharren mezu galgarri zonbait bere philda txarren artean. Deusere ez hatzemaitearekin, biluzia baderamate tropetako aitzindari baten ganat:
«Nongo zare? erraiten dio aitzindariak. "Nondik heldu zare?»
Iñaziok ez du ihardesten.
«Norat zohazi?»
«Generat.»
«Barrandari zonbait zare?»
«Ez »
«Zoin herritakoa zare? Zertan zabiltza hemen.»
Iñaziok ez du ihardesten:
«Gizon hau zozoa da, dio aintzindariak soldadoer, nola hartu duzue zozo hau barrandari batentzat? Utzazue bere bidean.»
Gibeleratekoan, thira biraka ibiltzen dute soldadoek, irriz eta trufaz jokhatzen zaizko. Laido horiek oro Jainkoaren ohoretan jasaiten ditu Iñaziok. Kapitain bat hatik urrikaltzen zaio, eta othoruntza batez eta gau batez atxikitzen du bere egoitzan.
Urruntxago khausitzen du Frantses kanpadera. Hemen ere nahi luke gaizki ikhusia izan, gaizki ekharria izan, Jainkoaren loriako zerbait pairatu. Bainan Jainkoak bertzela nahi du.
«Nondik heldu zare?» galdatzen dio aitzindari batek.
«Lur Saindutik heldu naiz.»
«Norat zohazi?»
«Generat eta handik Espainiarat.»
«Zer jende zare?»
«Heskualduna.»
«Ah Heskualduna zare? ez izan beldurrik, adixkidea, ontsa ekharriko zaitugu. Ni ere sortzez Heskualduna naiz, eta ez dut nik herritar bat nola nahi uzten.»
Frantsesekin zonbait egun on iraganik eta indarrak berriturik, oinez abiatu zen Generat, eta handik urez Barzelonarat.
__________
HIRURGARREN PHARTEA
Erakusle eta Ikhasle
I.
Zerutik jakina zen Iñazio apostolu berri batzuen buruzagi izan beharra zela, eta Apostolu heien geiak eskoletarik athera behar zituela. Bainan eskola handirik ez zuelakotz, khasu guti egin zezoten beldur zen. Jakintsun handi zen Jainkozko gauzetan, bainan hortan baratzen zen haren jakitate guzia. Zer eginen du beraz? Hogoi eta hamar urthetan hasiko da latinaren ikhasten. Iñazio behar zen lan horri lotzeko; ezik liburuak hastio zituen, ezin ikhus zitzazken: bainan Jainkoaren loriak hala galdatzen baitu, urtheak eta urtheak ez zaizko sobera izanen liburuen erdian.
Barzelonarat jaustean, badoha doña Isabelen eta doña Iñesen ikhusterat, eta zer xedetan den aiphatzen diote. Doña Isabelek bere gain hartzen diotza eskolako gastu guziak, eta doña Iñesek ganbara bat emaiten dio bere etxean, eskol etxetik urrunegi delakotz ospitalea. Jeronimo Ardebalok urririk eskaintzen dio bere eskola, eta denborarik galdu gabe, berheala hasten da liburuetan.
Bainan debruarekin behar zuen oraino mataka aldi bat egin. Eskolan sarthu orduko haren gogo guzia Jainkoaren ganat zohan. Jainkoa eta Jainkozko gauzarik baizik ez zuen ikhusten. Eskolan sarthu orduko, zeruko atsegin eta argi guziak harekin ziren. Nausiak zer zion ez zuen batere entzuten, eta liburua zabal zabala, lo zagon haren eskuetan.
«Nondik heldu da bada hau?» dio noiz bait bere buruari. «Othoitzeko aldi dudanean, edo kofesatzeko aldi, edo komuniatzeko aldi, edo azotearen hartzeko aldi, neure gogoaren arras jabe naiz; badakit arras ontsa zer ari naizen; bainan eskolan sar nadin, ez naiz gehiago neure buruaren jabe; atsegin izpiritualek zoratzen naute, horditzen naute, zeruko lorian banintz bezala, eta horrela gal dire enetzat nausiaren erran guziak. Ah! ainguru onaren itxuran ainguru gaixtoak nabila. Behar nitzaio mendekatu.»
Biharamunean eskolako nausia othoizten du Itsasoko Ama Birjinaren elizarat lagunt dezan. Han, oinetarat erortzen zaio, dioelarik:
«Nausia! zure alderat hobendun naiz, eta handizki hobendun. Orai artean ihes egin dut lanari, alfer bat izan naiz; zure erraner batere ez dut behatu; othoi barkha diezadazu. Noiz bait ohartu naiz debruak nindabilala; bada ez dut debruarentzat barkhurik. Zeru lurren Erregearen eta Erreginaren aitzinean agintzen darotzut bi urthe osoz zure eskolari jarraikiko naizela, eta othoizten zaitut bermaraz nezazun haur txar bat bezala, haur bat bezala mehatxatuz, haur bat bezala gaztigatuz.»
Nausia mutu zagon; Iñazio eskutik hartu zuen eta Eliza athean bi besoez besarkatu.
Handik harat ez zuen Iñaziok izpiritu barraiadurarik ukhaiten; nausiaren erran guziak buruan sartzen zituen.
Eskolak uzten zion denbora, othoitzean iragaiten zuen edo obra onetan, lagunaren alderat bethi amultsu, bere alderat bethi garratz.
Doña Iñesen semea noiz nahi juaiten zitzaion athe xilotik barrandatzerat. Bethi othoitzean hatzemaiten zuen, besoak khurutzean, ahuspez lurrerat, edo begiez zerurat. Ikhusten ere zuen aingeru bat bezala airean, eta argiz inguratua.
«O Jainkoa!» entzuten zion erraiten «ene amodioa! ene zoriona! zu behin ezagutuz geroz, nola atrebi zure damustatzerat? Oh! zoin ona ahal zaren ni jasaiten nauzunean, ni hain bekhatoros handia!»
Doña Iñesek eta haren semeak alferretan othoiztu zuten heien mahainean jar zadin. Bere jana esketik nahi izan zuen bethi bildu. Orok maite zutelakotz, handik eta hemendik asko phuxka ukhaiten zuen. Phuxkarik hoberenak pobrentzat zagozkan, txarrenak beretzat. Hor- gaizkitu zuen behin doña Iñesek.
«Andrea, ihardetsi zion Iñaziok, Jesu-Kristo gure Jauna heldu balitzaizu zerbaiten galdez, ez othe zinezoke zuk ere duzun hoberenetik eman?»
Jainkoak noiz nahi igortzen ziotzan bere amodio bizienaren seinhaleak. San Hieronimoren komentuko Elizan sarthu zen batez, komentuko serorek ikhusi zuten lurra galdurik airean zagola, zerafin bat iduriago gizon bat baino. Gauza bera behin baino gehiagotan gerthatu zitzaion, Aingeruen komentuko elizan. Hori ikhusirik, komentuko serorek gutizia erakutsi zuten sainduarekin elhe egiteko. Sainduak etzuen gaitzetsi seroren galdeitza, agian haren solhasek zerbait on ekharriko zutela.
Aingeruen komentuko serorak beren aitzinekoen kharsutarsuna ahantzirik, lazotarsun galgarri batean eroriak ziren. Serora hek Iñazio nahi zuten ikhusi, ez khanbiatu beharrez, bainan Iñazio ikhusgarri bat zelakotz. Iñazioren berri jakinak ziren; nongo seme zen, gorthean zoin maithagarri izana zen, gerlan zoin borthitz, adinik ederrenean munduari nola ukho egina zen. Berri horiek beraren ahotik nahi zituzten xehekiago entzun.
Gure saindua juan zitzaioten aphez saindu bat lagun harturik. Serora batzu borthizki larderiatu zituen; adiarazi zioten serora batek othoitzean eta berthutean behar duela bizi; hala bizi izan zirela heien aitzinekoak, eta Jainkoak eta munduak ez zutela oraikoetarik gutiago igurikatzen.
Ez zen alferretan mintzatu. Haren hitzaz herxatuak, gogoetak egin zituzten serorek, komentuko atheak hetsi zituzten munduari, eta jenden elhebideak ixilarazi bizitze saindu eta gorde batez.
Serora heien enganatzaileak hasarratu ziren Iñazioren kontra, eta mendekatu behar zitzaizkola hitzartu zuten.
Egun batez Aingeruen komentutik etxerakoan, Iñaziori eta aphez sainduari bi moro, bidera atherarik, makhil ukhaldika hasi zitzaizkoten. Aphez saindua hil gogorra erori zen. Iñaziok kolpeak hartu zituen moroer batere jazarri gabe; kontrarat, ezagutza gal artean ez zen baratu habendunentzat othoitz egitetik. Eiherazain batek hil hurrana alxatu zuen, eta mandoaren gainean doña Iñesen etxerat ekharri. Barreatu zenean gaxtoak zituela kolpeak eta nekez sendatuko zela, osteka abiatu ziren ikhusleak. Haren gainean nigar egiten zutener erraiten zioten:
«Zerentzat egiten duzue nigar? enekin bozkaria zaitezte jasaiteko ditudanez.»
Zilizioa khen arazi zion bere kofesorrak. Doña Iñesen semea jabetu zen zilizio hartaz, eta ez zion behin ere itzuli nahi ukhan, ziolarik:
«Hau izanen da ene ondokoer utziko diotedan orhoitzapenik ederrena.»
Berrogoi eta hamahirur egun eman zituen eri, eta sendatzen hastearekin lehengo urhats guziak hartu zituen.
Lehenbiziko agertzea Aingeruen komenturat egin zuen.
«Ez da hori zuhurtzia, erran zion doña Iñesek, berriz ere makhur bidean jartzen zare.»
«Ene zoriona, ihardetsi zion Iñaziok, liteke Jainkoaren loriakotzat hiltzea.»
Bainan ez zuen gehiago hirriskurik. Urrikia sarthu zen moroak igorri zituenaren bihotzean. Karrikaren erdian egin zion Iñaziori bere krimaren aithormena.
«Huna zure oinetan zure etsai izana. Erribera deitzen naiz. Othoi barka diezadazu! Herraz eta mendekioz itsutua hil nahi zintudan. Zure karitate handiak erdiratu daut bihotza. Bizi banaiz, zuri esker bizi naiz. Gal nindezakezun eta ez nauzu galdu.»
Iñaziok alxatu zuen, zioelarik lehen kolpean barkhatu ziola eta ez zela geroztik baratu harentzat othoitz egitetik.
Erribera bertze bat bilhakatu zen eta girixtino on higatu.
Bertze behin, Belloko karrikan iragaitean, etxe batetarik nabaditzen ditu garrasia batzu. Zer othe den sartzen da etxe hartan. Gizon bat dakusa anaiaren kontra auzi bat galdurik, bere burua urkhatu duena eta jende multzo bat heiagoraz eta nigarrez haren inguruan. Iñaziok berheala trenkarazten du urkha bilhurra. Gorphutzari maina frango emanarazten diotza, balinba ez dela hila. Maina guziak alferretan, hila baita. Indarrik handiena egiteko du oraino Iñaziok. Belhauniko jartzen da, urrikalmenduzko Jainkoa othoizten du arima dohakabe hari aski bizi eman dezon aphez bati bere bekhatuen erraiteko. Iñaziok othoitza akhabatzean hila phizten da, begiak zabaltzen ditu eta aphez bat galdatzen du. Kofesatzen da, ardiesten du bekhatuen barkhamendua eta hitzen da.
Eskola ttipiak bi urthez egin zituen Iñaziok. Filosofiaren egiteko Alkala aiphatu zion eskolako nausiak eta haren erranean Alkalarat abiatu zen.
Doña Iñesen semea othoizka badohako:
«Othoi, othoi, ardiets diezadazu zure lagun ethor nadin, zurekilako izan nadin.»
«Ez, ene Juan maitea! Jainkoak ez du nahi eni jarraik ziten. Jainkoak munduko zagozka. Andre bat ukhanen duzu berthute handikoa; anhitz haurren aita izanen zare. Haurretarik nahi gabe handiak jasan ondoan, ontasun guziez buluzia geldituko zare. Ez hatik lotsa, Juan maitea; jasaiteko horiek Jainkoa goretsiko dute eta zure arimaren ona ekharriko.»
Eta khurutzefika bat soinetik khentzen duela, erraiten dio: «Zure eta zure amaren ganik ez dut egundaino artha onik baizik ukhan. Ene biziak dirauno, iraunen du ene ezagutzak. Deusere gabe naiz eta hatik ez zinduzket orhoitzapen bat gabe utzi nahi. Huna khurutzefika ttipi bat, bidetan ene laguna, guduetan ene indarra, atsegabetan ene atsegina.»
Don Juanek khurutzefika besarkatzen du eta heriotzearaino berekin ekhartzen.
Iñaziok erran bezala gerthatu ziren guziak.
Bertze gizon gazte batzu ere nahi zitzaizkon jarraiki, hirur hartu zituen bakharrik: Kalisto, Artiaga eta Kaseros. Barzelonatik athera zen egunean, nigarrik baizik ez zen Barzelonan.
II.
Iñazio Loiolakoa Alkalan sarthu zen Agorrilaren hastean 1526an. Hiri sartzean, lehen jinari galdatzen du limosna. Martin Olabe urrikaltzen zaio eta diru pheza bat emaiten dio. Limosna hori denborarekin saristatuko du Jainkoak, horren egilea Iñazioren konpainiarat deithuz.
Gure sainduak Antezunako ospitalean hartu zuen bere egoitza, eta eskolek ez zutelakotz oraino bi hilhabete hartan hasi behar, pobren eta erien ondotik abiatu zen.
Hura zagon ospitalean, gizon gazte bat bazen gorphutza eri, bainan arima eriago. Artharik amultsuenak emaiten ziotzan Iñaziok, eta iduritu zitzaionean gizon gaztearen bihotzean aski barna zela, galdatu zion bere berri.
Frantzesa naiz, ihardetsi zion eriak, bainan Espainian hazia. Neure aitzinekoa don Martin Kordobakoa dut, Nafarroko aintzindari berria, harekilakoa naiz. Harekin nindohan Iruñerat, noiz eta, hemen iragaitean, norbaitekin ezpatarat athera bainaiz eta kolpatua erori.»
«Jaun maitea, harrazu kuraie; agian zauri hortaz baliatuko da Jainkoa zauri handiagoren sendatzeko.»
Jainkoak entzun zuen Iñazioren othoitza. Hanbat denbora gabe, bere baithan sarthu zen gizon gaztea, eta sendatu zenean, batu zen Iñaziorekin, Iñazioren bizitze sainduan eta obra on guzietan phartelier.
Bere denbora guzia arimer emaitea gatik, ikhasi behar zituenak nahi ukhan zituen berheala ikhasi. Hortarakotz suharki hasi zen filosofiaren, fisikaren, teolojiaren ikhasten. Bertzek aldi aldizka deramatzaten lanak, Iñaziok sail batez nahi ukhan zituen egin. Urrikitu ere bai. Lan borthitz eta soberakin horrek buru guzia zoratu zion eta liburuentzat higuintza berri batez bethe. Gogoa hoztua eta deboilatua liburuak aphur batentzat hetsi zituen. Bertzalde ere zerutik jakina zen Jainkoak Alkalarat ekharri zuela ez liburutan artzeko, bainan bere arimaren eta bertzerenen arthatzeko.
Beraz othoitzak uzten zion denbora iragaiten zuen eriekin, pobrekin, haurrekin, bakhotxari bere beharren araberako sokhorria emanez; katixima eta predikua ospitaleko sala handian egiten zituen. Eskoletako gizon gazter zen gehienik aiher; hek nahi zituen bide txarretarik athera eta bide onean ezarri. Jainkoak benedikatu zituen haren indarrak. Arte laburrik barnean, gizon gazte hek bertze batzu bilhakatu ziren. Heien bizitze berria, bakhar batzuena salbu, guzien mihian laudagarria zen. Lehenetarik ziren sainduaren predikuetarat, eta igande guti huts eginen zuten mahain saindurat hurbildu gabe.
Kargudun handi baten fama entzuten du Iñaziok, izurrite bat dela arimentzat. Kargudun hori izen handi baten eta fortuna handi baten jabe da; bere buruari agur egiten eta eginarazten duena. Bainan ez haren izena, ez haren izana, ez dire traba bat izanen gure sainduarentzat. Haren arima behin irabazi balinbadu, ikhusten du bertze anhitzenak irabaziak direla. Jainkoa baithan konfidentziaz bethea, behar du beraz indar bat egin. Joiten du haren ganbarako athean, funtsezko gauza batez nahi liozkela bi hitz erran. Kargudunak, ustez zerbaiten eske ethorria den, idekitzen dio athea eta sartzerat uzten du.
«Jauna, erraiten dio Iñaziok, bihotzaren gainean badut gauza bat zuri erran nahia, zuri erran beharra; gauza bat zure ethorkizunarentzat premiatsu dena, eta badakit zure adixkide guzietan bat ez dela zer hirriskutan zaren ohartariziko zaituenik.»
«Zer da bada? Mintza zaite.»
«Zer den Jauna? Ez zare bada ohartzen zure omena galdua dela Alkala guzian, eta zure arima sekulako galbidean dela?»
«Eskale txarra! zerk ekharri zaitu eni horrela mintzatzera?»
«Jauna, karitateak ekharri nau zuri galdatzerat, Jainkoak ez othe zaituen munduan ezarri zure arimaren galtzeko eta bertzerenaren galarazteko baizik. Zertan zintezke, berheala behar bazinu juje hasarretuaren aitzinerat agertu.»
«Erho bat zare, zoazkit aitzinetik edo muthiler har arazten zaitut.»
«Jauna, ez othoi hoin gora mintza. Zure karak emaiten daut zure barneko berri; graziak herxatzen zaitu eta ez nauzu segur hitz on bat gabe igorriko.»
Sainduaren azken hitzetan nigarrari emaiten da hobenduna, gal bidean dela aithortzen du, khanbiatuko dela hitzemaiten, eta azkenean Iñazio othoizten afariten geldi dakion. Iñazio gelditzen da harekilako solaser denbora gehiagoren emaitea gatik. Hobenduna ez da hortan baratzen. Bere koleran botza altxatu baitu etxe guziak entzuteko gisan, etxe guzia bilarazten du eta erraiten diote: «Saindu bat da nik oinen pean ezarri dudan eskalea. Hunek eni egin darotan ongia ongi guziez goragokoa da.»
Konbersione horrek arraots handia egin zuen Alkalan, eta anhitz bekhatoroser begiak zabaldu ziotzaten.
Hatik jendea mintzo zen, herrestan zabilan pobre batek hoinbertze gizon gazte nola beregana zitzazken; gehiagoko itxurarik gabe hoinbertze bihotzetan nola sar ziteken; gehiagoko maithagunerik gabe hurbildu guziak nola lilura zitzazkeen:
«Sorgina balitz, zion batek.»
«Baditeke hala den, zion bertze batek; ezik izpiritu guzien horrela itzultzeko, sorgina behar da izan.»
«Holako jender ez da sekulan fidatu behar, zion hirurgarren batek. Nork daki ez othe den heretiko bat? Nork daki ez othe den Luterren dizipulu gorde bat, gezurrez gure bethatzerat ethorria?»
«Behar bada ihes dabilan gaxtagin zenbait, zion laurgarren batek.»
Eta elgar horrela berotzen zuten. Erraitekorik baizik ez zuten haren kontra. «Zerentzat sotana zuhail hori? Zerentzat xapel zuhail hori? Bera ikhasterat ethorria, eta nola ari ditake bertzer erakusten?»
Solhas horiek jenden errespetua, eta amodioa galarazi ziotzaten hainbertzetaraino, non, egun batez, Doña Justeko kaloiñe batek komuniatzeko utzi baitzituen hura eta haren lagunak, zerasalarik:
«Ez dire gauza sainduak nori nahiri emaiten.»
Hitz horiek ahotik athera orduko, kaloiñea ezin erranezko laztura batek hartu zuen eta berheala borzer eman zioten kommuniatzerat. Orduan barnea hain zitzaion boztu, non, begitharteari behera, atseginezko nigarrak baitzariozkon. Halere Iñazioren kontrako elhek Toleda jo zuten, urrunago eta handiago. Heresiaren gainean begia zagokatenek don Alonzo Mecchia igorri zuten non zer othe zen jakiterat. Don Alonzok nihor ohartu gabe gauzak hurbildanik ikhusi eta, Alkalako bikario jeneralari erran zion:
«Gizon horren baithan deus gaxtorik ez dut hatzeman: horrek erakusten duena egia garbia da, horren bizitzea saindu batena da; gizon horren ezagutzeko ez dut berari mintzatze beharrik. Nihor atheratzen bazaio kontra, zu jar zaizko alde.
«Ni itzultzen naiz horren berri onekin.»
Bikario jeneralak ez zituen haren erran guziak ontsa hartu. Ahal ttipikoa bide zen bikario jeneral hura. Munduari erakusteko deusetako ez denik ez dela, Iñazio ekharrarazi zuen bere aitzinerat eta erran zion:
«Asko solhas aditu dut zure gainean: jakitaterik ez duzu eta haurrer ari zare katixima erakusten; ez zare aphez eta predikatzen duzu. Elizako aintzindarier izan zare salhatua; zure hitzak, zure obrak, ikhertu dituzte eta deus erraitekorik ez dute hatzeman. Gero ere beraz predika dezakezu. Bainan bada gauza bat, gehiago ikhusi nahi ez dautzudana. Zerentzat ekhartzen duzue bortzek kolore bereko, joste bereko arropa bat? Ez dut erraiten, fraile bazinete. Arropa hori ez zait agradatzen. Orai artean bezala elgarrekin bizitzekotz, arropa hori beharko duzue utzi eta oinetakoak hartu.»
Iñaziok, hitzik erran gabe, Kalistori eta Kaserori soineko ilhun bat har arazi zioten; Juan bere xuhailarekin gelditu zen; eta gure sainduak eta Artiagak beltza jauntzi zuten; eta bortzak oinetakoekin jarri ziren.
III.
Jaun gazte bat, itxura aberatsekoa, goiz batez harat hunat zabilan Dona Justeko eliza aitzinean; haren urhats khexuak erran nahi zuen aspaldian norbaiten beha zagola. Eliza hartarik noizbait athera zen gizon bat. Eliza athean eskatu zuen, bildu zonbait ardit, khurutzearen seinalea egin eta othoitzean ari zela handik itzali. Jaun gaztea ondotik jarraiki zitzaion; etxe txar batean sarthu zen eskalea. Jaun gaztea karrika izkin batean jarri zen, etxe txar hari buruz. Hemen oraino luzaz iguriki zuen; eskalea noizbait athera zen; jaun gazteak zohala utzi zuen eta bera sarthu zen etxe hartan; ganherreraino igan zen, burdin txar batek zagokan athe bat ideki zuen eta han kausitu emazteki bat oinhaze minenen erdian.
«Emaztekia, nahi nuke jakin hemendik orai athera den gizonak zer duen izena!»
«Jauna, ez dakit.»
«Ez dakizu beraz nor den?»
«Ez, Jauna. Ez dakit nik haren karitatearen eta saindutasunaren berri baizik. Gorphutzean eta ariman hark soleitzen nau. Ez da gizon bat, saindu bat da, aingeru bat da. Haren gainean ez dezaket nik bertzerik erran, behin ere ez dut haren deithurarik entzun. Nik dakidan guzia da Iñazio duela bathaioko izena.»
«Aski jakinik badut; berriz ethortzen deneko, horra ene izena eta ene egon tokia; erranen diozu ene moltsa bethi idekia izanen zaiola, eta behar duen guzia han har dezan bere pobrentzat.»
Bi egunen buruan, eskalea ethorri zen emazteki eriaren ikhusterat.
«Jauna, erran zion eriak, heren-egun ethorri zait jaun gazte bat, eta paper hau utzi du zuretzat, diolarik zure eskuko dagokala pobrentzat behar duzun diru guzia.»
Eskaleak paperra hartzen du eta hitz hauk irakurtzen: «Don Martin Saez, Azpeitiarra.»
«Arreba maitea, erran zion eriari, orai beretik Jainkoaren eskurat uzten zaitut; nik deus ez dezaket gehiago zuretzat.»
Iñazio Loiolakoak ahaide hurbil baten izena leithu zuen; bere burua ikhusten zuen ezagutua eta ez zuen nehola ere don Martinekin gerthatu nahi: beldur zen, beldur herriaren eta odolaren amodioak gaina har zezan oraino haren bihotzean. Don Martini beraz gordetzerat egin zion.
Denbora guzia obra onetan zeraman, eriak ikhusiz, pobreak sokhorrituz, haurrak argituz, gazteria bere xede onetan borthiztuz, noiz eta aphirilaren hemeretzian, 1527an hiriko muthilak lothu baitzitzaizkon, ziotelarik:
«Zure preso hartzeko manua dugu.»
Iñazio Loiolakoak hitz bat athera gabe, bere burua utzi zuen eremaiterat.
Berria barreiatu zenean preso zela, goiz arrats ez zen jendea haren presondegian athertzen, eta guziak hunkituak itzultzen ziren haren saindutasunaz, Jainkoarentzat haren amodio kharsuaz, etsaientzat haren karitate miragarriaz.
«Jainkoaren maithatzea, zion bethi presonerak, Jainkoaren maithatzea, Jainkoarentzat zerbaiten jasaitea, horra, horra desterru huntako zorion bakharra, zorion egiazkoa.»
Don Jorje Nabera, eskoletako nausietarik bat, ardura juaiten zitzaion ikhusterat. Egun batez eskolako orena huts egin zuen harekin sobera egonik; destenorea zela ohartu zenean, laster egin zuen eskolarat eta eskolan sartzean erran zuen:
«Berantegi heldu naiz, Jondoni Paulo zephoetan ikhusirik.»
Eskolako denbora guzia ez zen ixildu Iñazioren laudorioetarik.
Iñazio bere adixkidek argitu zuten haren predikuen eta obren gainean ikhertze berri baten egiten ari zirela, gaizki bilhatzen zutela, horiek oro nahaskeria tzar batzu zirela, eta gauza horren ithotzeko, hek eginen zituztela behar ziren urhatsak.
«Ene auzia, ihardetsi zioten Iñaziok, Jainkoaren beraren auzia da. Jainkoari nago; hark badakike zer egin. Esker mila zuen eskentza onaz; ene sokhorria gorago danik igurikatzen dut.»
Egia gezurretik berexi zenean, bikario jenerala arrasta hunekin ethorri zitzaion presondegirat:
«Lebenbizikorik: Iñazioren eta haren lagunen inozentzia ezagutua izan da.»
«Bigarrenekorik: Hemendik harat, eskolan dabiltzanen arropa beharko dute ekharri.»
«Hirurgarrenekorik: Liburu sainduetan ez direlakotz oraino trebe, populiari mintzatzea ez dire haizu izanen.»
Arrasta hori entzun eta Iñaziok erran zion:
«Manatu darokuzunean ez ginezan bortzek soineko bera ekhar, behexak hartu ditugu; orai bertze soineko bat manatzen darokuzu; hori ezin egin dezakegu, ez baitugu zertaz eros eta karitatez bizi baigare.
«Zuk ezin egin badezakezu, ihardetsi zion bikario jeneralak, nik eginaraziko dut zuretzat.»
Eta Luzena deitzen zen gizon gazte bat othoiztu zuen, berekin Iñazio harturik, eske bat egin zezan, Iñaziori soineko baten erosteko.
Beretzat edo bertzentzat eske zabilanean, bere hauturat zabilen Iñazio; bainan bertzek harentzat eske egitea, eta eske egileari karrikaz karrika bera jarraikitzea, zer seindigarria haren odolarentzat! Horra khurutzea bere dorphetasun guzian. Ekharriko du Iñaziok arranguratu gabe.
Eske zabiltzalarik, Lopez de Mendoza pilotan ari zela hatzeman zuten bere etxeko korroilan. Luzena hurbildu zitzaion sainduarentzat zerbaitto eman zezon. Behatze bihurri batekin hartu zuen Lopesek, nahi ez zuen zerbait entzuna baitzen sainduaren ahotik, eta erran zion:
«Zer! zu bezalako gizon batek holako gizon batez urrikaldu behar duela! Erre nadila, ez badu horrek erretzea merezi!...»
Jainkoaren tronuraino igain zen arnegu hori. Lopezen adixkider handizki damutu zitzaioten. Batetik bertzerat berheala barreatu zen, hiriaren itzulia berheala egin zuen, guzier laztura bat emaiten ziotela.
Zonbait orenen buruan hiriko muthil batek Alkalako karriketan khantatzen du seme bat sorthu zaiola erregeri. Arratsean, Lopez bi muthilekin badoha etxe goihenerat, sorthu berriaren ohoretan tiroka aartzeko. Tiroka ari direlarik, bolbora meta baten gainerat erortzen da phindar bat; jauzten da bolbora arraots ikharagarri batekin: malurtu othe da nihor? Lopezen arropak sutan dire, Lopez bera sutan da, suia dariola marraskaz jausten da, bere burua phutzu batera aurthikitzen du eta han hiltzen da.
Iñazioren obrari traba sobera egiten zioten Alkalan. Zer eskualde har Jainkoari galdatu zion, eta zonbait egunen buruan, Balladolirat zohan, han khausituko zuela don Alonzo de Fonseka, Toledako Arxapezpikua, eta bere erran beharrak hari erranen ziotzala.
IV.
Alkalatik athera baino lehen, gure sainduak soineko berria utzi zuen eta xaharra jauntzi. Traste hortan agertu zen Toledako arxapezpikuaren aitzinerat. Aita baten hihotza erakutsi zion arxapezpikuak, laudorioak egin ziotzan bere khar sainduaz; Alkalarat itzultzetik gibelatu zuen, Salamankan hobeki izanen zela, bai bere eskolari, bai bere obra oner jarraikitzeko; eta bidearen egiten laguntzeko, amoina on bat eratxiki zioten bere hitz oner.
Salamankarat ethorri zenean, batere ez zuen gogoak eskolarat laguntzen. Barnetik erraiten zion botz batek, ez zuela Jainkoak harat deitzen, bertze norapait deitzen zuela. Bainan norat? Ez zakien. Jainkoaren borondatea ezagut artean, aphez Dominikano bati eman zion bere arimaren artha, eta gaizki bizi zirener hasi zen zeruko bidearen erakusten. Ahal zuen guziez mintzo zen, non nahi, nori nahiri, kanpoan, barnean, agerian, bakhartasunean, eta hamabortz egunez hainbertze herrebes xuxendu zuen, hainbertze arima sendatu, hainbertze indar egin, non asaldatu baitzen jende guzia.
«Gisa dea, zioten askok, aphez ez den batek, eskale batek, predika dezan? Jakintsun handi balitz bezala, arimak argi ditzan? Horren erranetan ez othe da egiarik baizik? Elizako aintzindariek behar lukete gauza hori ikhusi, hetarat behar liteke gauza hori heldu.»
Egun batez, bere kofesorrak komenturat ekharrarazten du, dioelarik zer arrazoinez. Komentuan entzunak dire haren hitza zoin den botheretsua eta jakin nahi lukete hitz hark erraitekorik othe duen. Bazkal ondoan kaperarat baderamate, zer sinhestetako den han erakuts dezan. Bere kofesorra hasten zaio, eta guzien izenean erraiten dio:
«Atsegin dut zure gainean holako gauzen entzuteaz; zure predikuez laudorio handiak dituzte jendek. Bainan entzuten ahal bazintugu, handiago liteke oraino gure atsegina. Lehenik galdatuko darotzut zer eskola egin duzun eta zer ikhasi duzun.»
«Ene aita, eskolan arras guti ibili naiz, eta aithor dut deus ez dakidala.»
«Gehiagoko eskolarik gabe nola bada zure predikuek holako indarra ukhan dezakete?»
«Ez dut nik predikurik egiten; Jainkoaz mintzatzen naiz bakharrik, Jainkoa zonbait arimer maitharaz othe dezakedan.»
«Zeren gainean mintzo zare gehienik?»
«Berthutearen eta bekhatuaren gainean; berthutea behar dela maithatu eta bekhatua hastiatu.»
«Horiek dire gauza batzu, dio buruzagiaren ondokoak, jakitatea galdatzen dutenak, eta jakitate eskasa denean lo utzi behar direnak. Diozu eskolarik ez duzula. Izpiritu saindua mintzo zaizu beraz? Hori hala balinbada, erran behar darokuzu, ez darokuzu gorde behar.»
Iñazio Loiolakoa durduratzen da. Haren zainetan lehengo odoletik bada oraino xorta bat, eta odol hark noizetik noiz irekitzen baitio, aphur bat ixilik egon ondoan galde egileari erraiten dio:
«Hobe dugu naski hortan baraturik.»
«Ez, ez; ez gare hortan baratuko; egiguzu prediku bat, xuxen ala makhur mintzo zaren jakin dezagun.»
«Ez dut gehiago hitzik atherako, elizako aintzindariek manaturik baizik.»
«Zer! heresiak horrenbertze herexa egiten duen denboran, zuk ez darokuzula zure sinhestea agertuko? Zure sinhestea garbia balinbada, zerentzat zaude ixilik? Garbia ez balinbada, nola atrebitzen zare predikatzerat?»
Iñaziok ez du ihardesten.
«Eta bertzalde, nondik du zure lagunak planta gabeko arropa hori?»
Iñazioren laguna Kalisto da. Soineko labur bat dakharre, hanbatenaz irriegingarriago zenbatenaz bera baita luzeago. Kalistok ihardesten du:
«Jauna, ene soinekoa irriegingarria da, badakit. Bainan gizon gaixo bat hatzeman dut erdi estalia eta ene soinekoaren erdia hari eman dut.»
Sinhesten ez balu bezala, gain beherako behatze bat egiten dio Kalistori; gero Iñaziori mintzo zaiola:
«Zure sinhestea, amodioz ez balinbada, beharko duzu bortxaz agertu.»
Hitz horiek aire samur batekin erran ondoan atheratzen da bere lagunekin, Iñazio eta Kalisto kaperan utzirik. Komentuko athe guziak hesten dituzte; heldu dire gero Iñazioren bilha eta ganbera bat emaiten diote. Hirur egun iragaiten ditu komentuko frailekin, ganbera ikhuslez bethea, Jainkoaren izen saindua bethi mihian, Jainkoaren borondate saindua bethi bihotzean. Laugarren egunean, fedearen tribunaleko muthil bat Iñazioz eta Kalistoz jabetzen da eta presondegirat aurthikitzen ditu. Han dire gaxtagin handienekin nahas mahas, usainez eta zikhinez nihor ezin dagoken lekhu batean. Bata bertzeari estekatzen dituzte gathe labur batekin. Heien zangoek elgar joiten dute, ez ditezke higi elgar zaurthu gabe; baten oinhazea bien oinhazea da, baten martirioa bien martirioa. Gau guzia Jainkoaren laudoriotan iragaiten dute. Biharamunean alde guzietarik heldu zaiote jendea, ohekin, jatekoekin, presondegian zilhegi diren eztitasun guziekin.
Egun batez don Franzizko de Mendozak erraiten dio: «Gathibotasun hau zoin garratz ahal zaizun eta burdina hauk zoin dorphe!
«Ez, Jauna; gathibotasun hau balitz ere garratzago, Jesu-Kristorentzat bihotz onez jasan nezake; burdina hauk balire ere dorpheago, Jesu-Kristorentzat bihotz onez ekhar nitzazke.»
Emazteki saindu batek mezutzen dio haren jasaitekoek zaurtzen diotela bihotza; Iñaziok berheala ihardesten dio:
«Andrea! ez dakizu beraz zer loria darraikon khurutzeari. Ez ni urrikari izan, dohatsu dagokat ene burua. Ene gutizia da gehiagoren eta gehiagoren pairatzea, hala ontsa bazaio ene nausi soberanoari.»
Hogoi eta hirurgarren egunean athera zituzten presondegitik, eta tribunalerat ereman, arrasta hunen entzuteko:
«Iñazioren bizitzea eta sinhestea erraitekorik gabe dire. Iñazio eta haren lagunak populuari mintza ditezke; hatik, teolojia non ez duten lau urthez egiten, debekatua zaiote xehatzea zertan datzan bekhatu mortala eta zertan beniala.»
«Arrasta hori on hartzen dutelarik, badohazke.»
Iñazio Loiolakoak ihardetsi zioten:
«Zuen peko izanen naizen denboran, ez dut arrasta hori hautsiko.»
Bekhatuaren naturaz ez mintzatzea traba handia zitzaion gure sainduari. Bertze nonbait ongi gehiago eginen zuela, abiatu zen handik. Lagunek mila othoitz egin zioten han geldiarazi nahiz, bainan alferretan:
«Jainkoak bertze norapait deitzen nau, zuek bazagozkete hemen. Elgarretarik berexia gatik, izpirituz eta bihotzez gauden bethi elgarrekin, eta Jainkoak lagunt gaitzala guziak, zoin gure urhatsetan.»
Gaizkitu zuten adixkidek, hetarik urrunduz gabetzen zituela bere berthutez, bere kontseilu zuhurrez; ezin khordokatu zuten haren xedea. Barzelonarat abiatu zen, bera oinez, liburuak astotxo baten gainean.
Iñazio berriz ikhustean, alegrantzian sarthu zen Barzelona; guti behar zuen iraun alegrantzia hark, Iñazio lekhutzerat zohalakotz, ez xoilki Barzelonatik, bainan Espainiatik. Haren atxikitzeko zer ez zuten egin Barzelondarrek? Bainan Jainkoak zeraman tokirat juan zen, behatu gabe batzuen othoitzer, bertzen nigarrer.
V.
Parisen, latin karrikako etxe batean, anaiak bezala bizi ziren gizon gazte arrotz batzu. Entzunik espantutan Pariseko eskolen berri, Pariserat ethorriak ziren jakitatearen bilha, eta gastu gutiago ukhaiteko, elgarrekin jarri ziren etxe eta ganbara berean.
1528an Otsailaren azkentsuan, gizon gazte hetarik bat, bertziak eskolan direlarik, sartzen da ganbara hartan; presan egiten du paket ttipi bat, diru untzi bat sartzen du paketaren barnean, eta besapean gorderik badoha lasterka.
Haren lagunak etxerat direnean, miresten dute haren ez han khausitzea.
«Horra zoinbait egun, dio batek, ez dela Diego eskolarat ageri; beldur naiz ez othe den makhur abiatu.
«Baditeke, dio bigarren batek; zonbait denbora huntan nekez emaiten du solhasa, eta lehen zenetik khanbio da.
«Ene adixkideak, dio hirurgarren batek, ez dezagun nihor juja, ez badugu guhaurek jujaturik izan nahi.»
Gau hartan ez zuten Diegorik ikhusi, ez zuten ikhusi biharamunean, eta biharamun agoan ere. Laugarren egunean jakin zuten Parisetik athera zela. Orduan Diegoren alde jarri zenak, bere laguner erran zioten:
«Ezin nagoke gehiago zuekin, sosik gabe naiz; ez dut ganbara saririk.»
«Eta Jauna, norat nahi zare juan?»
«Jondoni Jakiko ospitalerat; han urririk hartuko naute.»
«Eskola uzten duzu beraz?»
«Ez, ez nago eskola uztekotan; egun guziez ethorriko naiz Monteguko eskol-etxerat.»
«Bainan, Jauna, iguzkia athera gabe ez zitezke ospitaletik athera, eta iguzkia sarthu gabe behar zare ospitalean sarthu. Bertzalde, zure juan jinetan ospitaletik eskolarat, eskolatik ospitalerat, zonbat denbora ez zindezake gal? Zaude gurekin, antholatuko gare nolezpait; guk eginen dugu zuk bezala eta zuk eginen duzu guk bezala.»
«Ez, adixkide maiteak, bertze Español bat harturik hobeko duzue; hark bere emaitza ekharriz, ttipiago izanen dire zuen gastuak; banoha ospitalerat.»
«Iñazio jauna! zaurtzen darokuzu bihotza; othoi zaude gurekin.»
Heien othoitz guziak alfer izan ziren.
Espainiatik atheratzean, adixkide batzuek erran zioten Pariseko jendea arrotzentzat xuhur zela, eta othoiztu zuten urthe batetako behar zuen dirua heien eskutik har zezan. Iñaziok, bere oren guzien eskolari emaitea gatik, ukhanak hartu zituen. Bidea hatik oinez egin zuen denbora garratz batez, elhurrez elhur, mendiz mendi, bide guzian amoina eskatuz, Barzelonatik Pariseraino.
Ikhusi dugun bezala, Espaiñol batzuekin gerthatu zen Parisen; bere dirua atxikitzerat eman zion hautarik bati, eta hunek, diruaren erdia erhokerietan xahatu ondoan, bertze erdia ebatsi zion eta harekin ihes juan.
Bere laguner ez nahiz bizkarkin izan, eta galdu zuen diruaz hitz bat aiphatu gabe, juan zen Iñazio Jondoni Jakiko ospitalerat.
Handik egun guziez bazohan Monteguko eskol-etxerat. Haratekoan eta hunatekoan, bideko jender eskatzen zuen amoina, eta ordainez amoina izpirituala emaiten zioten. Eske horrek doidoia emaiten zion bizitzekoa eta galarazten denbora handia.
Aphez saindu bati entzunik Flandresen bazirela Español anhitz, ahalgoz eta borondate onez beteak, Flandreserat juan zen bere herritarretarik zerbait ahal zukenez. Anberzen, Pedro Quadrato tratulari gazte baten etxerat jautsi zen. Pedroren eskutik amoina handi bat hartzean, begirat behatu zion Iñaziok eta erran zion:
«Don Pedro, nitaz hoinbertze urrikaldu zarena, nik zer diotan orhoit zaite. Jainkoak ene bidez ordre berri bat emanen du bere elizari eta zuk egun batez ordre hartako etxe bat altxatuko duzu zure sorth-herrian.»
Brugen, bere mahainean jarrarazi zuen jakitate eta berthute handitako gizon batek, Luis Bibesek. Xoratua Iñazioren solhasez, Luis Bibesek bere adixkider erran zioten:
«Gizon hau egiazko saindu bat da, denborarekin ikhusiko duzue ordre berri baten buruzagi jartzen.»
Flandreseko Espaiñoletarik ez zuen Iñaziok eskaintza onik eta egitate onik baizik ukhan.
«Ez zaitela eske ibil, ziotsoten guziek, behar duzun guzia helduko darozugu Pariserat.»
Pariserat itzuli zenean, berriz sarthu zen Jondoni Jakiko ospitalean eta Monteguko eskolarat berriz abiatu. Bizitzekoa badu orai eta denbora gehiago eman dezake eskolari eta karitatezko obrer.
Jainkoak ezagutarazi zion ordre berriaren zimenduak Parisen behar zituela aurthiki, konpainia berriaren lehenbiziko soldadoak Parisen behar zituela hautatu.
Bere gogorako bi gizon gazter, Don Peraltori eta Don Amatori, eginarazi ziotzaten etserzizio izpiritualak. Bihotzez Jainkoaren maithatzea, bihotzez munduaren hastiatzea, horra zer zakharreten bethi etserzizio izpiritualek.
Eskoletako nausi batek ere, Don Juan de Kastrok, etserzizioak egin zituen, Iñazio erakusle, eta berthutean ez zen guti aitzinatu. Handik laster, Don Peraltok eta Don Amatorek, zituztenak saldurik eta pobrer emanik, Iñazio hartu zuten buruzagi, eta philda txar batzuez estaliak, Iñaziorekin jarri ziren Jondoni Jakiko ospitalean.
Adixkidek eta ahaidek ahal zituztenak eta ahal ez zituztenak egin zituzten heien hotzarazteko; bainan bihotza hetsi zuten batzuen larderiari, bertzen enganiozko hitzer.
VI.
Aire handitako jaun gazte bat ethortzen da arrastiri batez Jondoni Jakiko ospitalerat, diolarik:
«Doidoia hemen sarthu den gizon bati nahi nituzke bi hitz erran. Ezagut errexa da; soineko zuhail bat dakharre eta biloak dilindan.»
«Ah! zuk saindua galdatzen duzu; hemen ezik hala deitzen dugu. Zato, Jauna, zato; non den erakutsiko darozut.»
Sainduaren ganbararat denean, ez dio sainduak atze bati baino begitharte gehiago egiten.
«Don Iñazio, ez nauzu ezagutzen?»
«Zer? ez othe dut bada ezagutzen Juan de Madeba?»
«Don Iñazio, nahigabe handirik emaiten duzu zure jendekiari. Zure jendekia aphaldua dagokazu zure bizitzeko moldeaz eta eske ibiltzeko duzun thema gaxtoaz. Ez da hori zure sortzeari eman dena. Jendek zer nahi duzu erran dezaten zure etxekoez? Erranen dute edo zure haztekorik ez dutela, edo zure alderat bihotz gabe direla; gezurra batean eta bertzean; ezik Español guziek badakite ontasunez eta bihotzez zoin diren aberats Loiolatarrak. Bertze gauza bat oraino: zure ethorkiako jaun bat, zure ahalgoako jaun bat, ez diteke amoinaz bizi, amoinaz gabetzen dituen pobren alderat hobendun bilhakatu gabe.»
«Baditeke arrazoin duzun, Don Juan; jakinen dut gauza hori, eta anartean eskerrak darozkitzut ene jendekiari dakharrezun amodioaz.»
Biharamunean, galdeitza hau egiten du Iñaziok Sorbonako eskolari:
«Munduari ukho egin duen jaun gazte bat esketik bizi ditekhea, Jainkoa damustatu gabe?»
Guziek izkiribuz ihardesten dute:
«Ez da hortan bekhaturik, ez eta bekhatuaren itzalik ere.»
Juan de Madebari badakharro arrasta hori, dioelarik:
«Argitu nahi izan zaitut, ez baitezpada ene buruaren garbitzeko, bainan Jesu-Kristok goretsi duen berthute bat ez dezazun zuk aphalets.»
Juan de Madebak, erraiteko hoberik ez ukhanez, bakean utzi zuen eta hitzeman zion ez zuela nihorri haren izenik salhatuko.»
Iñazioren etsaiak ez zauden geldirik; ahal guziak egin zituzten Iñaziori bere lagunen khentzeko. Ezin bertzez, azkenean huna zer buru jo zuten. Goiz batez, hiriko muthilak harmetan sarthu ziren ospitalean, hirur gizon gazteak altxatu zituzten eta zoin beren etxetarat ereman. Han, enganioz eta mehatxuz herxatuak atxiki zituzten, Iñazioren kontra hitz bat edo bertze atherarazi nahiz. Enganioek eta mehatxuek nihor ez zuten irabazi; hirur gizon gazteak ez ziren ixildu Iñazioren berthuter lekhukotasunik laudagarrienaren bihurtzetik.
Gero ere etsai berak hautatuko ditu eta sutatuko ifernuak jenden omenean Iñazioren galarazteko.
Horien guzien artetik letra bat heldu zaio Iñaziori, Diegok igorririk. Letra hartan Diegok aithortzen diotza bere hutsak, bere ohointza, bere gastuak, bere tzarkeriak; mezutzen dio, Espainiarat itzuli nahia, errumesiak eta eritasunak dagokatela Ruanen, eta othoizten du Espainiarat itzultzeko egin dezon zerbait laguntza.
Gure sainduak entzuten du hobendun urrikituaren oihua. Adixkide bati non zer den erraiten dio, sar-athera bat egiten du Dominikanoen elizan eta Ruanerat oinez abiatzen da, Diego behar duela ariman eta gorphutzean soleitu. Barurik doha eta, zalhuago juaiteko, onthutsik khendurik bere oinetako dorpheak, othoiztuz Jainkoa onhets ditzan haren akhidurak eta izerdiak, eta baliaraz Diego gaixoari. Bozten zaio bihotza, agian aski amoina bilduko duela, Diegori esku ukhaldi on baten emaiteko.
Lehenbiziko arratsean, ospitale batean galdatzen du arrats hartako atherbea. Ohe baten erdia eskaintzen diote, eta Iñaziok batere mainarik gabe hartzen du, nahiz eskale zikhin bat den bertze erdian.
Naturalezari zaphaldi baten emaitea phesta zaio gure sainduari.
Bigarren arratsean, lastoan etzaten da; han bederen ez du lagunik. Hirurgarren arratseko Ruanerat heldua da, bere hura hatzemaiten du, maiteki besarkatzen du, eta segurtatzen dio aspaldian ahantzia duela haren hutsa. Biharamunean, argia gabe jeikirik, eske bat egiten du Diegorentzat; urririk ardiesten dio Espainiarateko untzia, eta letra batzuetan beroki gomendatzen du Espainiako bere ahaide, adixkider.
Hola mendekatzen dire sainduak.
Arte hortan, bazter nahasten ari ziren Iñazioren etsaiak. Fedearen tribunalerat heldu zuten beldurtu behar zela Iñazioz, eskoletako gazteria galtzen ari zuela eta sorginkeria zerbaitez ilusitua zagokala.
Fedearen tribunaleko buruzagia Matiu Ori da. Bere aitzinerat deitzen du Iñazio. Bainan Iñazio nihon ez da ageri, nihork ez dezake hatzeman; hortik mila elhepide.
Batzuek diote:
«Min zuen, min barnean; ihes egin du erre zezaten beldurrez.»
Bertzek diote:
«Zer egin da saindutasunezko itxura hura? Ikhusi duenean ez zezakela gehiago bere burua gorde, itzali da urkha zezaten beldurrez.»
«Horrek erran nahi du, diote bertze batzuek, soberakinak sobera direla eta Jainkozko gauzetan ez lukela gizonak barnegi sarthu behar.»
Parisen utzi duen adixkideak mezutzen dio haren gainean zer derasaten. Mezu hori ukhan bezain sarri husten du Ruane, Pariserat itzultzen da nihon baratu gabe. Bideko izerdiarekin eta erhautsarekin agertzen da Matiu Oriren aitzinerat, eta erraiten dio non eta nola jakin duen haren kontra derasatenen berri. «Jauna, hemen naiz orai; ene burua nahi nuke garbitu, zuk nahi baninduzu entzun.»
Matiu Orik laster ezagutzen du nor diren hobendunak eta nor ez. Bere estimuarekin Iñaziori emaiten dio bere amodioa, eta haren etsaiak igortzen ditu zinezko airaldi bat emanik.
Iñaziori ez ziotzaten hatik bere lagunak itzuli; mila asmu tzarrez atxiki zituzten beren nausi maitearen ganik urrun. Geroago, Juan de Kastro San Brunoren komentuan sarthu zen. Don Peralto Lur Saindurat juan nahiz ibili zen; bainan Aita Sainduaren ganik baimenik ezin ukhanez, Espainiarat itzuli zen. Don Amatoreren berririk ez dakigu.
Eskola bidean denbora handia galtzen zuelakotz, athera zen Iñazio ospitaletik, eta Santa Barbarako ondoan jarri. Santa Barbarako eskol-etxean filosofia has orduko, hogoi eta hemezortzi urthe bazituen gure sainduak.
VII.
Santa Barbarako filosofak igande egunetan elgarretarat biltzen ziren, arrazoinka arrazoinamenduan trebatzeko. Biltzarre hetan, nausiak lekhuko eta khitzikatzaile, elgar berotzen zuten eta laneko gostu handia hartzen. Biltzarre hek huts egiten zituen Iñaziok, igande zelakotz. Asteko sei egun emaiten zituen filosofiari; ez zitzaion sobera igandearen Jainkoari emaitea. Egun hartan eskolako lagun zonbaiti Jainkoaz mintzatzen zitzaioten, Jainkoa maitharazten zioten, bekhatu bidetik urruntzen zituen eta sakramenduetarat hurbilarazten.
Anhitz denbora gabe, filosofiako nausi batek, Jaun Peñak, khanbio handi bat khausitzen du bere eskolieretan. Non zer den jakin duenean, Iñazio deitzen du, eta aire samur batekin erraiten dio:
«Bi hutsez hobendun zare. Lehen hutsa da gure biltzarretarat ez ethortzea; bigarren hutsa da zure lagunak ethortzetik gibelatzea. Bertze arrangura bat ere badut: ez baduzu nahi, nahi ez duzuna ikhusi, zure egitekoak eginzkitzu eta bertzerenak utz.»
«Jaun Peña, zure biltzarretarat ethor ninteke, bainan elizaren manua da igande egunak sainduki iragan ditzadan; ene lagunek ere uste dut arrazoin bera duten.»
«Gauza hori zuk eman diozute burutarat; zure lagunak ez ziren gauza horri berak ohartuko. Xuhurra balinbaduzu, nik erranaz orhoit zite.»
Jaun Peñak bietan, hiruretan, egin ziotzan arrangura berak, bainan alferretan. Arima baten irabaz-bidea zakusanean, ez zuten Iñazio nihoren erranek izitzen.
Iñaziorekin burutziarik ezin eginez, eta hatik bere parra nahiz iragan, Jaun Peña badoha eskol-etxeko aintzindariaren ganat eta samurraren samurrez gorri-belztua:
«Jauna, erraiten dio, igandetako gure biltzarreak erortzerat dohatzi; atzar ordu dugu. Partida Iñazio dugu, eskale arrotz hori; bertze lanik ez baitu gizon gazten ilusitzea baizik.»
«Arrazoin duzu, dio koleran eskol-etxeko aitzindariak, . Lehen ere Amatore eta Peralto galdu darozkigu. Matiu Oriri hainbertze erran nion errumes txar hori preso ezar zezan; bainan Matiu Ori gezurrez hantu zuen eta saindu bat zela sinhetsarazi zion.»
«Zonbait ilhabete huntan, dio berriz ere Jaun Peñak, ene eskola husten ari da. Zonbatek ez dute mundua bethikotz utzi? Bertze zonbat, igandetan gureak zirenak, ez dabiltza orai Iñazioren ondotik, elizaz eliza, predikuz prediku, buru guzia ilusionez zoratua. Ez da bada deithoragarri bazterrak hola nahas ditzan tresna txar horrek?»
Aitzindaria gogoetetan egoiten da aphur bat; gero Jaun Peñari erraiten dio:
«Jaun Peña, egia diozu; ez dugu gehiago holakorik jasan behar. Zuri nago, bihar eskolan sartzen denean, salako gaztigua emana izan dakion.»
Egun hartan Jaun Peña eta haren eskualdeko batzu ikhusi zituzten elgarri beharrirat mintzatzen. Nausiak berak mezuka baizik ez ziren elgarrekin mintzo; seinhale nonbait zerbait bazela.
Eskolatik elkhitzean, adixkide min bat heldu zaio Iñaziori:
«Iñazio Jauna, erraiten dio, solhas bat entzun dut laztu nauena. Ez othoi gehiago Santa Barbarako eskolarat juan.»
«Zerentzat ez, ene adixkidea?»
«Zeren salako gaztigua baitagokate zuretzat.»
«Zer da salako gaztigua?»
«Zer den? ahalge ere banaiz erraiteko. Sekulako desohorea eratxikia zaio gaztigu horri.»
«Adixkide maitea, othoi hobeki argi nezazu. Gaztigu hori zertan datza?»
«Jauna, ez dautzut gordeko. Hobenduna salan sarthu denean, eskol-etxeko athe guziak hesten dituzte, eskolierak ezkilen errepikan biltzen dire eta salaren inguruan jartzen. Nausiak ethortzen dire azote bedera eskuan, hobenduna batek bertzearen ondotik joiten dute, eta izen-goithi bat hain itsusia emaiten diote, non ezin agert baititeke gehiago jenden arterat.»
«Eta gaztigu hortaz zerentzat naiz mehatxatua?»
«Guri egin darokuzun ongiarentzat.»
«Ah! beraz Jainkoaren loriakotzat da. Eginen ditut horren gainean neure phentsaketak.»
«Othoi! othoi! Jauna, ez gehiago harat itzul. Ordainez bazohazke Bobeseko eskol-etxerat; Franzizko Zabierekoa entzunen duzu han; ez duzu harekin deus galduko, jakitate handiko gizona egiten dute.»
«Adixkide maitea, Jainkoarekin ihardokiko dut zer egin.»
Bi adixkideak hartan behexi ziren, eskuak elgarri emanik.
Gure sainduak eskerrak bihurtu ziotzan Jainkoari jasaiterat zohan laidoaz, eta kharsuki othoiztu zuen ez zezan laido horrek, ez haren loriari, ez arimen Salbamenduari, kalterik ekhar. Biharamunean, Jainkoaren amoreagatik ahalge guzien jasaiterat ekharria, badoha Santa Barbarako eskol-etxerat. Athea idekitzean farrasta bat egiten dio bihotzak, desegiten zaio begithartea; gaztigu horren kontra oldartzen da haren izpiritua, jauzten haren odola. Hatik, begiak eta bihotza berheala altxatzen ditu zerurat, eta zaphatzen du, garhaitzen eta ithotzen odolaren mintzoa. Gudu horren ondotik botz bat entzuten du dioena, Jainkoak onhetsi duela haren sakrifizioa; laidostatua izaiteko orde, izanen dela goraltxatua; Jainkoaren loria eta arimen ona goraltxatze horrek behar dituela ekharri.
Orai badaki zer egin. Sartzen da; atheak hesten dituzte haren gibelean. Deuseren beldurrik gabe, badoha eskol-etxeko buruzagiaren ganbararat, bi hitz behar diotzola erran.
«Buruzagia, erraiten dio, gaztigurik borthitzena enetzat dagokazu, Jainkoak zeren lagundu dituen ene ahal ttipiak. Ez balu gaztigu horrek Jainkoaren loria mendratu behar, ez nuke horrentzat Salamankako burdinentzat baino beldur gehiago. Jakina naiz zer dagokazuen enetzat, eta aitzina ethorri naizenaz geroz, ikhusten duzu ez nabilala gaztigu horren ihes. Bainan hori da gauza bat niri bezala bertze anhitzer behatzen zaiotena; horri eratxia zaio anhitz arimen salbamendua. Hortarakotz, zuri nago, Jauna, zuzen othe den gehiagoko arrazoinik gabe gaztigu horren emaitea? Zuri nago, Jesu-Kristoren ezagutarazteak eta maitharazteak gastigu hori merezi othe duten? Zuri nago, zilegi othe zaizuen ene horrela aphaltzea eta beltzea bekhatoros zonbaiten ene ganik urruntzekotan?
Buruzagiak ez du hitzik ihardesten; nigarrez dago. Aphur baten buruan, eskutik hartzen du Iñazio eta salarat eremaiten du. Han daude nausiak azoteak eskuan, han eskolierak nausien inguruan. Nausiek azotea altxatzerakoan, buruzagia nigarrez erortzen da Iñazioren oinetarat, dioelarik:
«Jauna! barkha, othoi, zure kontra hoin arhinki ekharri dudan arrasta. Barkha, othoi, zuri eta zutaz Jainkoari egiterat nindohan damu izigarria. Urriki dut, urriki bihotzaren erditik!»
Xutitzen da gero, Iñaziok eskua emanik, eta han diren guzier erraiten diote:
«Hemendik aitzina saindu bat bezala ekharria izan bedi Iñazio gut’artean. Nik hala dagokat eta nahiz ez duen berak holakorik entzun nahi, diot saindu bat dela.»
Orduan ixildu ziren Iñazioren kontrako elheak. Jaun Peña bera barkhamenduskatu zitzaion. Moseralo eta Balho, eskolako bi nausi, Iñaziorekin adixkide handi jarri ziren. Eskol-etxe guzian ez zen aiphu Iñazioren saindutasunaz baizik, eta Iñazioren jakitateaz ez zuen laudorio txarra egiten doktor Marzialek, zionean:
«Jainkozko gauzetan, Pariseko doktor guziak baino jakintsunago da Iñazio.»
VIII.
Iñazio Loiolakoa Frantsesari ohartua zen, eta Frantsesean aski trebe ere bai, Frantsesen arterat agertzeko. Ez zuen guti erran nahi gure sainduarentzat, zoinak amodio berean sartzen baitzituen Frantsesak eta Españolak, eta batzuer eta bertzer Jainkoa nahi baitzioten ezagutarazi eta maitharazi.
Egun batez, Elizako kargudun baten etxerat behartzen da. Kargudun hau bere eginbidetan lazoskoa, billartean ari dela khausitzen du. Partida akhabatu denean, kargudunak makhila bat eskaintzen dio Iñaziori, jokha dadin haren kontra.
«Jauna, ez dut joko hori ezagutzen, phondu baten egiten ez nakike.
«Has zaite, has, nik erakutsiko dautzut; gero erranen duket saindua ere jokoan artzen dela.»
Garaitiko phentsamendu batez argitua, Iñaziok erraiten dio:
«Ariko naiz, Jauna, ez hâtik zerbait hirriskatu gabe. Galtzen badut, ilhabete batez zure muthil jarriko naiz. Irabazten badut, gauza bat manatuko dautzut on handia eginen dautzuna.»
Ixpixo hori irriz hartzen du kargudunak eta hasten dire, edo hobeki erraiteko hasten da gure saindua. Begia, eskua, makhila hain dabiltza xuxen, non partida guzia aralde batez baiterama.
Karguduna, Iñaziori so, harritua:
«Lehenbiziko jokhaldian nola egin ahal du joko hori?... Ah! Jainkoa dabila, Jainkoa, ene ondotik, ni bizitzez khanbia nadin.»
Iñaziori galdatzen dio zer den haren irabazia. Iñaziok manatzen diotza etserzizio izpiritualak. Manatu bezala ilhabete oso batez egiten ditu, bere baithan sartzen da, bertze bat bilhakatzen da eta berthuterik ederrenez ohoratzen du bere apheztasuna.
Gizon gazte bat, Iñaziok erroitzetik atheraia, berriz erroitzerat eroria zagon. Handik haren altxatzeko alfer ziren fedearen mehatxuak, alfer adixkidetasunaren botza, alfer othoitzik kharsuenak. Sainduek, nahi duten grazia hura ardietsi artio, ez diote zeruari bakerik emaiten. Hirur egunetako barur bat hartu zuen Iñaziok; hirur egun hek aldaren oinetan iragan zituen, jan ez edan gabe, lo ihitzik egin gabe, othoitzez Jainkoari arima dohakabe hura bere graziaz hunki zezan. Hainbertze auhener eta othoitzer saria zor zioten Jainkoak. Onerat eman zuen gizon gazteak eta zin zinez. Iñazioren goara bizi izan zen, bide zuzenetik behin ere zeihartu gabe.
Arimaren kalte handitan, norbaitekilakoa bazagokan gure sainduaren adixkide batek. Saindua ez zen othoitzetik baratzen; othoitzak adixkideari lokharri hura hauts zezan, othoitzak zeruari arima itsutu hura argi zezan. Haren othoitz guzier elkhorrarena egiten zuten, bai adixkideak, bai zeruak. Arrats guziez hiritik bazohan hobenduna, bihotzak norat zeraman. Iñazio Loiolakoaren karitateak sobera khar zuen adixkide baten hortan uzteko. Haren arimaren irabaztekotan guti lakioke bere odol guziaren ixurtzea.
Negua zen; hotza borthitza. Ur gehienak hormatuak ziren, hala nola Biebreko ura, zoina zubi ttipi batean iragaiten baitzuen hobendunak, ohi zuen tokirat juaiteko.
Arrats batez badoha gure saindua zubi hartarat; erdi buluzia jauzi egiten du urerat, horma hausten du, eta han, lephoraino horman sarthua, Jainkoa nigar auhenetan othoizten du pietate har dezan haren adixkideaz. Bere tenorean jiten da adixkidea. Zubi puntarat denean harritua baratzen du. Urean dakusa Iñazio, uretik entzuten du haren botza:
«Zohazi, zohazi, arimaren galtzeko hirriskuan, zohazi Ifernuak zeramatzan tokirat! Ni zure adixkidea, ni hemen egonen naiz zure atsegin lizunen auhendatzen. Zohazi bada! nik hemen igurikatuko zaitut, hemen khausituko nauzu gaur, bihar, etzi, egun guziez. Hemen egonen naiz Jainkoak zure arimari bizia, edo ene gorphutzari heriotzea eman artio.»
«Ez, ez, dio nigarretan hobendunak, ez, ene adixkide maitea, ez naiz urrunago juanen! ez naiz juanen, ez orai, ez gero; akhabo da.»
Zinezkoa izan zen haren urrikia, utzi zituen ezik ibilpide gaxto guziak.
Ospitalean ere bazuen Iñaziok zer egin. Eriak arthatzen zituen, hilak ehorzten eta lanik aphalenetarat jautsiz naturaleza zehatzen. Nahiz jarria zen ospitaleko lan gehiener, eritasun batzuer ezin iarriz zagon oraino, eta hortan ere nahi zuen garhaitu bere burua.
Jakiten du egun batez gizon khotsudun bat ekharri dutela ospitalerat. Khotsudun horri emaiten diotza artharik amulsuenak. Eriak erraiten dio baduela bertzalde zauri itsusi bat. Zauri hori garbitzen eta lotzen dio gure sainduak, eta solhasik gozoenez borthizten dio bihotza. Betbetan bihotza eskasten zaio berari... laztura batek hartzen du Iruñeko eta Naierako gerlaria... khotsa banindeza!... Hortarik gudu ikharagarri bat graziaren eta odolaren artean, gizonaren eta sainduaren artean... Graziak garhaitzen du odola, sainduak gizona. Gurtzen da Iñazio eta khotsuduna maiteki besarkatzen du bere bihotzaren kontra. Etsaia ez da lurreraia baizik, behar du lehertu. Hortarakotz, egun guziez itzultzen da ospitalerat, bihotz guzia ixurtzen du erien bihotzetarat, khotsudunen bihotzetarat bereziki, eta emeki emeki, beldur guziez gorago jartzen da haren berthutea.
Iñazio Loiolakoari ez zaio aski eskolari jarraikitzea, arimen irabaztea, erien arthatzea, barurean eta othoitzean bizitzea; bertze egiteko handi bat badabila gogoan.
Jainkoaren borondatearen berri jakina da. Badaki jo duela armada berriaren altxatzeko orenak, eta armada hortako lehen soldadoak ezagutu nahia da. Badaki armada hori elizaren jaioa izan beharra dela eta armada horren etsaiekin izartu nahia da, armada horren guduak eta bitoriak ikhusi nahia da.
IX.
Parisen, eskoletako nausi guzien artean ethorkizunik ederrenekoa, Nafartar bat zen, filosofiaren erakutsle Bobeseko eskol-etxean. Haren berri entzunik, ikhusterat juan zitzaion Iñazio. Haren mintzaire garbiak, haren itxura begikoak, haren jakitate hedatuak, ispirituko eta gorphutzeko haren dohain ederrek xoratua atxiki zuten, eta behin baino gehiagotan erranarazi zioten:
«Zer apostoluaren geia!»
Handik harat, oren on baten beha zagon Nafartarrekin solhasean sartzeko.
Franzizko Zabierekoa aitaren aldetik Garaztarra zen, amaren aldetik Baztandarra. Jatsuko Jauna zuen aita, Azpilkuetako andrea ama. Zabiereko jauregian sorthu zen, Aphirilaren 17an 1506an. Zabierekoa deitzen dugu, Zabiereko jauregia bere erorkia zuelakotz; Jatsuarra deithuko ginuen bertzenaz.
Ttipi ttipitik ikhasteko gutizia handi bat erakutsi zuen Franzizkok, eta hemezortzi urthetarat zenean, aita amek Pariserat igorri zuten eskola handien egiterat. Jaun Peñaren eskolier sarthu zen Santa Barbarako eskol-etxean, eta etxe berean hatzeman zuen bera iduri lagun bat, adin berekoa, thalendu berekoa, ez hatik sorterro berekoa. Hura zen Piarres Lefebre, Geneba aldekoa, Billareteko laborari pobre baten semea. Arzain ibilia zen haurrean. Haren pietatea eta hartze ona miretsirik, burhasoek auzo herriko eskola batean ezarri zuten. Ikhusi guziak ikhasi zituen Piarresek. Orduan, latina hasarazi zion oseba fraile batek, eta zonbait denboraren buruan Pariserat igorri zuen, Santa Barbaran filosofiaren egiterat. Franzizkok eta Piarresek han hatzeman zuten elgar eta ezagutzak berheala egin elgarrekin. Etxe berean jarri ziren, mahain berean, ganbara berean. Filosofia elgarrekin hasi zuten, elgarrekin akhabatu; eta gero ere, Bobeseko nausigoa ardietsi zuenean Franzizkok, elgar ezin utzi zuten, eta lehen bezala elgarrekin bizi ziren batasunik handienean.
Iñazio Loiolakoak laster beretu zuen Piarres, bainan Franzizko nihondik ez zezaken bil. Iñazio zonbatenaz amultsuago, Franzizko hanbatenaz bihurriago; Iñazio bethi Franzizkoren ondotik, Franzizko bethi Iñazioren ihes; Iñazio bethi Jainkoaz Franzizkori, Franzizko bethi munduaz Iñaziori; Iñazioren errankizun sainduer Franzizkok bethi irri eta trufa. Piarresi anhitz pena zitzaion ikhustea alde batetik hainbertze karitate, bertzetik hainbertze hoztasun; alde batetik hainbertze solhas gozo, bertzetik hainbertze atheraldi idor.
Saindua hurbilagodanik ikhusiz irriak sarthuko direlakoan, Franzizkori erraiten dio egun batez:
«Ontsa nahi nuke Iñazio hirurgarren hartu gure ganbararat.»
«Zuk hala nahi baduzu, ihardesten dio Franzizkok, hala nahi dut nik ere. Gauza bat behar diogu hatik hitzemanarazi.»
«Zer bada, Franzizko?»
«Egunaz ez bada, gauaz bederen ixilik utziko gaituela.»
«Ez dut uste, Franzizko, lo egitetik baratu nahiko gaituen.»
«Baditeke; bainan on da jakin dezan ez dugula gauaz haren erasiaren beharrik.»
Irri bat egin zion Piarresek. Bere adixkide maitearen saindu baten eskuetan ikhusteak handizki boztu zion barnea, eta bihotzaren zolan eskerrik handienak eman ziotzan Jainkoari.
Hirurak batetarat zirenean, Iñazioren erranak egundaino baino alferrago; Franzizko bethi bere hartan. Mila aditzailen laudorioez lilluratua, nola entzun zitzazken bertze munduko solhasak?
«Zer ari da gizona, erraiten zion Iñaziok, mundu guzia irabazirik ere, arima galtzen badu?»
«Zer ari da gizona, ihardesten zion Franzizkok, golz arrats predikaturik ere, ez badu nihor konbertitzen?»
Etsiaraziko zion bertze bati, Iñaziori ez zion etsiarazten. Franzizkoren elhe batzuetarik iduritu zitzaion Iñaziori, egun ez bazen bihar, bihar ez bazen etzi, eskuratuko zuela. Hortakotz, eztiki jokhatzen zitzaion, larderia gaxtorik gabe, ile alde ahal bezenbat; Franzizkoren naturaleza minberak hala behar bide zuen.
Juan de Madebarekin gerthatu zen batez, Franzizkok aiphatu zion ganbarako hirurgarren lagunaz, bertziak ez bezalakoa zela, bizitze garratz bat zeramala eta ontsa jakin nahia zela nor othe ziteken.
Juan de Madebak ihardetsi zion:
«Zer? Egun oroz ikhusten duzu eta ez dakizu nor den?»
«Ez, ez dakit; egundaino ezin erranarazi diot.»
«Loiolako seme gaztena da... erregeren gortheko lilia, Naierako hirian lehen sarthu dena, Iruñen hain lorioski erori dena... Bere jendek hainbertze egin diote eta egiten, ez dadin ibiltzen den bezala ibil, eskale baten hatu guziekin, mundu guziaren irriegingarri...»
Ganbarako laguna nor zuen entzutean, harritu zen Franzizko. Bere anaietarik jakina zen Iñazio Loiolakoaren berri; Iñaziorekin egonak ziren gorthean, harekilakoa bazagokaten eta bertzalde Loiolako eta Zabiereko familiak bethidanik elgarrekin bat ziren. Etxean sartzean, Iñaziori galdatu zion Loiolatarra zenez. Iñaziok aithortu zion hala zela. Oi! orduan Franzizkoren urrikia, Iñaziori hala jazarririk! Iñazioz jostagailu bat eginik! Handik harat ez zuen aski laudorio Iñaziorentzat; haren eztitasuna, haren umiltasuna, haren karitatea, mihian zituen bethi. Haren berthuteak goresten zituen arren, ez zuen oraino imitatzeko gogorik. Jainkoaren graziaz higitua zen Franzizko, inharrosia zen, herxatua zen, bainan ez zen garhaitua.
Erroak barna dituen arbola bat ez du edozoin haize-kolpek lurreratzen. Bihotz suhar batean munduko lokharrien hausteko, lan behar da eta denbora. Iñaziok ez zuen Franzizko bere itzalak baino gehiago uzten. Setiatua zagokan batean behatze ezti batez, bertzean hitz sarkhor batez, ardura hitz hautaz:
«Zer ari da gizona mundu guzia bereturik ere, arima galtzen badu?»
Hitz horiek entzutean, frangotan bere lana utziko zuen Franzizkok eta gogoetatua egonen zen, hats beherapen batzu aurthikitzen zituela.
Liburu zabaldu batean bezala irakurtzen zuen Iñaziok Zabieren bihotzean. Bazakien bihotz hartako guduen berri; ikhusten zuen graziak eta munduak han zabilaten borroka, eta graziaren dei amulsua laguntzen zuen bere othoitzen eta obra onen indarraz.
Iduritu zaionean jo duela hanbat antsiarekin igurikatu orenak, juaiten zaio eta ausartzia saindu batekin erraiten dio:
«Ene adixkidea! ona baita zure bihotza! aberatsa baita zure bihotza! Zure bihotza damu da munduarentzat, soberakina da munduarentzat. Zure bihotz zabala ezin ase dezake munduak. Gauza horri uste dut zuhoni ere ohartua zaren, ezik zonbait egun huntan zure begiak galdu du bere arraitasuna, eta bereziki egun arras gogoetatua iduritu zaizkit. Ez zare, segur, arrangurarik gabe.»
«Bai, Iñazio, baditut arrangurak, bainan badakizu zertaz? Zu gaizki bilhatu izaiteaz. Zuzen kontrako elhe eta obrak higuin ditut; bada ni zuzen kontra jazarri nizaizu; hortaz dut urriki. Ene ethorkizunaz den bezenbatean, ez dezoket adiorik erran. Hunkitua naiz enetzat duzun amodioaz, handiesten dut zure saindutasuna; bainan gogoak ez nau laguntzen zuri jarraikitzerat.»
«Franzizko maitea, lehen erranak behar darozkitzut beraz berriz ere erran. Gizona zer ari da mundua irabazirik ere, arima galtzen badu? Zure anbizionea ederra da; bainan zerua bilhatzen duen anbizionea ez othe da ederrago? Bertze bizirik ez balitz oraikoa baizik, zuk zenduke arrazoina. Bainan oraiko bizia ez balinbada khe bat baizik, geroko bizia balinbada egiazko bizia, ez othe da erhokeria oraikoaren ondotik ibiliz gerokoaren galtzea? Mundurat agertu diren gizonik aiphatuenak, aberatsenak, munduaren arabera dohatsuenak, non dire orai, Franzizko? Gozatu dire ontasunez, gozatu atseginez; hiltzean zer gelditu zaiote? Eternitatean sartzean zer hatzeman dute? Zer ari da beraz gizona mundu guzia bereturik ere, arima galtzen badu?»
«Jakintsun bilhakatuz, jakintsunaren aiphamena kharreatuz, ez othe niteke salba?»
«Behar bada bai, behar bada ez. Zuk dakizuna da, Jainkoak nahi duela haren amoreagatik mundua utz dezazun.»
«Mundua utz!!! Eta idea hertsi batzuetan sar!!!»
«Hertsiak, Franzizko? Eternitatea hartzen dute idea horiek, hartzen tuzte mende iraganak eta iragaitekoak. Munduaren ideek hedadura gehiago othe dute?
«Saindutasunaz zuk duzun idea ez da ene goarako; ahalgegarri zait; ezik manatzen dautzu eske ibiltzea, soineko txar baten ekhartzea, laido guzien barkhatzea. Oh! ez, ez; ez naiz sekulan idea hortako izanen.»
«Franzizko! ahalgegarri deitzen duzu arima altxatzen duena? Arimari hegalak emaiten dituena? Salbatzaileak hitzez eta obraz gomendatu darokuna? Salbatzaileari jarraikitzeak, arima aphaltzetik urrun, arima edertzen du eta zeruraino altxatzen; zuzenegi da zure izpiritua gauza horren ez ikhusteko. Zabier maitea, galdeitza bat eginen dautzut; zure izpirituari nago, zure bihotzari nago. Zer da hobe? Arimaren zorion eternaletan maite denaz orai gabetzea, ala arimaren zorigaitz eternaletan maite denaz orai gozatzea? Zer diozu? Zer da zuhurrago?»
Franzizkok ez du ihardesten; haren begithartea khanbiatua da, haren eskua ikharan dago Iñazioren eskuan, gudukan ari da haren bihotza.
«Zure ixiltasunak ez du guti erran nahi; hortan gauden egun. Segur naiz bihar zuhaurek erranen dautazula: Zer ari da gizona mundua irabazirik ere, arima galtzen badu?»
«Ez dut biharrerat utzi nahi, garhaitua naiz, aithortzen dut. Bainan ez ditzazket guziak utz... ez ditzazket.»
«Gaur iduritzen zaizu ez dezakezula; bainan zure naturalezako gizon bat ez da bide erditan baratzen. Egia behin ezagutuz geroz, begirik ez du haren ikhusteko baizik, mihirik hartaz mintzatzeko baizik, bihotzik haren maithatzeko baizik, indarrik haren zerbitzatzeko baizik.»
Franzizkok ez dio ihardesten. Iñazio jeikitzen da, ganbaran egiten ditu zonbait urhats; gero behatzen dio bere adixkide maiteari, zoinak iduri baitu harat edo hunat egiterat dohala. Heien begiek noiz bait elgar hatzemaiten dute eta behatze batez aski erraiten dute elgarri. Bat bertzearen besoetarat erortzen dire bi Heskualdunak, biak bozkariozko nigarretan, Jainkoari eskerrak bihurtzen dituztela, batek irabazi handi bat eginik, bertzeak bere burua irabazterat utzirik.
Etserzizio izpiritualak bakantzen hastean egin zituen Zabierek, Iñazio erakasle. Izpiritua bilduago atxikitzeko, karrika ixil batean jarri zen, arraots guzietarik urrun. Debruari sobera jasan zitzaion Zabieren galtzea Iñaziori ez mendekatzeko.
Migel Nabarrok Zabier maite zuen, batetik maithagarria zelakotz, bertzetik zorren estaltzen laguntzen zuelakotz. Ohartu zenean Iñaziok beretzen ari zuela, mila gezur ekharri ziotzan Iñazioren kontra. Bainan haren gezur tzarrak gaitzhartu zituen Zabierek eta ixilarazi ere zuen. Bekhaizkoz eta mendekioz itsutua, xede izigarri bat hartu zuen orduan Migelek.
Piarres etxerat juana izanez, eta Zabier etserzizio izpirueletan sarthua, hiruren ganbara bakharrik zagokan Iñaziok. Horri oharturik, gauherditan juaiten da Migel santa Barbarako eskol-etxerat, khordazko zurubi bat galtzarpean, puñala papoan. Sainduaren leihorat aurthikitzen du zurubia. Zurubiari gora igaiten da, leihoan da, leihoaren hausterat doha, ihurtzuriaren pare entzuten duenean botz hau:
«Norat hoa, dohakabea? Zeren egiterat hoa?»
Harritua, zain guziak ikharan, hatsa doidoia hartzen duela, aztaparka lotzen da leihoari, inharrosten du, idekitzen du, erortzen da Iñazioren oinetarat, aithortzen dio bere krima eta barkhatua zaio.
Nihorrekin ez zelakotz hitzartua, Migelek errexki ezagutu zuen, Iñazioren eta haren artean Jainkoa sarthu ahal izan zela bakharrik. Egiazkoa zen beraz haren urrikia; ez hatik iraupen handikoa, gero ageriko den bezala. Etserziziotarik atheratzean saindu bat zen jadanik Franzizko, Iñazioren bozkarioa zen. Ordukotz Iñaziok bazuen Piarresen hitza Lur Saindurat juanen zela; urhats beraz aiphatu zion Franzizkori ere:
«Nausi maitea, ihardetsi zion Franzizkok, besarkatzen zuelarik, ene arimaren aita zare, norat nahi jarraikiko nitzaizu. Hilean eta bizian zuri nago.»
X.
1533ko udan, eguerdi gain batez, bi zaldizko gazte, bidez akhituak, bideko erhautsaz xurituak, Pariseko athetan trikatzen dire, san Migeleko karrika non den? San Migeleko karrikan harat dohatzilarik, zaharrenak erraiten dio gaztenari:
«Horra! horra!»
Eta zalditik jautsirik, laster egiten du itxura hitseko gizon baten ganat.
«Jauna, erraiten dio, zure ondotik nabila. Ez zare zu Don Iñazio Loiolakoa?»
«Bai, Jauna, hura naiz.»
«Ezagutu zaitut, nahiz ez zintundan behin ere ikhusi. Alkalan eta Salamankan hainbertze entzun dugu zutaz, eta hain gare saindu bilhakatu nahiak, non zure othoitzterat ethorri baikare, har gaitzazun zure dizipuluen nonbrean.»
Horrela mintzo zena Diego Lainez zen, Almazandarra, eta haren laguna Alfonzio Salmeron, Toleda ondokoa. Lehenak hogoi eta bat urthe zituen, bigarrenak hemeretzi; bata eta bertzea kosko onekoak eta Alkalako eskoletan beren heineko guti hatzeman zutenak. Hetan bietan laster ikhusi zuen Iñaziok bi apostoluren geia. Maiteki besarkatu zituen, eta etserzizio izpiritualak eginarazi ziotzaten. Etserziziotarik athera ziren bere xede onetan borthiztuak eta berthute berriz bereginduak.
Filosofiako denboran, ezagutza hertsiak egin zituen Iñaziok Simon Rodrigues Portugues batekin. Rodrigues, berthute eta jakitate handitakoa, goizik ohartu zen Iñazioren izpirituko hedadurari, eta fidantza oso batekin eman ziotzan, bai bere bihotza, bai bere arimaren gidamendua. Aiphatu ere zion behin baino gehiagotan Lur Sainduaz, Lur Saindurat juaiteko eta paganoen argitzeko zuen gutiziaz. Iñaziok ezaguturik Rodrigesen bihotzeko kharra Jainkoak phiztu khar bat zela, etserzizioak eginarazi ziotzan eta hartu zuen bere banderaren pean.
Bandera beraren pean jarri zen Bobadilla deitzen zen bat. Bobadilla, Iñazioren karitateaz hunkitua, lehenik haren erraner behatzen hasi zen. Etserzizioak geroxago egin zituen, eta hetarik atheratzean maite zuen erraitea, bakerik gozoena zor zioela Iñaziori eta nahi zitzaiola heriotzeraino jarraiki.
Eskolan zabiltzanetan, bat bazen gure sainduak aspaldian begistatu zuena, eta nehola ere bil ez zezakena. Hura zen Geronimo Natale, Maiorkakoa. Natalek aphez egiteko gogoa bazuen, bainan ez Iñazioren armadan sartzekoa. Natale bildu nahiz ibili ziren Piarres eta Lainez ere; Natalek etsiarazi zioten, harentzat xarma guti baitzuen Iñazioren bizi modu garratzak. Iñazioren kofesora ere, Don Manuel, bethi eta bethi ari zitzaion Iñaziori jarraikitzeaz. Ixilarazi nahi zuenean, Natalek ihardesten zion:
«Zerurat juaiteko behar othe dut baitezpada Iñaziori jarraiki? Abia zite zu lehenik, Don Manuel. Harrazu Iñazio Loiolakoaren bandera; jauntz zazu hark bezala soineko urratu bat; ibil zite hura bezala athez athe, xakutto bat bizkarrian; zohazi harekin lepradunetarat: hitz batez jarraik zazkio, eta orduan zerbait eginen dut behar bada, nik ere.»
Ez du halere etsitzen Iñaziok. Egun batez, eliza baterat eremaiten du Natale, eta han, Salbatzailearen aitzinean, othoizten du utz dezan aldebat mundua, sar dadin bide hertsian eta lotsarik gabe sar dadin. Iñazio bero bezain, Natale hotz. Othoitz bera kharsuago egiten du berriz ere. Oraikoan Iñazioren hitz sarkhorrek Natale hunki dute nigarretaraino. Bainan nigarrak sartzen ditu, borthitzarena egiten du, eta Iñaziori Ebanjelioko liburua erakusten diola, erraiten dio:
«Liburu hau aski dut; hobeagorik ez baduzu, ez naiz zure ondotik abiatuko. Bertzalde, nik dakita zure eta zure lagunen berri? Nik dakita zer egin gogo duzuen? norat juan gogo duzuen? Nahiago dut beraz neure gisa bizi.»
Eta Iñazio uzten du orai eta sekulako.
Handik zonbait urtheren buruan, aphez bat jin zitzaion Iñaziori, burua eta begiak aphal, othoi, othoi, bere komenturat har dezan. Aphez hura... Natale zen.
Iñazioren lagunek ez zakiten oraino batek bertziaren berri. Bakhotxak uste zuen bakharra zela, Iñaziorekin Lur Saindurat juan beharra. Elgarren berri jakiteko eguna hurbildu zenean, Iñaziok bakharzka othoiztu zituen sar ziten beren baithan, eta, barurean eta othoitzean, Jainkoari argi berriak galda zitzaten. Etserzizio hortarik landa, holako eguna, holako orena eman zioten haren etxean aurkhitzeko; egun bera, oren bera guzier. Hitzartu bezala ethorri zitzaizkon, eta elgar ikhusteaz handizki bozkariatu ziren. Zazpi ziren, eta zazpiak zer gizonak! Jakitearekin bandera bereko soldado zirela, nigarrari eman ziren bozkarioz.
Lur Sainduaz mintzatu zitzaioten Iñazio: Lur Sainduaren ikhustea bihotz erdiragarri zela; Paganoak zirela Lur Sainduaren jabe; Lur Saindurat nahi lituzkela bere indarrak erakharri; han bere jasaitekoez Jainkoaren izena goretsi; han bere nekhez, bere predikuez fedea hedatu, bere odolaz fedea zigilatu.
Iñazioren hitzaz berotuak, guziek betan erran zuten:
«Lur Saindurat! Lur Saindurat!»
Guziek hartu zuten xedea heriotzeraino beren nausiari jarraikitzeko. Elgar besarkatu zuten eta elgarri hitzeman anaiak bezala biziko zirela elgarrekin.
Gero hitzartu zuten, eskolak akhabatu eta Benizerat bilduko zirela, Benizetik Lur Saindurat juaiteko, baldin urthe batik barnean juaiten ahal baziren; urthe bateko ephea iraganez geroz, Lur Saindurako urhatsa utziko zutela, eta ordainez Errumarat juanen zirela, Aita Sainduari beren buruen eskaintzerat. Xede kharsu horiek hotz ez ziten, Andre dena Maria Agorrilakoa behexi zuten biltzarre berri batentzat. Biltzarrea egin zuten Monmartreko komentuan, martiren kaperan. Piarresek eman zuen meza; egun hetan ukhana zen ordena saindua. Komuniatzerat eman baino lehen, lagunetarat itzuli zen, ostia saindua eskuetan zagokala, eta ostia saindua lekhuko, guziek, bakhotxak bere aldian, egin zituzten garbitasunezko eta pobreziazko botuak. Hitzeman ere zuten Lur Saindurat juanen zirela, eta juan ahal ez bazitazken, beren buruak Aita Sainduari eskainiko ziotzatela; ez zutela Elizan kargurik hartuko, eta lan guziak urririk eginen zituztela.
Botu eta agintza horien ondotik, hain kharsuki komuniatu zuten non, denboraren buruan ere, Rodrigesek baitzion ez zuela egundaino halako zorionik jastatu.
Eskolak akhabatu artean, elgar behar zuten ardura ikhusi; zeruko gauzez elgarrekin ihardoki; igande eta phesta egunetan sakramenduetarat hurbildu; urthe guziez beren botuak berritu, anaiek bezala elgar maithatu; guziek ez egin bihotz bat eta arima bat baizik.
Jesusen konpainia sorthua zen.
Aspaldian barneko min batek xahutzen ari zuen Iñazio.Halere ez zituen, ez laburtzen bere othoitzak, ez ttipitzen eskolako lanak, ez gutiago arthatzen eriak, ez gutiago larderiatzen bere gorphutza.
Ez zen guti miresteko bere burua hainbertze akhituz, bere buruaren hain etsai izanez, nola irauten ahal zuen, nola ahal zagoken xutik. Noizbait hatik medikuetarat behar ukhan zuen, eta medikuek herriko airea manatu zioten. Bere lagun maiten uzteak erdiratzen zion bihotza; bainan ezaguturik hala zela Jainkoaren borondatea, ez zen bihurtu medikuen erranari.
Bere laguner aita on baten solhasak atxiki ondoan, eta Piarres, aphez zelakotz, buruzagitzat utzi ondoan, oinez abiatu zen Heskual herrirat. Lagunek, urrikaldurik, zaldi bat erosi zioten, hexur eta larru, bazohakela bai haren gainean, pobreziazko botuaren hausteko beldurrik gabe.
__________
LAURGARREN PHARTEA
Jesusen konpainiaren altxazaile
I.
1535an Aphirilaren ondarrean, iguzkia etzaterakoan, Jaun zaldizko bat, muthilak ondotik, Andoaineko ostaturat jausten da. Bizkaiako hiri ttipi bat da Andoaine. Ostalerra heldu zaio, diotsola:
«Ongi ethorri zarela Ekibarreko jauna! ostatua zurea da eta ostalerra zure manuko.»
Ostalerra harat hunat dabilalarik zaldien edanarazten eta phusken antholatzen, Ekibarreko Jaunak erraiten dio:
«Denbora eder hunekin baduzu jende, Antonio?»
«Holaxe, Jauna, holaxe; ez nahi bezenbat.»
«Hanbat gaxtoago, Antonio, zure etxea bethi jendez bethea nahi nuke ikhusi.»
«Oh! orduan sobera ontsa gintezke; egun ez zait ethorri gizon gaixo bat baizik; urrundanik heldu dela; philda txar batzu soinean; zaldi txar bat azpian; heskuaraz mintzo, heskualdun garbiena bezala. Nago hatik, hatu horien pean, aitoren-seme bat othe den.»
«Zerk emaiten dauzu beldur hori, Antonio?»
«Zerk emaiten dautan? Nahiz eskale arropan den, eta nahiz haren zaldia larreko hobea den bideko baino, Jaun handi baten itxura khausitzen diot. Ez othoi samur, Jauna; bainan haren begirantzak ez du batere zureari zorrik. Urrundanik heldu omen da, nola deitzen den ez du erran... Gizonak ikhusi ditut nik lehenere; jakizazu hemen zerbait badela.»
«Gerthatzen ez denik ez da, Antonio; noiz artio da zure etxean?»
«Bihar artio, Jauna.»
«Ikhusi nahi nuke.»
«Jauna, aski duzu igaitea. Gain gaineko ganbaran da, eta nor den, zer ari den, athe artetik ikhusiko duzu.»
Igaiten da; arrotza ikhustearekin, bozkarioz jauzi egiten du, eta, lasterka jautsirik, Antoniori erraiten dio:
«Zure arrotza arras ongi ezagutu dut. Jaun handi bat eta saindu bat; ez dut hatik nahi nihori salha dezazun, bertzenaz urrikituko zaizu.»
«Jauna, ez dut nihori salhatuko; bainan noiz artio behar dut neuretzat atxiki?»
«Zure ostatua hustu duen artio.»
Eta Ekibarreko Jauna, zaldirat igainik, badoha ximixtaren pare. Gaua da; Loiola inguruan tronpeta batek atzartzen ditu Oiharzun lokhartuak... «Nor heldu othe zaiku tenore huntan?...»
Afariaren erdirat Ekibarreko Jauna erortzen zaiote:
«Berri handia, adixkide maiteak, berri handia!! Guziak nahi zaituztet besarkatu, berri handia! Iñazio ikhusi berri dut.»
Izen horrek guziak mututzen bezala ditu; nihork ez du haren bozkariozko oihuer ihardesten.
Berriz ere dio:
«Bai, ene adixkide maiteak, bai, Iñazio oraintxe ikhusi dut Andoainen!»
«Iñazio hoin hurbil! Iñazio Andoainen! Ba othe ditake?»
Betan mintzo dire guziak eta anhitz dire; ezik suerteak hala ekharririk, Iñazioren anaiek eta bertze asko ahaidek egun hetan Loiolako aldi dute.
Ekibarreko Jaunak khondatzen diotzate haren eta ostalerraren arteko solhasak; goiti nola igain den, athe xilotik nola behatu duen:
«Ene bozkarioa Iñazio ezagutzean! Belhauniko zagon saindu bat iduri, aingeru bat iduri; mirakuluak egin ditzan batere ez dut arrotz khausituko; saindu bat dela diotenek egia diote. Ez darotzuet hatik gordeko arras khanbiatua dela; mehe da arras eta desegina, eta Barzelonan zabilan soineko berarekin.»
Bozkalentzia handia da jauregian; elgarren artean berheala ihardokitzen dute Sainduaren alderat nola jokha. Hastean, hitzartzen bezala dire, anaiak, ilobak, ahaideak, auzoko jaun gazteak, beren jauzturarik ederrenean biderat atherako zaizkola. Bainan Garziak gibelatzen ditu, erranez:
«Ene anaiari, badakit, gaitzituko zaizko hoinbertze ohore. Phestamuak barnean egin ditzagun; hortaz ez du erraitekorik ukhanen; xoilki, hemen dugun jaun apheza othoiztuko dut Andoainerat ager dadin, eta Iñaziori erran dezon haren jiteak zonbatetaraino bozkariatzen gaituen.»
Anaietarik batek erraiten dio:
«Eta Iñazio mendiz heldu balitz, jaun aphezak huts egin liro.»
«Arrazoin duzu, ene anaia; hortarakotz jaun apheza berheala bidean jarriko da, Andoainen berean etzanez, han hatzeman dezan Iñazio; eta baldin anaia maite hark nahiago balinbadu mendiz ethorri, mendirat igorriko ditut muthilak, etsai guzietarik begira dezaten. Azpeitiako jaun aphezer eta jauner ere adiaraziko diotet hor dela; berek ikhusiko dute zer egin.»
Hitzartu bezala egin zuten.
Biharamunean Iñazio meza entzun eta zaldirat igaiterat dohalarik, hor agertzen zaio Loiolako apheza:
«Iñazio jauna! zure ganat igorria naiz zure mezutzerat, Loiolako Jaunak, haren semek, haren anaiek, ahaide eta adixkidek, bozkariorekin egurikatzen zaituztela. Jauregian dire guziak; haraino nahi zintuzket lagundu.»
«Mila esker, jaun apheza, zure eskaintza onaz; ene zaldia zureari ezin jarraik bailiteke, hobeko duzu jin bideaz juanik. Nik baitakit mendi hautako berri, mendiz juanen naiz bakhar bakharra.»
Jaun apheza thematuxe zen bere eskaintzan, bainan Iñazio ere gogortu zen bere erranean, eta biak bi bidetarik juan ziren, jaun apheza bide handiz zaldi ederrean, Iñazio mendiz zaldi txarrean.
Mendiz abiatu eta laster, harmetan athera zitzaizkon gizon batzu. Iñaziok erran zioten:
«Nongoak zarete, gizon maiteak?»
«Jauna, Loiolako muthilak gare; nausiak igorri gaitu bidearen zuri erakusterat eta gaixtaginetarik zure begiratzerat.»
«Ene anaiak sobera artha du nitaz; zuek beraz, adixkide maiteak, bazohazkete aitzina; aurkhintze hauk ikhusi naute lehen ere, eta bakharrik ibiltzeko ez naiz nihoren beldur.»
Gure sainduak Azpeitian behar zuen iragan. Azpeitiarat hurbiltzean, Azpeitiarrak ikhusten ditu bi lerrotan jiten, jaun aphezak eta herriko buruzagiak aitzinean. Ongi ethorria dela, diotsote guziek, eta handizki bozkariatzen direla haren ber-ikhusteaz. Jende oste haren artean, Iñaziok laster badakutsa bere anaia, arrebak. Anaia arrebek mila othoitz egiten diote Loiolarat ethor dadin, Loiola haren eskuko dela, Loiolan hura izanen dela bakharrik nausi, bertze guziak haren muthil.
«Ene aiten egoitza utziz geroz, ihardesten diote sainduak, bertze egoitzarik ez dut, erien eta pobren egoitza baizik. Madalenako ospitalerat noha.»
Eta erien eta pobren egoitzan sartzen da, athean utzirik bere ahaideak, ahalgez hurtuak.
II.
Etxerat itzuli eta, Loiolako Jaunak bere anaier erran zioten:
«Ez badezakegu Iñazio etxerat ekharraraz, eta baitezpada ospitalean behar balinbadu egon, bederen nahi dut ospitaleko eriak eta eskaleak baino hobeki ekharria izan dadin. Jadanik manatu dut ohe bat ekhar dezoten, eta egunean bietan igorriko diotzat gure mahaineko jakirik hoberenak.»
Aphur baten buruan, Loiolako muthilek ohe guri bat bazakharraten gure sainduaren ganbararat eta afari on bat. Afari on hura ikhustean, boztu zen sainduaren bihotza eta muthiler erran zioten:
«Ongi ona baita ene anaaa! eta zuek adixkide maiteak, ongi onak baitzarete! Atsegin hartuko dute ene eri maitek! Zeruko Jainko Jaunak sarista dezala zuen karitatea.»
Eta berehala erier eman zituen jateko guziak; herresa puxka bat baizik ez zuen beretzat atxiki. Arratsean, othoitz luze baten ondotik, odoleraino azotatu zuen gorphutza; goiz alderat etzan zen lurraren gainean. Jeiki eta zangopilaturik ezarri zuen ohea, alegia ohean etzan. Egunaz, herri guzian ibili zen eske, haurrak othoiztuz ethor ziten haren katiximarat eta burhasoak othoiztuz ethor ziten haren predikurat, ospitaleko elizan predikatuko zuela. Iñazio eske dabilala entzunik, Loiolako Jaunak laster egiten du Azpeitiarat; hatzemaiten du bere anaia, othoizten du utz dezan eskea eta ez dezan bere jendekiari holako ahalgerik eman.
«Anaia Jauna, ihardesten dio gure sainduak; zeru lurren nausia pobre bizi izan da; hari jarraikiz ez ahal nabila makhur.»
«Diote ere predikatu nahi duzula. Jakizazu, Iñazio maitea, eske ibiliz mundu guziaren irriegingarri bilhakatuko zarela, eta nihork ez zaituela entzun nahiko. Bertzalde, ez zare aphez, eta hemengo aphezek ez dute zure beharrik predikatzeko; berak aski mintzo dire.»
«Anaia Jauna, norat nahi juan nadin, jendea ez axola khausitzen dut salbamenduko urhatsaren gainean. Hori heldu da erlijioneko egien ez jakitetik. Hortarakotz, norat nahi juan nadin, orotan Jainkoaren hitza adiaraziko dut.»
«Bainan nihor ez da zure entzuterat ethorriko. Ez duzu zeren has.»
«Haurttobat baizik ez ethoririk ere, jende oste bati bezala mintzatuko nitzaio, eta ene erranak ontsa hartzen baditu, ez da ene lana arras galdua izanen.»
Loiolako jaunak bazuen entzunik aski.
Herriko aireak phiztu zuen Iñazio. Azkartzearekin, behin ere baino garrazkiago jazarri zion bere buruari; janharitzat ogi beltza eta idorra, ohetzat taula edo lurra, athorratzat larrua jaten zion ziliziobat, gerrikotzat burdinezko gathe bat.
Haurrer egiten zuen katiximaz bertzalde, predikua egiten zuen igande guziez, phesta egun guziez eta astean hiruretan. Haste hastetik mundu bat abiatu zen haren entzuten. Bihotz guziak beretzen zituen bere lañotasunaz, bere amultsutasunaz, bere behatze eztiaz, bere solas gozo eta sarkhorrez.
Prediku alkhian lehenbiziko aldian jarri zenean, huna nola mintzatu zen:
«Ene anaia maiteak, neure ustez sekulakotz utzi zintuztedan; bainan kontzientziako arrangura batzuek ekharri naute zuen arterat. Aspaldian erraiten zarotan botz batek, gazte zoro agertu nintzen tokian behar nuela agertu zentzatua, urrikitan sarthua. Gure Jainko jauna egun oroz othoizten dut eta nigar auhenetan othoizten, ahantz ditzan ene gaztetasuneko urtheak. Zuer ere, herritar maiteak, barkhamendu galdatzen darotzuet, eta othoizten zaituztet zuen othoitzetan Jainkoari gomenda nezazuen. Eta zuetarik zoinbait eni behatuz gaizki abiatu balinbadire, othoizten ditut kanbia diten eta beren bekhatuez urrikiturik Jainkoaren ganat itzul diten. Zuen arterat ethortzeko bertze arrazoin bat ere banuen. Huts batean ni gerthatu, eta huts hura bertze baten gain juan zen, bertze bati jasanarazi zioten. Hari nahi nioke orai berea bihurtu; hari egin kalteaz nahi nuke orai barkhamendu ardietsi.» Eta aditzailetarik bat erhiaz erakusten zuela «ene hartzeduna zu zare, kalte zuri egin darotzut. Baratze batean frutuak ebatsi zintuela, presondeguia eman zarozuten eta amanda. Ez zinen zu hobenduna, ni nintzen. Ni iduri batzuekin, ni sarthu nintzen baratzean eta frutuak ebatsi. Huts hori nehola ere nahi nuke orai estali. Hartarakotz, ene ontasunetan hartuko dituzu bi etxalde; bata egin darozudan kaltearentzat, bertzea eman darotzudan ahalgearentzat; eta urrikirik minenarekin barkhamendu eske nagozu.»
Jende guzia nigarrez zagon. Bertze orduz ikhusi zutena hain azkar, hain eder, hain lorios, hain agur nahia, hain laudorio gose, ikhustea orai hain umil, hain ezti, hain amultsu, bere buruaren hain etsai, desegina, hurtua; entzutea orai haren gaztetasuneko hutsen aithormena, bihotz erdiragarri zen.
Loiolako Jauna ez zen gutienik hunkitua. Ohartzen hasi zen berthute bat dela umiltazuna, Jainkoaren hitzari indar handia emaiten diona.
Hanbat denbora gabe, Heskual herriko zokho guzietarik, jauregi, hiri, herri, mendietarik, Azpeitiarat abiatu zen jendea, Iñazio ikhusi eta entzun beharrez. Jendea elizetan ezin kokatuz, kanpoan predikatzen zuen Iñaziok, eta bulharrak nahiz ez zituen azkar-azkar, urrun adiarazten zuen. Egundaino ez zuten kofesional ingurutan hainbertze jende ikhusi. Sainduaren hitzaz argituak eta hunkituak, adizailek berehala nahi zuten bizitzez khanbiatu, kontzientzia nahi zuten berehala garbitu. Aphez zonbait ere, beren eginbidetan lazosko zirenak, ernarazi zituen haren hitzak, jokoko suja herri hetan ematu eta itho bezala zuen.
Andren aphainduraz hain garrazki mintzatu zen, non andreak, nigarretaraino hunkituak, neurrirat jautsi baitziren, eta denbora luzaz neurrian egon.
Mendekoste aitzineko egunetan, manamenduen gainean mintzatu zen. Asko girixtino, ordu artean gaizki bizi zirenak, orduan bere baithan sarthu ziren, eta geroztik penitentziazko eta berthutezko bizi bat ereman zuten, bekhatutik eta bekhatuzko bidetarik urrun. Sakramendu sainduaren konfreria bat ezarri zuen Azpeitian, eta pobre ahalgedunen arthaz kargatu. Xede hortarat dirutze bat aski handia utzi zion herriko aitzindari bati.
Ezarri ere zuen eguerdian eta arratsean ezkilen joiteko usantza, eguerdian othoitz egin zezaten bekhatu mortalean zirenentzat, eta arratsean hilentzat; eta usantza hori gal ez zadin, urthean hoinbertzekobat segurtatu zion ezkila joileari.
III.
Iñazio Loiolakoak, erran dugu, katixima egiten zuen haurrer. Katixima hartarat urrundik heldu ziren haurrak, eta haurrekin burhasoak. Haur heien artean bat bazen Martin de Alarzia deitzen zena, itxuxia eta motthela.
Egun batez, jende oste baten aitzinean, Iñaziok galdeitza bat eginik, durduzatzen du Martin, eta jende guzia irriz hasten da. Sainduak irri egiler erraiten diote:
«Haur huntaz irri egiten duzue? gaizki hori; ezik itxuxia badu ere gorphutza, ederra du arima, eta egun guziez edertuz juanen zaio. Apheztuko da Martin, eta denborarekin herria ohoratuko du bere berthutez eta obrez.»
Sainduak errana gerthatu zen.
Ama batek zortzi urthetako haur bat ekhartzen dio, dioelarik:
«Jauna! othoi, othoi, haur hau benedika zazu, eta Jainkoari galda ez nezan huntaz gabe, bakharra baitut!»
Haurrari behatze bat egin eta, Iñaziok amari erraiten dio:
«Andrea, ez duzu zeren izit. Haurra frango ukhanen du zure semeak, eta mundu hau zaharturik utziko du.»
Hamabortz haur ukhan zituen, eta lauetan hogoi urthetan hil izan zen.
Emazteki bat ekhartzen diote laur urthe hartan debruak hartua.
«Jauna, sobera zare ona dohakabe huntaz ez urrikaltzeko; othoi senda zazu!»
«Ez naiz aphez; ez dut eskurik debruen gainean.»
«Jauna, galdatzen darotzuguna da emazteki hau benedika dezazun eta Jainkoari gomenda; zure karitateari hori dugu bakharrik galdatzen.»
Iñaziok othoitz labur batez eta khurutzearen seinhale batez khentzen dio debrua.
Horren berria usu barreatu zen.
Bertze emazteki bat ekhartzen diote, gaxtoak badituela hark ere.
«Gaxtorik ez du, dio Iñaziok, bainan gaxtoek asaldatzen diote izpiritua, eta hortarik heldu dire hunen gorphutzeko ikharak.»
Eta khurutzearen seinhale batez sendatzen du.
Ganzarako herrian, emaztetto bat bulharretarik galdua, hiltzerat zohan. Iñaziori badakherrote, othoi benedika dezan. Iñaziok ihardesten du ez dezakela benedizionerik eman, ez delakotz aphez. Othoizten dute berriz ere, beren othoitzez herxatzen dute eta azkenean garhaitzen. Jende multzo bat lekhuko, eria benedikatzen du eta sendaturik etxerat igortzen. Ondoko astean, zare bat fruturekin ethorri zitzaion, eskerren bihurtzerrat.
Ospitaleko eri batek ardura ukhaiten zuen erorteko mina. Egun batez, gaitzak hartzen du Iñazioren aitzinean. Iñaziok, urrikaldurik, Jainkoari galdatzen dio eri haren sendatzea, eta eskua ezartzen dio kopetaren gainean. Eskuaz hunkitu orduko gaitzak uzten du.
Hori ikhusirik emazteki batek bertze bati erraiten dio:
«Ah! ausarta ahal banindadi sainduari mintzatzerat! ene beso hila segur phitz lezake. Bainan gogoak erraiten daut, bera ohartu gabe ere, mirakuluak egin ditzazkela. Hortxeko eri horri khendu dion oihala behar dut eskuratu.»
Eta eri bat erakusten du zoinaren minak lothu berri baititu Iñaziok.
Oihal zikhindua eskuratzen du emaztekiak, eta beso hilaren gainean ezarririk baderama xuritzerat. Urerat deneko, phizten zaio beso hila, eta bertzea laguntzen du xuriketaren egiten.
Jainkoak nahi izan zuen hoinbertze eri sendatu zituena bera eri zadin. Etxekoek phentsa ahal guziak egin zituzten etxerat bildu nahiz; ezin bildu zuten. Ospitalean berean haren arthatzea, hori ardietsi zuten bakharrik. Guziak heldu zitzaizkon, nor bere aldian.
Bere bi kusi, Doña Maria Oriolakoa eta Doña Simona Alzagakoa, erizain dituen gau batez, Iñaziok othoizten ditu bakharrik utz dezaten. Ganbaratik atheratzean, Doña Mariak ondoan ezartzen dio argi bat.
«Esker mila, Doña Maria, ez dut argirik nahi; hilazu edo zurekin ereman.»
«Eta argi behartzen bazare, kusi maitea?»
«Argi behartzen banaiz, ez nau Jainkoak ilhunbean utziko.»
Doña Mariak argia hiltzen du eta bere ahizparekin atheratzen da.
Gure saindua othoitzean jartzen da berheala, eta bi oren baino gehiago badu othoitzean dagola, amodiozko auhenez Jainkoarekin ihardokitzen duela, noiz eta ere bi kusiak, ustez sukharrak dabilan, lasterka baitohazko eta khausitzen baitute argiz inguratua, zeruetako dohatsu bat iduri. Iñaziok adiarazten diote, Jainkoarekin dagonean sobera zaizkola lekhukoak, eta othoizten ditu ez dezaten nihon barrea ikhusi dutenaren berri.
Bainan Jainkoak nahi zuen berri hori barrea zadin, eta Loiolatarrek jakin zezaten, gehiago ohoratzen zituela eskalearen saindutasunak beren khuntza zahar eta ontasun guziek baino.
Sendatuxe zen gure saindua. Italiarat abian zela zion, eta bere aiten etxean zangorik ez zuen oraino sarthu. Haren ekharraraztea etsitu zutenean anaiek, jauregiko andreak erran zioten:
«Bakharrik juanen naiz koinataren mintzatzerat, eta hainbertze eginen diot non ardietsiko baitut jauregirat ethor dadin.»
«Ah! ihardetsi zion senharrak, ez dakit zure othoitzek gurek baino indar gehiago ukhanen duten!»
Biharamunean, badoha koinataren ganat. Lehenik, ezti, eztia erraiten dio ez lukela herritik juan behar bere ahaidegoa sorth-etxean ikhusi gabe, aita amak hil diren egoitzan sar-jalgi bat egin gabe.
«Koinat maitea, ez naiz Loiolan sarthuko, enetzat berriz munduan zartzea bailiteke.»
Orduan ahuspez lurrerat eroririk:
«Koinat maitea!. Anaia maitea! erraiten dio nigarrez: grazia hori eskatzen darotzut ez neure izenean, ez bertze ahaiden izenean, bainan Jesu-Kristo gure jaunaren izenean, haren Pasione Sainduaren...
«Bai, bai, arreba maitea, Jesu-Kristo gure Jaunaren Pasionaren izenean harako naiz, gaur berean han ikhusiko nauzu.»
Gau hartan juan zen Loiolarat, ahaide guziak han ikhusi zituen, guzier Jainkozko solhasak atxiki ziotzaten, eta gero anaier erran zioten:
«Gizonak bere urhatsetan, Jainkoaren loria, eta bakharrik hura, behar luke bilhatu. Xede hortarat, anaia maiteak, galde bat eginen dautzuet, ene ustez entzunen duzuena.»
Entzunen zutela zioten guziek, jakin gabe ere zeren galdatzerat zohan.
«Galdatzen dautzuet, igande guziez hamabi ogi eman ditzazuen hamabi pobrer, hamabi Apostoluen ohoretan.»
Premu jaunak guzien izenean ihardetsi zion:
«Anaia maitea, helduden igandetik beretik hasiko gare zuk erranaren egiten.»
Gure sainduak Loiolan iragan zuen gaua; ez zen hatik etzan, guriegi baitzen etxeko ohea. Argia gabe berriz ospitalean zen.
Italiarat juaiteko denbora hurbildua zuen. Bazohala jakin zutenean, Azpeitiako jaun aphez eta kargudunak, herriko eta auzo herrietako populuak othoizka jarri zitzaizkon han bara zadin. Ezin garhaitu zuten heien othoitzek eta nigarrek.
«Ezin nagoke gehiago Azpeitian. Azpeitian, zuen guzien erdian, guziak ahaide edo adixkide, munduaren erdian aurkhitzen naiz, eta nik mundua eta mundukoak utziak, sekulakotz utziak. Adio beraz, jende maiteak, banoha Jainkoak neraman tokirat.»
Loiolako premu Jaunak ez zezaken ikhus Loiolatar bat, anaia maite bat, oinez bideari lotzen, eskale bat bezala.
«Iñazio maitea, erran zion, Azpeitian egon zaren denboran ene erraner guti behatu zare, ene gatik nahi duzuna egin duzu. Bainan egun, ene eskutik beharko duzu zaldi bat hartu, eta zure sortzeari eman zaion bezala, muthilak ondotik beharko zare juan.»
«Premu Jauna, ez naizelakotz oraino azkar-azkar, gogotik hartuko dut zaldi bat; enea ezik, bideko on ez izanez, ospitaleari utzi diot kharreuntzako; bainan ez dut muthil beharrik.»
«Iñazio maitea, jendek zer erran ere, ez zitezke hemen bakharrik ibil. Iruñeraino edo Sanguesaraino ethorriko gare zure lagun. Zure anaier egiozute, othoi, atsegin hori.»
«Hola nahi duzunaz geroz, anaia Jauna, hola eginen dugu.»
Anaiek ekharri zuten Iruñe ondoraino. Han, anaier adioak eginik, eta urrunago ez ziten ethor othoizturik, bakharrik sarthu zen Iruñen eta bere peko zaldia lehen jinari saldu. Iruñetik, oinez izan zen Zabiereko jauregian, Almazanen eta Toledan, Franzizkoren, Lainezen eta Salmeronen egitekoen xuxentzen. Toledatik Balentziarat jo zuen, Balentziatik urthe akhabantzako Benizerat, akhitua, lehertua, ezindua; urean eta leihorrean, denboraren eta gizonen aldetik anhitz jasaiteko ukhanik.
IV.
Ikhusi dugu Iñaziok eta haren lagunek nola egin zuten, 1537ko lehen egunetan Benizen elgar hatzemaiteko. Geroztik, emendatuak ziren, jakitate eta berthute handitako hirur gizon gaztez: Klaude Lejai, Ixtebe Brouet eta Juanes Kodure. Hork hirurek Andredena Marietan egin zituzten botuak, eta bertzek ere orduan berritu lehen eginak. Bederatzi ziren beraz Benizerako: Franzizko Zabierekoa, Piarres Lefebre, Diego Lainez, Alfonse Salmeron, Simon Rodriges, Nikolas Bobadilla, Klaude Lejai, Ixtebe Brouet, eta Juanes Kodure. Hazaroaren hamabortzian, 1536an, abiatu ziren Parisetik, guziak oinez, arropa luze bat soinean, makhila eskuan, othoitzeko liburua besapean, arrosarioak lephotik, xakutto bat bizkarrean liburuz eta paperrez bethea. Bideak eta bideak zituzten egiteko; ezik, bertze funteretan gerla zelakotz, Lorrenan harat juan behar zuten, Alemanian barna, Suisan barna. Bazohatzin, bideko nekheak alegeraki jasanez, noiz eta ere Zabier gelditzen baitzaiote, eta nigarra begian erraiten baitiote ez dezakela gehiago urhatsik egin.
«Zer duzu bada, anaia maitea? eri behar zare izan.»
«Bai, eri naiz.»
«Banuen beldurra, dio Piarresek, zure itxurak ez zion bertzerik. Nondik duzu min?»
«Sukhar puxka bat dut... Ez niteke urrunago juan. Zohazte ni gabe, ni ondotik ethorriko naiz.»
«Zer? Guk zu hemen utz? Gu zu gabe aitzina juan? Ez, ez; herri huntan edo auzoan bilhatuko darotzugu mediku bat, guziek arthatuko zaitugu, ez gare zu utzirik nihorat juanen.»
Medikuaren izena entzutean lazten da Zabier, eta Piarresi erraiten dio:
«Ez, othoi, medikurik ekhar; othoizten zaituztet utz nezazuen hemen eta zohazten aitzina.»
Piarresek ez dio bakerik emaiten non zer gaitz duen aithorrarazi artino. Azkenean huna zer duen jakiten:
Hoinkari eta jauztekari bezala aiphatua zen Franzizko Parise guzian. Laudorio bat baino gehiago entzuna zagon bere menbro zalhoinez, bere urhatsaire ederraz, bere itxurantza begikoaz, bere gorphutz azkar eta lerdenaz. Laudorio hek on hartu zituelakotz, heien ondotik ibili zelakotz, azpiak ezarri zituen khorda mehe batzuez tinkaturik, eta hainbertzetaraino hantu zitzaizkon non ez baitzen gehiago khordarik ageri. Hainbertze bidetan, hitz bat athera gabe, jasan zituen oinhazerik minenak.
Eri maitea herririk hurbilenerat baderamate, eta berheala badakharrote mediku bat. Medikua haratzean, erretzeko sukhar bat jauzten zaio eriari. Ikhertu duenean:
«Nik, dio medikuak, deus ere ez dezaket. Khorda horiek ezin khen ditzozket, biziaren hirriskuan baizik. Zerbait egitekotz, Jainkoak behar du egin.»
Medikua hitzean hartzen duela:
«Arrazoin du medikuak, dio Franzizkok bere laguner, Jainkoak baizik ez nezake senda. Othoitz dezagun beraz Jainkoa, eta Jainkoak saristatuko du gure fedea eta entzunen gure othoitza.»
Arratsa da othoitzean hasi direnean. Gozoki lokhartzen da eria, gau guzia lo derama. Biharamuneko, khordak eroriak dire, hanturak hertuak, eta Zabier egundaino bezain azkar eta zalhu. Eskerrik kharsuenak Jainkoari bihurtu ondoan, berriz lothu ziren bideari. Alemanian, jasaiteko anhitz ukhan zuten heretikoen aldetik. Bainan heien egitate gaxtoak arranguratu gabe jasan zituzten, arima borthitzer dohakoten bezala.
Benizen sarthu ziren Urtharrilaren zortzian, 1537an. Bere lagun maiten ikhustean, handizki bozkariatu zen Iñazio, maiteki besarkatu zituen, eta heien bideko berriak entzutearekin nigarrari eman zen. Lur Saindurat igorri baino lehen nahi zituen Iñaziok Errumarat igorri, Aita Saindua ikhus zezaten. Bainan elhurte zelakotz, Benizen atxiki zituen ospitaletako erien zain eta arthazaile. Franzizkori behexi zion ezin sendatuzkoen ospitalea.
Nahiz ez duen Franzizkok egundaino zauri bat hunkitu, nahiz ikhusteak berak izitzen duen, ikhasia da hatik bere naturalezari manatzen, eta ardura gogoan dabila Iñazioren erran hau:
«Orhoit zite Franzizko, berthutean aitzinatzeko behar dela naturaleza gudukatu, naturaleza garhaitu, eta garhait bide bat ez dela sekulan galtzerat utzi behar.»
Bada, garhait bide bat ona heltzen zaio. Eri bat bada ospitalean, nihork ezin hurbildua, nihork ezin ikhusia. Jainkoari indar eta bihotz galdaturik, badoha Franzizko eriaren ganat; hurbiltzen zaio. Usainak okhaztatzen du... Iñazioren errana gogoraturik, belhaunikatzen da eriaren aitzinean, besarkatzen du eria, mintzatzen zaio Jainkoaz, phizten eta borthizten dio bihotza. Hatik, menbro zaurthua agertzean, ttipitzen zaio barnea, oraino mintzo baita naturaleza. Zer nahi gostarik ere, garhaitzari nahi du athera saindu gazteak; badaki ezik begira dagokala zeru guzia. Hurbiltzen da beraz zauriari; bere begitharte ederra, bere ezpainak, ekhartzen ditu zauriaren gainerat; musu emaiten dio zauriari... urrunago doha... zauriari mihiaz khentzen dio bere phozoina.
Zaphaldi on bat eman dezola gizonak bere naturalezari, eta naturalezak iphizta guti bilhatuko dio. Hala egin zuen Franzizkok, eta ez zuen guti irabazi; ezik naturaleza bizi zenez ere, ez zen gehiago ageri haren baithan.
Eriekin trebatu zirenean, Errumarat igorri zituen Iñaziok, Lur Saindurat juaiteko baimenaren Aita Sainduari galdatzerat. Hek zer gizon ziren, laster ezagutu zuen Aita Sainduak, zoina baitzen Paulo hirurgarrena. Xoratua heien solhasez, jeiki zen bere alkhitik eta gora-gora erran:
«Oh! zonbat atsegin dudan hoinbertze jakitateren eta modestiaren elgarrekin khausitzeaz!»
Turkoekin gerla mehatxuak zirelakotz, Lur Saindurateko baimenik ez zioten eman; bainan libro utzi zituen, nahi zutenean eta nahi zuten Aphezpikuaren eskutik, ordena sainduak har zitzaten.
Errumarakoan hek zer ikhusi zuten, irakurtzeko da aita Bartoliren liburuan: hirur egun oso nola iragan zituzten ahamenik jan gabe; nola etzaten ziren kanpoan, zerua atherbe, lurra ohatze; Rabenako ospitalean nola ez zuten ukhan guzientzat ohe bat baizik, ohe zikhin bat, bi nekhatuenek hartu zutena; Ankonako hirian nola ikhusi zuten Zabier onthuts, larruraino bustia, goseak amikatua, fruta saltzale bati frutu baten eskatzen; Erruman nola urrikaldu zitzaioten Español bat, eta jauregi baterat eremanik zoin ontsa arthatu zituen.
Benizerat itzuli eta, Jondoni Juaniz hartu zuten ordena, Arbeko aphezpikuak emanik.
Aldarerat igan baino lehen, berrogoi egunetako barur bat egin zuten. Bizenzeko komentu erori batean iragan zituzten berrogoi egun hek. Azken gerlak ez zion komentu hari, ez athe bat, ez leiho bat utzi. Iguzkiak, euriak, hotzak, beroak, zeruko haize guziek, joiten zuten. Hantxe jarri ziren saindu maiteak, ahal zuten bezala; ohetzat lastoa, alkhitzat harria; edaritzat ura, ahurrean dena ere; janharitzat ogi hutsa; batere jan gabe ere egon bide ziren zonbait egun. Gorphutzari khendua arimari emana zen. Komentu hartarik athera ziren Jainkoarentzat amodio berri batez betheak, arimen salbamenduarentzat khar berri batez sustatuak. Aldarerat igaitean, zerurat dohatzin aingeru batzu iduri zuten. Meza emaite guzian bozkariozko nigarretarik ez zen baratu Zabier.
Lur Saindurat juaiteko denbora ethorria zuten eta harat juaiteko bazuten aski su. Bainan gerlatea zelakotz ezin juan zitezken. Lur Saindurateko urhatza galtzearekin, Errumaratekoa behar zuten hartu, hala ziren hitzartuak Parisen. Aita Sainduari behar zituzten beren buruak eskaini, haren manupeko jarri, hark erran lanak egin, errex baziren errex, borthitz baziren borthitz; hark igorri lekhurat juan, hurbil bazen hurbil, urrun bazen urrun.
Eskaintza hori, berak nahi zuen Iñaziok Errumarat ekharri, Piarres eta Lainez bideko lagun harturik. Arte hartan Zabierek eta Bobadillak Bolonian behar zuten predikatu, Rodrigesek eta Lejaik Ferraren, Brouetek eta Salmeronek Sienan, Kodurek eta Diego Hozezekoak Paduan. Konpainian sarthu berri bat zen Diego.
Elgarretarik behextean, hitzartu zuten anaiek bezala maithatuko zutela elgar; elgarrentzat othoitz eginen zutela; Jesusen konpainia deithuko zirela; buruzagi bat izendatu artean bakhotxa izanen zela asteka buruzagi; buruzagiaren erraner sumetimendu oso bat ekharriko zutela; hitz batez, ez zutela orok eginen bihotz bat eta arima bat baizik. Gero, elgar maiteki besarkaturik, adio eta adio elgarri erranik, hartu zuten zoin zoinek beren eskualdea.
V.
Gure saindua Errumarat abiatu zen, oinez, bethi bezala, eta egunean eguneko ogia eskatuz.
Paduatik atheratzean, irri-karkailaz jokhatu zitzaion abere-zain bat. Lainezek, haren trufak ezin jasanez, Iñazio othoiztu zuen bizixago egin zezan urhatsa abel-zainaren gibelerat uzteko. Iñaziok ihardetsi zion:
«Zerentzat behar dugu gizon hori irri egitetik baratu?»
Errumatik ez urrun, Estortako elizan sartzen da, zerutikako botz batek harat deithurik. Belhauniko erortzen da eta othoitzean hasten. Bere arimaren bothere guziez, bere bihotzaren kharsutasun guziaz, Jesu-Kristo gure Jaunari gomendatzen dio bere obra handia. Jesu-Kristo gure Jauna nigarretan othoizten du, konpainia xumea bere gerizaren pean har dezan. Othoitz hortan dagolarik, argi eder bat agertzen zaio, eta argi hartan Jainko Aita bere Seme dibinoarekin.
Jainko Aitak, Iñazio eta haren lagunak ezartzen ditu bere esku botheretsu eta urrikalmendutsuaren pean, eta Semeari erraiten dio, Iñazio erakusten diola:
«Nahi dut zure zerbitzari izan dadin.»
Semeak bere behatze eztienarekin, bere botz amulsuenarekin, konpainiari erraiten dio:
«Erruman, zuekin izanen naiz.»
Eta gero Iñaziori:
«Nahi dut ene zerbitzari izan ziten.»
Ikhusgarri horrek ezin erranezko zorion batez bethe zion bihotza, eta ez balitzaio itzali, han berean hilen zen bozkarioz eta amodioz.
Erruman sarthu ziren Hazila akhabatzean 1537an. Aita Sainduak atsegin handirekin ikhusi zituen eta berheala eman zioten lana. Piarres eta Lainez nausi izendatu zituen Sapientzako eskol-etxean, eta Iñaziori manatu zion Erruma guzian predika zezan.
Piarresen eta Lainezen mintzaire ederrak, heien berthute miragarriek, heien jakitate hedatuak mundu bat biltzen zuten heien alkhien ingururat. Iñaziok bere hitz sarkhorraz, bere Etserzizio Izpiritualez, handien eta xumen artean, aberatsen eta pobren artean, izpiriturik itsutuenak argitzen zituen, bihotzik gogorrenak hausten, hormatuenak berotzen, loharkatuenak atzartzen; aditzaile guziak Jainkoaren amodioaz, bekhatuaren herraz bethetzen.
Iñaziok Monte-Kasineko komentuan jakin zuen haren lagunetarik bat, Diego Hozezekoa, gaitz handi bat hartua zagola; jakin ere zuen, garaitiko botz batek erranik, hartarik hilen zela. Handik laster, eri maite harentzat othoitzean zagolarik, haren arima ikhusi zuen aingeruz inguratua, eder eta dohatsu zerurat igaiten.
Bertze egun batez, meza haste batean, aphezak konfiteorreko hitz hauk: «Et omnibus sanctis» erraitean, saindu oste bat ikhusi zuen Iñaziok, eta heien erdian Diego Hozezekoa, bertze guziak baino distirantago.
Padueko plaza handian, prediku garratz eta hunkigarri bat egin zuen Diegok, Ebanjelioko hitz hauen gainean: «Zaude atzarria eta othoitz egizu, ez dakizu ezik, ez eguna, ez orena.» Predikua akhabatzean sukhar borthitz bat jauzi zitzaion eta ospitalerat ereman zuten. Ezaguturik egunak eta orenak harentzat jo zutela, adixkide bati bezala behatu zion herioari, irri arphegian, atsegina bihotzean. Beltzarana zen Diego, eta aski itsusia. Herioak hain larruaire ederra eman zion, non bere lagunek berek doidoia baizik ez baitzezaketen ezagut, itxura berri hartan.
Soldado berriz emendatzen ari zen konpainia. Konpainia hori, nahi zuken Iñaziok Elizako ordre bezala ezagutarazi; hori zen haren ametsa. Elizaren buruzagi kalitatean, Aita Sainduari zitzohakon ikhustea ordre berri baten beharrik bazuenez Elizak; Aita Sainduari zitzohakon ordre berriaren altxatzea, balinbazakusan Eliza lagunt zezakela bere obrez, ohora bere berthutez. Azken hitzak, bai edo ezak, Aitaren Sainduaren ganik behar zuen athera. Jainkoaren ondotik Aita Sainduaren eskuan zelakotz konpainiaren ethorkizuna, bere lagun guzier mezutu zioten Iñaziok Errumarat ethor ziten, betan indar egiteko. Hek Errumarat ethorri bezain sarri, Nizerat juan behar ukhan zuen Aita Sainduak, egiteko handi batzuez Frantziako eta Espainiako erregekin. Arte hartan, ezin zagozken alfer gure sainduak. Erruman berean ukhan zuten lana, bakhotxari berea Iñaziok emanik. Errumako populuari laster hatzeman zioten bihotza, baitzuten aski jakitate jakintsunener mintzatzeko, aski umiltasun ttipienen neurrirat jausteko. Jainkozko gizonak zirela zioten goraki heien fede biziak, heien karitate kharsuak, heien hitz salbagarriak, bertzentzat heien eztitasunak, berentzat heien garraztasunak.
Untzian dohatzinek, garbi denean zerua, maltso itsasoa, alde haizea, bozkariozko khantuez inharrosten dute untzia. Kapitaina hatik bazterretik dagoke, begia eta barnea goibel, zeru zolan, nonbait, ikhusi baituke lanho bat, emeki emeki hedoi bilhakatuko dena; eta sarri, suia eta ihurtzuria erraietan, untziari jazarriko zaiona. Iñaziok, nonbait zerbait nabaditurik, laguner erran zioten:
«Hedoi bat oiesa lehertzerat doha gure gainean, eta ez dakusat nihon atherberik. Bainan gomenda gaiten Jesu-Kristo gure Jaunari, eta Estortako elizan agindu darokun bezala, alde jarriko zaiku.»
VI.
1538an Erruman predikatzen zuen Agustin Piemontekoak, mintzazaile eder bezala Italia guzian aiphatuak. Erruman, osteka bazohan jendea haren entzuterat. Haren hitzak beharria xoratzen zuen arren, agor uzten zuen bihotza. Ez zuen eginarazten, ez urhats bat gutiago bekhatuan, ez urhats bat gehiago berthutean. Zertan egiten zuen huts, Iñazio eta haren lagunak ohartu ziren lehenik; lorepean, hek ikhusi zuten lehenik heresiaren eztena.
Agustini juaiten zaio Iñazio, eta bakhartasunean erraiten dio, haren iduriz hirrisku handitan ezartzen duela aditzailen fedea. Agertua dela ikhustearekin, Agustinek ihardesten dio:
«Zu eta zure lagunak nahasi zar batzu zarete. Zer? ene zapeta zolak bezenbat ez jakin, eta zuek behar nauzue ni eskolatu? Zer zarete zuek? Ene hutsen ondotik ibiltzia baino hobeki egin zinezakete eskolan ibiltzia. Erruma guzia xoratua dagoka ene hitzak; erraiteko duenik nihor ez da zuek baizik.»
Handik harat, sesurik ez du ukhanen Agustinek, Iñazio eta haren lagunak ixilarazi artean. Harenak egin duela ikhusten du, ez badu Iñazio jenden omenean galtzen. Ifernua alde baitu, egin diro zerbait.
Egun batez, predika alkhirat igainik, hunela mintzatzen da:
«Zuetarik bakhotxak, anaia maiteak, atzarria behar du egon, ardi larrua dakharren otso baten kontra. Zer mintzo naiz ardiz? Atzainaren itxura dakharre. Munduz mundu dabila, bere iduri batzu ondotik. Nihon ezin kokatuz, Errumarat ethorria da, eta Erruman, Jainkoaren arthaldean, zer sarraskiak egiten dituen, Jainkoak berak daki. Gezurrik gaxtoena, egiaren itxura dakharren gezurra da. Parisetik, Alkalatik, Benizetik, orotarik, ihes dabila Iñazio, gaztiguen beldurrez. Errumako hiriak gutiago atxikitzen othe du bere fedeari, bertze hiriek baino? Erruman berean, bere herritar batzuek, haren gezurrer ohartu diren bezain laster, bazterrerat utzi dute.»
Biharamunean, bertze solhasik ez da Erruman Agustinen atheraldiaz baizik. Orai, guziak jakinak dire Iñazio Loiolakoa gezurti bat dela; Parisen, Alkalan, Benizen, gezurti batentzat dagokatela. Nihor ez zaio gehiago hurbiltzen, nihork ez dio elherik emaiten; izurriteaz baino lotsago dire Iñazioz.
Horiek oro Migel Nabarroren nahaskeriak ziren. Parisen gerthatu zitzaionaz harritua, sarthu bezala zen bere baithan, eta othoiztu ere zuen Iñazio bere ganat har zezan. Hartu zuen Iñaziok, utzi ere bai; ez baitzitzaion iduritu hartarik deus onik athera zitekela. Iñaziok uztea gaitzitu zitzaion, eta bethi bekhaizkor, bethi herrakor, zin egin zuen noiz edo noiz mendekatuko zitzaiola. Errumarat jo zuen eta han hatzeman Agustin. Gezurrez hantu zuen hau, eta buruko ezarririk, Erruma guzia asaldarazi Iñazioren kontra.
Tenpesta horri ihardokitzeko, badu Iñaziok Estortako elizan entzun duenaren beharra: «Zuekin izanen naiz» erran zion Jesu-Kristok. Hitz horrek zagokan xutik. Errumako athe guziak hetsiak zituen, salbu tribunalekoa; han zezaken bakharrik adiaraz bere botza, garbi bere burua; harat deitzen du beraz Migel Nabarro. Ethortzen da Migel, burua gorarik, eskua altxatzen du ez dela haren ahotik egiarik baizik atherako, eta nonbaitik lekhukotasun hau atheratzen du:
«Bai Alkalako tribunalean, bai Parisekoan, bai Benizekoan, heretiko eta gaxtagin dagokate Iñazio. Gaztiguen ihes ethorria da Errumarat. Ene lekhukotasuna ez da hala hulakoa; Iñazioren kontrako arrastak neure beharriez entzunak ditut.»
Migel jarri denean, Iñaziok sakelatik atheratzen du letra bat, erakusten dio Migeli eta ezti eztia erraiten dio:
«Ezagutzen duzu izkiribu hau, Migel?»
«Bai, ezagutzen dut, enea da.»
«Beraz, Migel, ene kontra athera dituzunak gogoaren kontra athera dituzu. Huna ni hurbildanik ikhusten ninduzun denborako letra bat.»
Iñaziok irakurtzen du letra.
Letra hartan, Migelek erraiten zion adixkide bati, egun guziez ikhusten zuela Iñazio, miragarriak zirela haren berthuteak eta laudorio guziz goragokoak.
Uste gabeko eta ezin ukhatuzko letra horren entzutean, durduzatzen da Migel; ahalgez hurtua, zerbait nahi luke erran eta ez dezake; haren ahotik ez da atheratzen murmurika bat baizik.
Iñaziok auzia irabazia zuen. Erruman bazakiten orai, ez zela Iñazio, ez heretiko, ez gaxtagin, etsaien mihian baizik.
Egun hetan, eta batere elgar aditu gabe, Erruman suertatu ziren Juan de Figueroa, Matiu Ori eta Gazpar de Doctis, Alkalan, Parisen eta Benizen Iñazio beren tribunalerat deithu zutenak, eta Iñazioren hitzak eta obrak arthoski ikhertu ondoan, Iñazio saindu batentzat utzi zutenak. Heien lekhukotasun laudoriozkoak argi berri bat ekharri zion Errumako tribunalari, eta azken uztarra eman Iñazioren etsaier. Lekhuak hutsarazi ziotzaten Migeli. Agustin, aphez arropa utzirik, Genebarat juan zen, eta han, fin gaxto egin. «Zuekin izanen naiz» erran zion Jesu-Kristok gure sainduari.
VII.
Frututik ageri da arbola, obretarik gizona. 1538ko azken egunetan gosetea sarthu zen Erruman, ikharagarriko gosetea. Pobrek karriketaraino herrestatzen zituzten beren buruak, eta hantxe zagotzin, luze-luzea, hotzez eta gosez hil hurranak, agian norbait urrikalduko zitzaiotela. Iñaziok eta haren lagunek begi ukhaldi batez izartzen dute gaitz handi horren eta beren eginbidearen hedadura, eta gaitz handia gudukatuko dute, eta beren eginbidea betheko. Berenetik ez dute emanen, ez baitute; jotzen dute beraz aberatsen athea. Bati khentzen diote urhea, bertzeari zilharra, bati berokia, bertzeari asekia, bati huntarik, bertzeari hartarik, zerbait orotarik, eta gisa hortan, beren etxean berean lau ehun pobrer emaiten diotzate atherbea eta jana. Neurririk ez du heien karitateak. Karrikaz karrika dabiltza, zokhoz zokho, hatzeman pobre guziez urrikalduz, batzu besoetan, bertziak sorbaldetan hartuz, eta gauza den tokirat eremanez. Laur mila pobre baino gehiago athera zuten horrela herioaren aztaparretarik. Hoinbertze karitatez, izpiritu guziak, bihotz guziak, beretu zituzten. Erruma guzian ez zen aiphu aita onen berthutez baizik. Aita onak nonbait ager ziten, harat zohan jendea lasterrez, aberatsek beren errespetua, pobrek beren ezagutza, guziek beren amodioa, erakusten ziotela. Aita Sainduaren bihotza, zaurthua batetik bere populu maitearen jasaitekoez, bozkariatzen zen bertzetik holako gizonen ukhaiteaz.
Manrezatik hunat gogoan dabilan egiteko handia, Iñaziok orai behar du obratu; Jesusen konpainia orai behar du Elizako ordre bezala ezagutarazi. Othoitzaz eta baruraz zerua alde ezarri ondoan, Aita Sainduari ekhartzen diotza Konpainiako legeak; lege miragarriak, gizona dakharratenak bere buruari osoki ukho egiterat, eta aski indar emaiten diotenak Jainkozko bizi batez bizitzeko; lege miragarriak, munduari hanbat jakintsun, Elizari hanbat langile, zeruari hanbat saindu eman eta emaiten dituztenak; lege miragarriak, buruzagia eta pekoa batasunik hertsienean atxikitzen dituztenak, buruzagiak Jesu-Kristoren menbroa duelakotz bere pekoan ikhusten, eta pekoak Jesu-Kristo gure Jauna bera bere buruzagian; lege miragarriak, hirur mende huntan hunkitze beharrik ukhan ez dutenak, eta gudu guzien artetik Jesusen Konpainia bethi oso, bethi garhaitzari athera dutenak. Lege horiek, irakurtze eta ikhertze arthots baten ondotik, miragarri khausitzen ditu Aita Sainduak. Bainan, Elizaren buruzagiari dohakon zuhurtziarekin, Iñazioren galdea ez du berheala hautesten; gauzak nahi ditu zohitzerat utzi; ordre berriaz bertzek ere zer dioten nahi du jakin, arrazoinak alde eta kontra nahi ditu entzun, guzien argiak nahi ditu bildu; eta noiz bait, Elizan duen bothere guzizkoaz, Jesusen Konpainia Elizako ordren nonbrean sartzen du, hitz hauk erraiten dituelarik:
«Jesusen Konpainia ez da gizonen obra, Jainkoaren obra da.»
Konpainia ez zagoken buruzagirik gabe. Buruzagia, berek behar zuten beren artean hautatu. Biltzarre egiten dute. Jainkoaren ganik hautu on bat ardiesteko, ez dire hirur egunez othoitzetik baratzen. Laugarren egunean, gorderik izkiribatzen dituzte botzak eta zigiloaren pean ezartzen. Hautu hori Jainkoak onhets dezan, bertze hirur egun badagotzi othoitzean, eta laugarren egunean urratzen dute zigiloa. Botz guziak batentzat dire... Iñazio Loiolakoarentzat.
Bere botza, huna nola eman zuen Iñaziok:
«Ene botza emaiten dut gehien botz biltzen duenari, ni kanpo. Konpainiak nahi balinbadu hatik norbait izenda dezadan, izendatuko dut.»
Botzen berri jakitean, bozkarioak argitzen ditu guzien begitharteak, zabaltzen guzien bihotzak, salbu gure sainduarena. Ihurzuriak joa iduri du gure sainduak.
«Anaia maiteak, diote bere laguner, ez niteke ni holako karga baten pean jar; hauta zazue ni ezbezalako bat. Ez othe dakizue gazte denboran zoin zoroa izana naizen? eta oraiko ene ahalgoa zoin ttipia den? Izpiritu Saindua, berriz ere, eta kharsukiago, othoitzazue argi zaitzaten, eta ni utzirik, hobeago bat erakuts dezautzuen.»
Ez adituarena nahi dute egin Iñazioren lagunek; bainan Iñaziok adiarazten diote zin zinez mintzo dela, eta Izpiritu Sainduari bere argiak berriz eskaturik, berriz badohatzi botzetarat. Bigarren hautua, lehena bezalakoa. Horren kontra ere badu erraiteko gure sainduak. Aita Lainez xutitzen da orduan, eta guzien izenean erraiten dio:
«Ene aita, egizu Jainkoaren borondatea; bertzenaz, bakhotxa gure eskualde bagohatzi. Ez nik, ez ene lagunek, ez dugu bertze buruzagirik ezagutuko Jainkoak eman darokuna baizik.»
«Karga horren pean jarri baino lehen, kofesora nahi dut mintzatu, ene berriak xeheki nahi diotzat erran: lehenago zer nintzen, orai zer naizen, lehenago zoin bekhatorosa, orai zoin ezdeusa; eta gero, hark nahi duena eginen dut; nahi badu zuen buruzagi jar nadin, jarriko naiz.»
Kofesoraren mintzatzerat uzten dute, ezin bertzez. Aita Teodosio zuen kofesora, San Frantsesen ordreko aphez saindu bat. Iñazioren ariman arthoski irakurtu duenean, aita Teodosiok erraiten dio:
«Zure anaiek zutaz egin duten hautua, Izpiritu Sainduaren beraren hautua da. Heier jazarriz, Izpiritu Sainduari jazartzen zare.»
Hitz horiek entzutean, auhen bat egiten du Iñaziok; ez da hatik bihurtzen kofesoraren erranari, eta buruzagi izendatua da Bazko astehartean, Aphirilaren hemeretzian, 1541an.
__________
BORTZGARREN PHARTEA
San Iñazio Jesusen Konpainiaren Buruzagi.
San Franzizkoren lanak
I.
Hautu hori Jainkoaren goarakoa zela, laster erakatsi zuen mirakulu batek.
Iñazio kanpoan zen batez, debruak hartu zuen haren muthil Heskualdun bat. Lurrerat aurthikitzen zuen, hamar gizonen indarren kontra han atxikitzen zuen, eta gorphutz guzia uspelez bethetzen zion. Uspel baten gainean egiten bazioten khurutzearen seinhalea, handik bazitzohakon uspela, bainan bertze nonbait agertzeko.
Josteta hori dakusan batek debruari erraiten dio:
«Ago, ago, Iñazio ethor dadin! Harekin jostatuko haiz!
«Ez aipha izen hori, dio debruak gizon gaztearen ahoz; ez dut munduan etsai handiagorik.»
Etxerat denean, jakiten du Iñaziok muthilaren berri; hartzen du eskutik, baderama bere ganbararat, eta han, othoitzean hasirik, lekhu eginarazten dio debruari, eta khentzen berriz jiteko mina.
Aphirilaren hogoi eta bian, Jondoni Pauloko elizarat bildu ziren Konpainiako menbro guziak. Han, bata bertzeari kofesatu ondoan, Iñaziok eman zuen meza. Komuniatzerat eman baino lehen, lagunetarat itzuli zen, eta eskuan zagokalarik ostia saindua, hunela egin zituen Konpainiako botuak:
«Nik, Iñazio Loiolakoak, Jainko guziz botheretsuaren aitzinean, Andre dena Mariaren aitzinean, zeruko gorthearen aitzinean eta zuen aitzinean, hitzemaiten dut: garbitasuna, pobrezia eta obedientzia begiratuko ditudala. Bertzalde, sumetimendu oso bat hitzemaiten dut Aita Sainduari. Hitzemaiten ere dut, gazteriaren altxatzeaz artha berezi bat hartuko dudala.»
Botu berak egin zituzten bertzek ere, eta gero Iñazioren eskutik komuniatu zuten. Eskerrak bihurtu ondoan, barnez egin zuten elizaren ingurua, aldare guzietan othoitz egiten baratuz. Aldare nausirat zirenean, Iñazio besarkatu zuten guziek, eta eskuan eman zioten musu, haren manupeko zirela seinhale. Heien barneko bozkarioari nigarra goihendu zitzaion, eta han ziren jendek ere, amodiozko eta sumetimenduzko seinhale heien ikhustean, nigarrak ezin atxiki zituzten. Aita Koduri hitz hau altxatu zioten:
«Zorionaren bizitasunak ithotzen ari nau.»
Nausitasuna hartzean, ez zuen San Iñaziok handigoarik hartu. Lehen urhatsa sukhalderat egin zuen: muthila lagundu zuen sukhaldeko lanen egiten, eta jatsa harturik etxe guzia garbitu zuen. Zonbait denboraz, etxeko lanik arruntenetan ari izan zen; gero, berrogoi eta sei egunez, egin zuen katixima, Santa Maria Estradakoaren elizan. Gazte, zahar, aberats, pobre, kardinale, printze, guzietarik biltzen zen katixima hartarat. Bihotzetik mintzo zelakotz, bihotzerat zohan haren hitza. Aita Lainezek dio, Iñazioren katixima entzuten zuten bekhatoros guziek, nigar auhenetan egiten zutela bere hutsen aithormena. Aita Ribadeneirak dio, katiximaren egitean suzko zerafin bat iduri zuela Iñaziok, eta mintzatzetik gelditu ondoan ere izarrak bezala distiatzen zuela haren kopetak. Katixima guziak hitz hautaz akhabatzen zituen:
«Gure bihotz guziaz, gure indar guziez behar dugu gure Salbatzaile Jauna maithatu.»
Buruzagi jarriz geroz, huna nola zeraman eguna. Lehenbiziko lana othoitza egiten zuen; othoitzaren ondotik meza saindua. Zerbait egitekok kanporat deitzen zutenetan, lagun bat harturik atherako zen. Ikhusterat heldu zitzaizkon guzier, bethi elhe ona emaiten zuen, bethi grazia ona egiten. Bihotzik erienak, askotan behatze batez sendatzen zituen. Bazkal eta bere anaietarat agertuko zen, eta heiekin ihardokiko zuen, edo zeruko gauzez, edo Konpainiako gora beherez. Buruzagiari dagozkon egitekoak, hala nola letren irakurtzea, letrer ihardestea, arrats-alderat uzten zituen. Afal ondoan, bakhotxari emanen zion bere biharamuneko lana. Berant etzaten zen, arrosarioak eskuan bethi. Lokhuma bat egin zueneko jeikiko zen, eta hasiko zuen meditazionea. Xutik hasten zuen meditazionea; gurtzen zen aphur baten buruan, Jainkoa ikhusirik bezala; belhaunikatzen zen gero, eta oren osoak belhauniko iragaiten zituen, batere higitu gabe, begiak zorionezko nigarrez bustiak. Mezaren emaiteko oren bat ez zuen sobera; bere burua ahanzten zuen Jesusekin. Mezaren emaiten ari zen batez, Aita Nikolasek su gar bat ikhusi zion buruaren gainean. Ustez su zuen, laster egin zuen su hiltzerat. Ez zen su lothua Iñazio, haren begithartea zen su garrak bezala argitzen eta distiatzen zuena.
San Iñazioren ganbarak eta komentuko elizak murrua arte zuten; murrua urrarazi zuen, Salbatzaile dibinoa bethi bere menean ukhaiteko. Haren ganbaran deus ikhusgarririk ez zen: ohe bat, kadera bat, mahain bat, Eskritura Sainduak, mezako liburua eta Jesu-Kristoren Imitazionea, zoina deitzen baitzuen liburuen perla. Othoitzik laburrenak, hala nola Anjelusak, hola nola Jainkoaren edo Jesusen izen sainduak, sutan ezartzen zuen haren bihotza. Zonbait aldiz, berak ez nahirik ere, nigarra nausitzen zitzaion eta oihuz hasten zen:
«Oh! lurra gauza ezdeusa baita zeruaren aldean.»
Gorphutzari hain guti emanez, arimari hainbertze, mirakulu zen haren bizirik egoitea; hala zitzaion berari ere. Lurreko khantuek zeruko khantuez orhoitarazten zuten; xoratua bazagon khantu eder bati. Liliek adixkide zuten; lilien usain gozoa eta aphaindura Jainkoaz mintzo zitzaizkon, Jainkoarentzat amodioz eta ezagutzaz bethetzen zioten bihotza. Ofizio sainduko edo zoin hitz su lama bat zen, haren bihotza erretzen zuena; bere baitharik atheraia, Jainkoa baithan galdua, hainbertze nigar egiten zuen, non begiak eritu baitzitzaizkon. Itsu zadin beldurrez, ofizioko liburua khendu zion Aita Sainduak.
II.
Portugaleko erregeak, Juanes hirurgarrenak, entzunik espantutan Iñazioren eta haren lagunen berri, Iñaziori bere lagunetarik sei galdatu ziotzan, Ebanjelioaren argia Indietarat ekhartzeko. Iñaziok ihardetsi zion hamar zirela guziak, eta sobera lan zela Erupan Indietarat seien igortzeko; igorriko ziotzala hatik biga, berthute eta jakitate handitakoak.
Simon Rodriges eta Nikolas Bobadilla hautatu zituen lehenik; bainan Bobadillari sukhar gaxto bat lothurik, Zabier hautatu zuen haren ordain. Berri horren ekhartzean, Zabieri erran zion:
«Zeruaz deithua zare Indien konbertitzerat. Ene ahoz Aita Saindua zaizu mintzo, eta Aita Sainduaren ahoz Izpiritu Saindua. Konbertitzeko emanak zaizkitzu, ez zonbait herri, ez zonbait erresuma, bainan mundu bat, Erupa baino zabalago den mundu bat; ez zuen gutiago behar zure khar handiak. Zohazi beraz, anaia maitea, zohazi Jainkoak deitzen zaituen tokirat, eta bazter guziak erre zatzu zure bihotza erretzen duen su dibinoaz.»
Ezin erran diteke berri horrek zer atsegina egin zion Zabieri. Ametsetan jakina zen paganoen apostolu higatu beharra zela; bainan bere ethorkizunaz hobeki segurtatzearekin eskerrik handienak eman ziotzan Jainkoari, eta aita Iñaziori ihardetsi zion norat nahi juaiterat zagola.
Adioak, egun hartan berean, egin behar ukhan zituen Aita Sainduari eta Aita Iñaziori. Aita Sainduak, behex harturik, bere bihotza zabaldu zion, eta luzaz atxiki zuen, apostoluez elhe eta elhe: apostoluek zer bizia ereman zuten, zer indarrak egin zituzten; hark ere apostoluen urhatser behar zuela jarraiki, bizi bera behar zuela ereman, indar berak behar zituela egin. Azken besarka emaitean, bothererik hedatuenak eta benedizionerik aberatsenak eman ziotzan.
Erruma utzi zuen, Martxoaren hamabortzean 1540an, sotana larrutu bat soinean, kapa xahar bat bizkarrean, othoitzeko liburua besapean. Leihorrez egin zuen Lizbonarako bidea, Portugaleko enbaxadorearen lekhaio.
Zabiereko jauregian jakinak ziren Indietako urhatsa ukhan zuela Franzizkok, Portugaleko erregeak Lisbonan igurikatzen zuela, eta Lisbonarat Iruñen gaindi juan beharra zela. Guziek uste zuten sor lekhuaren eta ama xaharraren ikhusterat baztertuko zela. Ahaidego guzia, esperantza horrek bildu zuen Zabiereko jauregirat.
Amak, egun guziez muthil bat igortzen zuen Iruñerat, semearen berriketa; eta muthila hutsik ethortzean, amak hats beherapen batekin erraiten zuen:
«Bihar, behar bada, jakinen dugu zerbait; gauden begira.»
Eta begira zagon, eta denbora bazohan, eta semerik ez zen ageri. Gain gaineko ganbararat igainik, Iruñe aldeko bideari so so egoiten zen, noiz ikhusiko zuen semea.
«Hamazazpi urthe badu ez dudala ikhusi, zion bere semer; halere, ethor baladi, segur ezagut nezake.»
«Bai, ama, bai, ihardesten zioten semek, ezagut zinezake oraino.»
«Pedro Ortizek igorri daut, ene semea bethi eder dagola; ontsa mehe dela hatik, zeren eta haur maite hura saindu bat baita, eta bere gorphutza azoteaz joiten omen baitu.»
Azken orhoitzapen horrek bihotza hausten zion; begiak behar zituen orduan nigarrez busti; gero hatik, Jainkoari altxatuko zion bihotza eta erranen zuen:
«Egia da Jainkoarena dela! guzia Jainkoarena... Ez da gehiago enea.»
Noiz bait hurbildu zen Portugaleko enbaxadorea, eta, Nafarroan sartzean, Franzizkori erran zion:
«Aita Franzizko, ez gare Iruñetik urrun, han egonen naiz zure begira.»
«Ene begira, Jauna?»
«Bai, Aita Franzizko; phensu dut ezik, Zabiererat nahiko duzula juan jin bat egin.»
«Ez, Jauna; ez naute Zabieren ikhusiko.»
«Nola ez? Jakizazu, aita maitea, Erupa behar bada sekulakotz uzten duzula.»
«Baditeke sekulakotz uzten dudan.»
«Bada, hoinbertze urthe badu ez ditutzula etxekoak ikhusi; zure ama ona xahartua da gaixoa.»
«Horiek guziak hala dire, Jauna. Bainan ez nau Jainkoak Zabiererat deitzen, Indietarat deitzen nau.»
«Ene Aita, miresten dut zure berthutea; erranen dautzut hatik zure amak igurikatzen zaituela, eta sobera atsekabe eman zinezokela ikhusterat ez juanez. Ene aita maitea, zure amaren gatik, bakharrik haren gatik, zohazi, othoi, Zabiererat! Ama xaharrari egiozu, othoi, atsegin hori!»
«Atsegin horri, Jauna, adiorik erdiragarriena larraikioke. Ene ama guziz maitearentzat, ene ahaide guziz maitentzat eta enetzat, hobe da, ez dezagun elgar ikhus zeruan baizik. Zeruan, zeruan, gure biltzarrea izanen da adiorik gabekoa! Zeruan deusek ez du histuko, deusek khirestuko gure zoriona.»
Enbaxadorea, bere ustez, bertze zerbaiten erraiterat zitzohakon; ohartu zen Franzizko eta erran zion:
«Naizen guzia, ditudan guziak, Jainkoari eman diotzat; ez ditzazket gibelerat har; ez dut gibelerat hartzeko, ez dretxorik, ez gogorik.»
Orduan ixildu zen enbaxadorea, eta ez ziren Iruñen gelditu, bizigailuen hartzeko denbora baizik.
Handik zenbait orenen buruan, Franzizkoren berri galdez ethorri zen Zabiereko muthila. Ezin jakin zuen, ez norat hartu zuten, ez gaua non iragan gogo zuten; gisa hartarat jokhatu baizen enbaxadorea, Franzizkori atsegin egiteagatik. Jakin zituen hatik Franzizkoren bertze zonbait berri: ontsa ekhartzen zela, guziz amultsua eta guziz maithagarria zela; norat nahi juan zadin aise ageriko zela, ez zela hura edo zoin etxetako, edo zoin herritako seme, bainan aitoron seme handienetarik zela, Heskualdun garbienetarik zela.
«Nik laster ezagutu dut» zion Iruñeko ostalerrak, zoina loriostua baitzagon Zabiereko seme bati atherbea emanik. Amari berria behar zen ekharri; ez baitzen errex. Bere semek ekharri zioten. Ama zen, bainan ama girixtinoa. Bihotza erdiratua, sarthu zen kaperan, ahuspez erori zen zurezko khurutzefika handi baten oinetarat, eta bihotzez egin zion Jainkoari hanbat maite zuenaren sakrifizioa.
III.
Lisbonarat zenean, mila eskaintza ukhan zuen; etxea eskaintzen zion batek, mahaina bertzeak, dirua bertzeak. Franzizkok ospitalea hartu zuen egoitzatzat, eta ogi hutsa janharitzat. Lisbonan iragan zituen egunak, ez zituen alfer iragan. Hiri guzia pekoz gain itzuli zuen bere predikuen eta berthuten indarraz; gortheko jaunak berak erakharri zituen zortzitik kofesatzerat eta komuniatzerat.
Untzian sarthu zen, Aphirilaren zazpian, 1541an. Bere ganbara eta bere mahaina eskaini ziotzan kapitainak; bainan guritasun guzier ukho egina zen gure saindua, eta pobren ogia baizik ez zuen nahi jastatu. Ezin erran diteke untzi hartan zonbat ongi egin zuen, han zer lanak ibili zituen. Bere kontseilu zuhurrez untzitik kasatu zituen joko beroak, aharrak, hizkuntza gaxtoak, elhe lizunak eta untzietan ikhusten ohi diren behar eztenkeriak. Igande guziez egiten zuen predikua masta handiaren ondotik, eta katixima egun guziez, ahantzia zutener edo behin ere ikhasi ez zutener; othoitza, guziek tenore berean; kofesioa, guziek beren egunetan.
Eriak zituen oroz gainetik maite; eriekin zuen lakhet; bera mediku, bera erizain, bera aphez. Untzi hartan hainbertze jende bazelarik, guzien bihotzak irabazi zituen, guziekilakoa egiten zuelakotz. Izurrite batean agertu zen bereziki haren karitatea; erien izerdiak berak xukhatzen zituen, zauriak berak lotzen, oihalak eta lothurak berak garbitzen. Izurriteko denbora guzian, bera eri izana gatik, han zabilan, gau eta egun, ganbaraz ganbara, ohez ohe, eri batetik bertzera. Heien gorphutzez baino artha gehiago zuen oraino heien arimez, eta heriotze saindu baten egiten laguntzen zituen, azken hatseraino heien ondoan egonez. Eriak ere ezin zagozken hura gabe, haren galdea zuten bethi:
«Aita non da? Aita non da? Ah! Aita hemen baginu gutiago oinhaze ginuke!»
Eta Aita ethortzearekin, bihotza phizten zitzaioten eta oinhazea lokhartzen.
Maiatzaren seian 1542an, ethorri zen Goarat, zoina baitzen denbora hartan Indietako hiri nausia. Ohi zuen bezala, ospitalerat jautsi zen. Meza eman eta, erientzat ibiliko zen eske; erien ondotik presuneretarat zohan; erier eta presunerer artha berak emaiten zituen, amodio bera erakusten. Arrats aldetan, hiriko karrika guziak joiten zituen, xilintxa bat eskuan, burhasoen eta nausien othoizteko, katiximarat igor zitzaten haurrak eta sehiak. Nahiz girixtino hiria, hiri galdu bat zen Goa. San Franzizkoren katiximek eta predikuek jende guzia bere baithan sarrarazi zuten, eta injustiziarik, lohikeriarik eta herrarik baizik ez zen lekhuan, laster erreginatu zuten justiziak, garbitasunak eta karitateak. Franzizkori, orduan eman zioten apostoluaren izena.
Goako jaun aphezpikuaren bikario jenerala erraiten dio egun batez:
«Ene Aita, hasi Komoronetik, eta Manaarreko islaraino bazinuke zer egin. Palabarrak deitzen dituzte hango populuak; arrantzale pobre batzu dire, moroek lehertuak dagozkatenak, eta moroen kontra Portugesen laguntza ukhaitea gatik, girixtino bilhakatu direnak. Bainan girixtinoarenik ez dute izena baizik, eta aphez galdez daude, girixtino egiazko nahiz bilhakatu.»
«Jauna, banoha beraz.»
«Ene Aita, zu zarenarekin, uste dut heien artean zerbait egin dezakezun; ez darotzut hatik gordeko hango jendea nihonden pobrena dela, eta hango lurra, iguzkiaz kiskailia, nihonden agorrena dela.»
«Ez naute, ez lurrak, ez iguzkiak izitzen. Jainkoak Indietarat deithu nauenean, bazakien Indien eta ene berri, Jainkoa baithan dut ene esperantza, eta banoha.»
Egia erran zuen bikario jeneralak; Palabarrek ez zuten girixtinoaren izena baizik. Franzizko hasten zaiote predikatzen; haren hitzak, paganoak eta girixtinoak argitzen eta hunkitzen ditu, girixtino guziak kofesatzen dire eta bizitzez khanbiatzen. Berrogoi mila paganok bathaioko ura hartzen dute, eta beren fede bizian, zurezko eta harrizko jainkoak phorrokatzen dituzte, eta Jainko egiazkoaren laudorioak errepikaz khantatzen. Apostoluaren bizimodu garratzak, haren berthute miragarriek, haren mirakulu nonbre gabekoek ez dute guti laguntzen haren hitz botheretsua. Bertze janik ez du irrisa baizik; egunean hirur oren lo, lurraren gainean dena ere.
Trabankoreko erregeak, apostoluaz laudorio handiak entzunik, libertatea igorri zion haren lur guzietan fedearen predikatzeko. Apostolua lur hetan agertu orduko, mintzatzen hasi orduko, populuak osteka erori ziren haren oinetarat. Ilhabete bakhar batez, hamar mila pagano bathaiatu zituen. Urthea gabe, berrogoi eta bortz eliza bazituen egiazko Jainkoak. Herri baterat zohanean, Franzizkok ordoki baterat biltzen zuen jendea, gizonak eta emastekiak behex ezartzen zituen, eta bera, arbola baten gainerat iganik, handik minzatzen zitzaioten. Hura mintzatzetik baratu eta, jende guzia lasterka bazohan jainko faltsuen xehatzerat, heien tenploen aurthikitzerat.
Apostoluaren indarrez asaldatzen da Ifernua. Auzoko errege bat, debruak harturik, armada batekin sartzen da Trabakoreko lurretan, girixtino berrier, edo fedea, edo bizia behar diotela khendu. Hori jakitean, ahuspez lurrerat erortzen da Zabier, eta othoitz hau egiten dio Jainkoari:
«Orhoit zaite, Jauna, urrikalmenduzko Jainkoa zarela. Ene arthalde maitea begira zazu, othoi, otso errabiatu horien sarraskitik; girixtino berriek ez dezatela dolurik ukhan beren bihotzak zuri emanik, eta Ifernuak ez dezala irririk egin zure haurrak garhaiturik.»
Othoitz horren ondotik xutitzen da, eta darraizkon girixtinoer erraiten diote:
«Jarraik niri, gurekin da Jainkoa.»
Eta gerlari bat bitoriarat bezala, badoha apostolua, khurutzefika eskuan, etsaien biderat.
Etsaien aitzinerat denean, baratzen da, eta khurutzefika altxaturik, botz ikharagarri batekin erraiten diote:
«Bara hor! Jainko bizi denaren izenean, bara hor! ez urhatsik egin aitzina!»
Etsaiak harritzen dire; ez dezakete egin, ez aitzinerat, ez gibelerat.
«Zohazte bada aitzina! diote gibelean direnek.
«Ez dezakegu, ez harat, ez hunat egin, diote aitzinean direnek; gizon bat dugu traba; suia dohako begietarik.»
Armadako borthitzenak armadaren bururat heldu dire. Ikhusi dutea bada Apostoluaren begia? Higi ahala higi ihes abiatzen dire, eta armada guzia heien ondotik. Trumilka dohatzi, buruz gainka dohatzi; beren harriduran elgar phoxulatzen dute, elgar aurthikitzen, elgar lehertzen, elgar funditzen. Armada guzia xahutzen eta erhausten da.
Bitoria horren berri laster jakin zuten Trabankore guzian; etsaien biderat heldu zelarik jakin zuen erregek. Garhaitzaria deithu zuen bere ganat; armada guziaren aitzinean besarkatu zuen, eta erran zion:
«Ni deitzen naute Trabankoreko errege handia. Hemendik harat, zu deithuko zaituzte ene anaia, eta Trabankoreko aita handia.»
Erregeren egitateak uzkurrenak lehiatu zituen fedearen besarkatzerat.
Bere nekhe guziak ahanzten zituen Franzizkok, ikhustearekin paganoen gutizia, paganoen egarsua, egiaren ikhasteko, paganoen jarraikitasuna othoitzari, paganoen sumetimendua Elizaren manu guzier. Itsas hegi guzia argitu zuen, nihon trabarik khausitu gabe.
Koilaneko jendea khausitu zuen bakharrik gogor eta herrebes. Hainbertze denbora bazuen zeruko erresumaz mintzo zitzaiotela, eta banaka batzuek baizik ez ziren haren oinetarat erortzen. Heien gogortasunak eta itsumenduak atsekabez bethetzen zioten bihotza. Egun batez, paganoer alferretan mintzatu ondoan, su garretan bezala jartzen da haren begithartea, eta nigarra dariola Jainkoari erraiten dio:
«Jauna! bihotz guziak zure eskuan dire; gogorrenak guri ditzazketzu. Jauna, zure seme dibinoaren odolaz othoizten zaitut, mirakulu hori egin dezazun egun gure artean.»
Itzultzen da gero paganoetarat, eta erraiten diote:
«Ez duzue ene hitza sinhetsi nahi? sinhesteko zer behar duzue? zer nahi duzue? Atzo gizon bat ehortzi duzue hemen nonbait. Zohazte haren hobirat, ikherrazue hil ala bizi den, eta hila balinbada, ekharradazue.»
Multzoan badohatzi; gorphutza hobitik atheratzen dute, eta Franzizkori badakharrote, diotelarik:
«Bai, bai, hila da; usaindua ere da!»
Franzizko belhaunikatzen da; aphur bat badago othoitzean; jeikitzen da gero, eta batere durduzatu gabe, hilari erraiten dio:
«Jainko bizi denaren izenean, phitz badi; eta hire phizteak erran dezala, nik predikatzen dudan hitza Jainkoaren beraren hitza dela.»
Hila phizten da, eta osagarriz eta indarrez bethea jeikitzen.
Paganoak, beren bozkalentzian, batzu nigarrez hasten dire, bertzeak khantuz; guziak Franzizkoren oinetarat erortzen dire eta bathaioa galdatzen diote, goraki aithortuz bertze Jainkorik ez dela aita handiaren Jainkoa baizik.
IV.
Trabankoreko erresumatik Meliapurrerat juan zen, San Thomasen thonbarat, San Thomasen arartekotasunaz jakiteko Jainkoak norat deitzen othe zuen. Meliapurre guziak famaz ezagutzen zuen aita handia. Heldu zela entzutearekin, jende oste bat juan zitzaion biderat. Apostolua berheala lothu zen lanari, zer egin bazela iduriturik. Haren hitzak bekhatorosik handienak hunkitu zituen eta beren hutsen aithortzerat erakharri. Errankizun bat bazen, Franzizkori ihardokitzen zuten guziek heriotze gaxtoa egiten zutela, eta etsenplurik ikharagarrienak erakhartzen zituzten errankizun horren alde. Hortarakotz, gutiak ziren, hura entzunez geroz, bekhatuan gogortzen zirenak; baziren hatik bakhartto batzu, eta Jazinto Portugues aberats bat, Franzizkoren ezagun xahar bat, hetarik bat zen.
Eguerdi batez, bazkariterat juaiten zaio Franzizko. Jateko artetik, elhe eta elhe emaiten dio Jazintori; xoratua atxikitzen du bere solhas maithagarriez, bere atheraldi arrai eta izpiritutsuez; bainan bere egitekorik handienaz, bere arimaren salbamenduaz, ez dio hitzik aiphatu.
Franzizkok gisa hortan uztearekin, gogoetatzen da Jazinto:
«Ez zait Franzizko salbamenduaz mintzatu... zerentzat ez? Ah! naski, ez baitu nitarik deus onik igurikatzen! naski, ene arima galdua baitagoka!»
Phentsaketa horrek izitzen du, lazten du, harritzen du. Gogo guzia deboilatua, badoha Franzizkoren ganat:
«Ene Aita, izitu nau zure ixiltasunak; nitaz etsitu otheduzu?»
«Ez, Jazinto maitea, ez; zertarik iduritu zaizu etsitu dudala?»
«Ene Aita, ene etxerat ethorri zare, eta ene arima dohakabeaz hitzik ez darotazu erran.»
«Deus irabaziko othe nuen? Entzunen othe ninduzun? Uste ukhan dut ixilik egoitea nuela hoberena.»
«Ah! ene aita maitea! ixiltasun hori zait, hori, gaitzitu! horrek dait, horrek, barne guzia nahasi. Zurekin bazkalduz geroz, ez da enetzat sosegurik, ez da enetzat bizitzerik, ez da nihon ene zorigaitzaren parekorik. Ene aita maitea! oraino asti balinbada, othoi urrikal nakizu!»
«Jazinto maitea, asti zinduke oraino, bazinduke oraino Jainkoaren ganat itzultzeko denbora; bainan sakrifizio handirik behar zinuke egin.»
«Ene aita maitea, zer nahi eginen dut; salbatzekotan, zuk erranak oro eginen ditut.»
Bizi guziko kofesioa eginarazten dio Franzizkok, eta Jazinto, bertze gizon bat bilhakatua, berthute guzien pratikan bizitzen da.
Mirakulu egiteko dohainak ez zuen nihoiz uzten.
Benedito Kabralek orhoitzapen bat galdatzen dio, itsasoan sartzerakoan.
«Deus ere ez dut, ihardesten dio Franzizkok, ez dezakezut eman arrosario hauk baizik; ukhazu hautan sinheste, eta ez zare gaizki helduko.»
Itsasoan sartzen da Benedito. Harroka batzuen kontra phorrokatzen da untzia, mariñel guziak ithotzen dire. Benedito, arrosarioak eskuan, gomendatzen da Andre dena Mariari; ezagutza galtzen du, eta berak ez dakiela nola, bere burua hatzemaiten du Negapataneko hirian.
Mendoza, bertze Portugues bat, Franzizkori heldu zaio untzi bat galdu duela.
«Ene izaite guzia untzi bat nuen, eta ohoinek ebatsi darotate Komorineko hegian. Itsasorat jauzi egin dut heriotzearen beldurrez, eta igerika athera naiz Meliapurrerat. Ene aita ona! ikhusten duzu zoin urrikaltzekoa naizen!»
«Pobre hutsa naiz ihardesten dio Apostoluak. Ah! balinbanu zerbait! zoin gogotik eman nezaikezun! Bainan, ez esperantza gal, zabalduko da zuretzat Jainkoaren eskua.»
Eta sakelak ikhertzen ditu; kornadorik ez du hatzemaiten. Jainkoari bihotz altxatze bat egiten dio eta sakelak berriz ikhertzen ditu, eta eskuak diruz betheak, Mendozari erraiten dio:
«Jaun maitea, horiek zuretzat, zeruak igortzen darozkitzu.»
Berrogoi eta hamar urhe pheza baziren.
Meliapurretik izkiribatu zuen Jesusen Konpainiari:
«Hiri hau uzten dut, Malaka alderat juaiteko; harat deitzen nau Jainkoak. Ez badut untzirik, taula baten gainean noha; Jainkoa da ene untzia, Jainkoa ene izarra. Jainkoaren ondotik, zuer nago, anaia maiteak.»
Malakan sarthu zen Buruilaren hogoi eta bortzian 1545an. Girixtino hiria zen Malaka, bainan lazotasunik handienean eroria, berthuteari aspaldian ukho egina. Entzun duten bezain laster aita handia ethorri dela, ospitalerat jautsia dela, jendez bethetzen da ospitaleko plaza, jende guzia aita handiaren galdez, aita handia behar dutela ikhusi, aita handiaren ahotik hitz bat edo bertze behar dutela entzun. Agertzen da aita handia, eta haren hitz zonbaitek nigarrez hasarazten dute jende guzia. Sartzen da gero haurren artean, izenik galdatu gabe, bakhotxa deitzen du bere izen egiazkoaz, phestatzen ditu eta benedikatzen. Haurrek ere beren moldean erakusten diote beren amodio; bulharrekoek, amen besoetarik haren besoetarat jauzi eginez; ttarrotuek, sotana hegalean edo eskuetan musu emanez. Ikhusgarri horren aitzinean, plaza guzia nigarrez dago, bozkarioz. Ospitalerat itzultzean, alde guzietarik oihu egiten diote:
«Aita handia! aita handia! othoi benedika gaitzazu!»
Eta aita handiak benedikatzen ditu, eta othoizten ahal bezain nonbre handian bil diten haren predikurat.
Biharamunetik beretik abiatu ziren. Jendea elizetan ezin kokatuz, kanpoan predikatzen zuen apostoluak. Haren predikuez argituak eta hunkituak, bekhatorosak haren oinetarat erortzen ziren, bulharrak joiten zituztela eta bekhatuak nigarretan deithoratzen. Arrainik larrienak gibel egon ziren hastean; bainan hek ere bere asmu sainduez bildu zituen Franzizkok, eta hetarik bati entzuten zioten:
«Hiri huntako buruzagi aita Franzizko da; ezik bere ditu bihotz guziak.»
Malakan bezenbat mirakulu nihon ez zuen egin. Eri bati, hitz altxagarri zonbait erran ondoan, eskua hartzen dio, eta horra eria sendatua. Berheala berria barreatzen da, aita handiaren hunkitzea aski dela, zer nahi gaitzetarik sendatua izaiteko. Orduan, arrangurarik duten guziek aita handiaren ganat nahi lukete heldu, eta eskua ez badezokete, bederen sotana hunkitu. Zorion hori duten guziak, sendatuak itzultzen dire. Bidearen erdian baratzen dute, eriak ekhartzen diotzate, othoi hunki ditzan, othoi benedika ditzan; eta heien othoitzez eta nigarrez hunkitua, eriak hunkitzen ditu, benedikatzen ditu, eta gaitz guzietarik sendatzen. Eria kanporat ezin ekharria denean, aita handia barnerat sarrarazten dute. Aita handiak erier manatzen du jeiki diten, ibil diten, eta eriak jeikitzen dire, ibiltzen dire.
Egun batez, ama bat heldu zaio, alaba galdurik nigar marrasketan.
«Ama dohatsua, erraiten dio apostoluak, zohazi, zure alaba bizi da.»
«Ene aita! hirur egun badu ehortzia dela!»
«Zohazi, idekazu hobia, eta zure alaba bizirik hatzemanen duzu.»
Laster egiten du ilherrirat, idekitzen du hobia eta bere alaba bizi eta azkar hatzemaiten.
Anboinen, Ternaten, Monoian ez zuen Zabierek, ez gutiago lan erabili, ez gutiago ongi egin. Paganoen izpirituak bere hitzaz eta mirakuluez joiten zituen, eta bihotzak bere saindutasunaz irabazten. Jainkoaren semearen izenean eta Jainko semeak bezala, naturaleza guziari manatzen zion. Eriak sendatzen zituen, hilak phizten, haizeak jabaltzen, itsasoa ematzen. Arrainek berek haren muthil zirela iduri zuten. Fausto Rodrigesek huna zer dion:
Anboinetik Baranurerat juaitean, denbora oiestu zitzaioten, itsasoa samurtu, eta untzia galtzeko hirriskuan jarri; etsitu zuten mariñelek. Franzizkok eskuan hartu zuen bere khurutzefika, eta, itsaso samurrean sartzerat zeramalarik, itsasoak ereman zion. Franzizkoren nigarrak khurutzefika hura galdurik! Bere mirakuluen obratzailea, bere bidetako laguna, bere bihotz altxagarria, bere ontasun guzia, khurutzefika hura zuen. Halere, haizea eta itsasoa nolezpait garhaiturik, osorik sarthu ziren Baranuren.
Leihorrerat denean, lagun bat hartzen du Franzizkok, eta Talamorat abiatzen da, itsas bazterrez. Berrehun bat urhats egin duteneko, ihizi bat badakusate itsasotik atheratzen. Zer dakharre astaparretan? Franzizkoren khurutzefika. Franzizkori buruz heldu da, xuxen xuxena haren ganat doha, haren oinetan baratzen da. Franzizko belhaunikatzen da bere khurutzearen hartzeko, adoratzen du, amodiorekin besarkatzen du, eta ihizia, bere lana eginik, itsasorat itzultzen da.
V.
Bethi lan gose zen aita handia. Arimen salbatzeko sua bethi amatuz zohan haren bihotzean.
Entzunik Jesu-Kristoren izena ezagutzekoa zela oraino Japoneko erresuman, Japonerat hartu zuen. untzi batek heldu zuen Kangozinako hirirat, zoina baitzen Sazumaren peko. Sazumako buruzagiak, aita handiaren aiphamena entzunik, baimena eman zion haren peko ziren herri guzietan fedearen predikatzeko. Kangozinako hirian, gehienek ezagutu zuten eta besarkatu fedea. Fedearen frogak begien aitzinean zituzten.
Itsas hegian dabilan batez, arrantzari batzuer so baratzen da Franzizko. Arrantza txarra dute; sarea hamarretan aurthikitzen dute urerat, eta hamarretan hutsa altxatzen. Etxerat hutsik dohatzilarik, Franzizkok erraiten diote:
«Zerentzat etsitu duzue, haur maiteak?»
«Aita maitea, ez da egun arrain aro. Bertzalde, arrain guti da itsaso huntan, eta ez dugu lehen aldia hutsik gohazila.»
«Hots, ene haurrak, berriz aurthikazue sarea.»
«Bainan, Aita maitea, hainbertze aldiz aurthiki dugu, eta bethi alferretan.»
«Ez etsi, ez etsi; harrazue Jainkoa baithan konfidantza, eta aurthikazue sare hori urerat.»
Urerat aurthikitzen dute sarea, eta trenkatu hurrana altxatzen, hain da arrainez bethea. Biharamunean, ondoko egunetan, gauza bera gerthatzen zaiote. Handik harat, guzia arrain zen Kangozinako ura.
Alaba galdurik heiagoraz dagon pagano bati, hitz hautaz bihurtzen dio bere alaba:
«Zohazi, zure alaba bizi da.»
Badoha paganoa, bainan hasarre Franzizkoren kontra, ustez burlatu duen Franzizkok; ez baitu egundaino hil phizterik entzun. Etxerakoan, hor heldu zaio alaba, eta besarka lothurik:
«Ene Aita, erraiten dio, bazindaki zer gerthatu zaitan. Hila nintzen; bi debruk suzko leze batetarat ninderamaten, noiz eta begitharte ezti eta ederreko gizon batek athera bainau heien aztaparretik, eta zure besoetarat ekharri.»
«Ene alaba! ene alaba! bai hila hintzen. Bainan girixtinoen aphezak phiztu hau, bere Jainkoaren izenean. Haren Jainkoak ditin holako indarrak. Guazen, ene alaba, guazen eskerren bihurtzerat.»
Eta aita alabak apostoluaren ganat badohatzi. Apostolua ikhustean, nexkatoa oihuz hasten da:
«Horra, horra, ni debruen eskutik athera nauena! Hori da! hori da!»
Eta aita alabak apostoluaren oinetarat erortzen dire, eta apostoluak, fedezko egiez argitu dituenean, bier emaiten diote bathaioko ura.
Prediku baten ondotik, pagano bat karrika bethean jazartzen zaio, mehatxua eta elhe tzarra dariola.
«Ai zure mihia!» egiten dio apostoluak, nigarra begian; eta mihia harrez estaltzen zaio, eta usteldua erortzen.
Firandoko eta Amanguxiko erresumek apostoluaren hitza hartu zuten, lur agortu batek euri gozo bat bezala. Handiek eta xumek, pobrek eta aberatsek, lehia bera zuten fedeaz argituak izaiteko. Dohain bat hain ederra, hain aberatsa, zagokaten fedea, non, bertze dohain guzientzat, biziarentzat berarentzat ere, esker guti baitzuten haren aldean. Denborak erran zuen, heien fedea zoin zen bizia, zoin zen borthitza, jazarri zitzaizkotenean burreboen tresna lazgarriak. Girixtino berri eta kharsu heien erditik izkiribatzen zuen Franzizkok Aita Iñaziori:
«Jainkoaren eta Elizaren haur bilhakatzen direnak, hastean ehunka khondatzen nituen, eta orai milaka. Lanez lehertua naiz; ene gorphutza izerdi uharretan da, eta ene bihotza atsegin uharretan.»
Franzizkok, Jesuista Heskualdun bat bazuen berekin, Fernandez deitzen zena. Egun batez, Fernandez jende oste bati mintzo delarik, giza txar bat hurbiltzen zaio, eta begitharterat thu egiten dio. Fernandezek hartzen du mokanesa, xukhatzen du begithartea, eta aitzina minzatzen da, giza txarrari beltzuri bat ere egin gabe.
Fernandezen berthutea handizki miretsi zuten paganoek, aitoron seme batek bereziki, zoina berheala girixtino bilhakatu baitzen, eta geroago Jesusen konpainian sarthu.
Denbora hartan, letra bat jin zitzaion Zabieri, othoi Goarat itzul dadin, asko gauzen xuxentzeko bazutela han haren beharra. Bere lan handiak utzirik, Goarat juaiteko xedetan ethorria zen Figenerat, noiz eta Bungoko erregeak bere gortheko Jaun batekin mezutzen baitio, haren ikhusteko gutizia handitan dela, eta atsegin hori egin nahi balinbadio, Fuxeoko palazioan igurikatuko duela. Zabierek ihardesten dio, atsegin hori biharamunean berean eginen diola. Figenen diren Portugesek ez dute Zabier bakharrik juaiterat utzi nahi; hek ere harekin behar omen dute juan; ohore handitan behar omen dute lagundu; paganoer behar omen diote erakatsi, zer errespetua, zer amodioa, zor zaizkoten girixtinoen aphezer... Portugesen prestamuek ikharatzen dute Zabieren umiltasuna; bakharrik nahi luke juan; bainan nahi badu eta ez badu, erdian hartzen dute Portugesek, eta bi lerrotan jarririk, guziak buru has, jaunzturarik aberatsenetan, urhe eta zilharra dariotela, airerik ederrenaz joz, trionfan baderamate Fuxeoko palaziorat. Fuxeon sartzean:
«Horra! horra! diote mila botzek, horra aita Franzizko! Horra Indietako aita handia!»
Karrikak, atheak, leihoak, teilatuak, jendez betheak dire, guziak bozkalentzietan aita handiaren ikhusteaz.
Erregeren palaziorat ethorri denean, erregek hirur agur egiten diotza Franzizkori, Franzizkok hirur agur erregeri. Gero erregek, eskutik harturik, bere tronuan jarrarazten du, eta, gorthe guziaren aitzinean, egiazko Jainkoaz mintzarazten. Bazkariteko, bere aldean ezartzen du, eta haren solhasez xoratua eraiten dio:
«Zeruan ere gero, elgarren ondoan behar dugu guk biek jarri, eternitate guzian gauza eder hautaz mintza giten.»
Palazioko athean berean hasten da populuari mintzatzen, eta populuak lehia eta bozkariorekin entzuten du haren hitza. Jenden ospetik pagano aphez bat atheratzen da, girixtinoen apheza behar duela gezurrean hatzeman. Haren galdeitza guzier hain garbiki, hain zuzenki, hain bitorioski ihardesten du Franzizkok, non aphez paganoa mundu guziaren aitzinean Franzizkoren oinetarat erortzen baita, egiari aithor emanez, eta orai artean sinhetsi eta erakatsi dituen gezurrak deithoratuz.
Beren aphezaren aithormenaz argituak, bortz ehun paganok berheala galdatzen dute bathaioa.
Bozkario handia apostoluarentzat! Hura arimen egarri bezain, arimak haren hitzaren egarri. Egun guziez Elizari sortzen zaizko populu berriak, beren ama berriarentzat ezagutzaz eta amodioz betheak. Zeruko aitaren landan handiak dire lanak, bainan lan handietako sorthua da Zabier; gauak egun eginez, lan guzier ihardokitzen du berak, lan guziak garhaitzen ditu berak.
Fuxeoko hiriari deusek ere ez zezoken hainbertze atsekabe eman, nola Franzizko galdu behar zuelako berriak. Goarat abian zela jakitearekin, girixtino berriak, errege buruan, milaka juan zitzaizkon, agian beren othoitzez eta nigarrez atxikiko zutela. Aita handiak adiarazi zioten, Jainkoaren borondatea zela Goarat itzul zadin, bainan izpirituz eta bihotzez bethi heiekin egonen zela, eta arte laburrik barnean igorriko ziotzatela konpainiako zonbait aphez.
VI.
Franzizko sarthu zen untziak San Migel zuen izena, eta untzi kapitainak Eduard de Gama.
Sei egunen buruan denbora khanbiatzen da, itsasoa samurtzen, zerua belzten; egunak ez du iguzkirik, ez gauak izarrik. Tenpestaren erdian, ilhunben erdian, aitzina badoha San Migel, emeki bada emeki, nekhez bada nekhez, noiz eta ere haize zirimola batek bidea hautsarazten baitio eta galarazten. Xalupa urean da hamabortz gizonekin, kapitainaren iloba hamabortzgarren. Gau minean, uhin batek trenkatzen diotza lokharriak, eta hosto bat bezala baderama untzitik urrun. Hamabortz gizonen deihadarra entzutearekin, kapitainak oihu egiten du: Sokhorri!! sokhorri!! eta bera sokhorri beharretan, badoha bertzer sokhorri emaiterat. Betbetan itsas zolatik atheratzen da ur mendoi bat, botheretsu eta muthiri, eta orro ikharagarri batekin untziaren aldean lehertzen da. Untzia hordi bat bezala dabilalarik, ez eroriko bai eroriko, bertze uhin batek erraietan joiten du, eta erroz gora aurthikitzen. Mariñelek, nigar marrasketan, adio diote untziari, adio biziari.
«Ez lotsa, untzia!... Franzizko dakharrek!» Ordu artean ez da agertu Franzizko; orduan agertzen da eta othoitz hau egiten du:
«Jesus, gizonen salbatzailea! Jesus, ene arimaren amodioa! Zure zauri adoragarrien izenean, hel zakizkigu!»
Untzia ordukotz urpe egina, goiti heldu da, bera eta bere gizon guziak oso. Uhinak eztitzen dire, hedoiak barreatzen, zeru xaharra agertzen. Untziak badaki orai zer aurkhintzetan den, eta beldurrik gabe badohake bere bidean.
«Zer egin othe da xalupa?» dio noizpait kapitainak.
Mariñelak khorder gora igaiten dire, behatzen dute, deus ez da nihon ageri.
Triste da kapitaina, iloba galdurik; triste jende guzia, batzuek beren jendeak, bertzek beren adixkideak galdurik.
Franzizko hurbiltzen zaio kapitainari, eta erraiten dio: «Ez nigarrik egin, Eduard maitea, ethorriko da xalupa.»
«Oh! ene Aita! akhabo da, akhabo! haren ethortzea mirakulu liteke!» Othoitzean hasten da Franzizko. Bi orenen buruan kapitainari erraiten dio.
«Ageri da deus, Eduard maitea?»
«Ez, ene Aita, ez da deus ageri.»
Othoitzerat itzultzen da. Arratsalde aphalean kapitainari erraiten dio: «Ageri da deus, Eduard maitea?»
Khorder gora igaiten da kapitaina; behatzen du, luzaz behatzen du, begiak akhitu artean behatzen du, eta, etsitu duenean, jausten da, diolarik:
«Ene Aita, ez da deus ageri, gainean zerua baizik, beherean itsasoa baizik.»
Arrats irian kapitainari erraiten dio:
«Hea bada, ez denez deus ageri?»
Kapitaina igaiten da berriz ere, ez zerbaiten ikhusteko esperantzan, ezik esperantza guzia galdua du, bainan Franzizkori atsegin egitea gatik. Kapitainarekin batean igaiten dire mariñelak; untziaren kaxko kaxkorat igaiten dire; nihon ez dute deus ikhusten ura baizik, eta bethi ura.
Etsiturik jautsi direnean, haurtto batek oihu egiten du:
«Xalupa!!... Xalupa!!...
Xalupakoek eta untzikoek elgar besarkatzen dute, nigarrez daude elgarren besoetan. Betan mintzo dire guziak, batzu bertzeak baino gorago; ezin erranezkoa da heien bozkarioa...
Orduan kapitainak erraiten diote:
«Utzazue ene iloba bakharrik mintza dadin; eta zuk, ene iloba, erraguzu nola athera zareten bizirik.»
«Nola athera garen, oseba Jauna? Bainan ez dugu den gutieneko hirriskurik ukhan. Gurekin ginuen Zabier, eta untzirat hark ekharri gaitu.»
«Aiei!! Aiei!! dio kapitainak oihu samin batekin; ene iloba burutik aldaratu da, tenpestak burua jo dio.»
«Zer diozu, ene oseba? Zerentzat diozu burutik juan naizela?»
«Bainan, ene iloba maitea, Zabier ez zen xalupan, untzian zen, gurekin zen.»
«Gurekin zen! gurekin zen! diote botz batez xalupan zirenek, hari zor diogu bizia! hari zor dugu zuen hatzemaitea!»
Untzian diren guziek juramentu egiten dute Zabier heiekin zela, eta Zabierek salbatu dituela; xalupan ziren guziek ere juramentu egiten dute Zabier heiekin zela, eta Zabierek salbatu dituela. Beren ezagutzan, guziek goresten dute Jainko guziz botheretsua eta guziz urrikalmendutsua, zoinak nahi izan baitu Zabier denbora berean aurkhi zadin xalupan eta untzian, batean eta bertzean zirenen salbatzeko.
Arte hortan othoitzean zagon Zabier, ganbara gorde batean. Agertu zenean, oinetarat erori zitzaizkon guziak, eskerrik handienak bihurtzen ziotzatela. Zabierek erran zioten: «Eskerrak ez eni, bainan Jainkoari, zoina baita bakharrik ongi guzien egilea.»
VII.
Goako makhurrak xuxentzen ditu Zabierek.
Konpainiako aiten eta anaien erdian horra Zabier, aita bat bere haurren erdian bezala, gorphutza hautsia, arphegiak sarthuak, eta berrogoi eta bortz urthetan ilea xuri xuria egina. Ez othe luke lana utz ordu? Palabar herriek, Trabankorreko erresumak, Komorinek, Moreko isla handiak, Molukeko islek, Japoneko erresumek entzun dute haren botza. Mendiak eta zelhaiak, itsasoak eta oihanak, hiriak eta bortuak, jendeak eta ihiziak, zerua eta lurra, heziak atxiki ditu bere mirakuluez, espantituak bere lan gaitzez. Ez othe da engoitik lanez ase? Nahiz heskualduna den, haren zangoak ez othe dire engoitik akhitu?
Zabierek ez du sekulan lan eginari behatzen, bethi lan egitekoari; sekulan gibelerat, bethi aitzinerat.
Erresuma bat badakusa ehun miliun pagano dituena, Xinako erresuma. Xina guzia nahi luke khurutzearen oinetarat ekharri. Ez dezagun uste izan orduan ere sasiatua litekela gure apostoluaren khalda; gure apostoluak mundua bezain zabal du bihotza. Haren ametsa da, Xina konbertitu ondoan, Tartarian barna, Ziberiako elhurretan barna, Rusian barna, Alemanian barna, guzietan Jainkoaren hitza predikatuz, Pariserat ethortzea, eta Parisen lagun berriak eginik, munduz mundu arimen ondotik berriz abiatzea.
Aphirilaren hamabortzean, 1552an egin zituen adioak Goatarrer, eta hazilaren lehentsuan jautsi zen Zanzianerat. Isla bat da Zanziane, Xinatik hurbil. Oh! Franzizkoren bozkarioa Xinako hegiak ikhustean! Bere ustez eskuan dagoka jadanik Xina guzia. Iduritzen zaio Xina guzian Jainkoa ikhusten duela ezagutua, maithatua, goraiphatua; iduritzen zaio mila populu ikhusten dituela, debruaren gatheak hautsirik, Elizaren haur bilhakatzen; iduritzen zaio heien nonbreaz eta berthutez Elizaren bihotza ikhusten duela boztua, Elizaren khorona edertua.
Graziaren orenak ez bide zuen Xinarentzat oraino jo.
Zabieri sukhar borthitz bat lotzen zaio, hiltzeko sukharra; iphar haize batez hormatua, sukharraz errea, oinhazez josia, eztitasun guzietaz gabetua, hamahirur egun iragaiten ditu itsas bazterrean, etxola txar batean. Lurra eta lurreko amentsak utzirik, gogo guzia zerurat itzultzen du. Ez da baratzen erraitetik:
«Jesus, Dabiten semea, urrikal nakizu.»
Edo: «O Trinitate guziz saindua!»
Edo: «Zeruko Erregina, orhoit zaite ene ama zarela!»
Abenduaren bian, ortzirale egun batez, begiak nigarrez betheak, eta bere khurutzefikaren alderat amodiorekin itzuliak, hitz hauk erraiten ditu:
«Zuri nago Jauna! zuri behaturik ez baitzait urrikituko.» Eta denbora berean atsegin gozoenak bethetzen dio bihotza, izarra bezala argitzen du haren begitharteak, eta azken hatsa eztiki emaiten du. Berrogoi eta sei urthe zituen oraino.
Bizia khentzean ez zion Jainkoak khendu gizonen laguntzeko indarra. Guziek badakite, Nafarroan bereziki, zoin den botheretsua San Franzizko Zabieren arartekotasuna.
Zabiereko jauregian bada zurezko khurutzefika bat, Franzizko hil zen urthean ortzirale guziez odola ekhartzen zuena, Franzizkoren atsekabeak salbatzailearen atsekabe izan balire bezala. Ikhusgarri horrek, denbora hartan, ukhan zuen hanbat lekhuko, eta bereziki Iruñeko Jaun Aphezpikua eta Iruñeko buruzagi Jaunak, zoinek beren lekhukotasuna izkiribuz utzi baitarokute.
Haurrean, anhitz atxikia zen Franzizko khurutzefika hari; amak ere atxikitzen zion anhitz; lakhet zuen haren oinetan egoitea, hari bere semeaz mintzatzea; haren oinetarik bethi azkarrago jeikitzen zen, beretzat eta semearentzat grazia berriak ardietsirik.
Khurutzefika hura, berinez hetsia dagokate, ohiko tokian, kapera xaharrean. Orduko odolaren nigarrak ikhus ditzazkezu egun ere, khurutzefikari aldarearen gainetik behatuz.
VIII.
Jesusen konpainia egun guziez azkartuz eta emendatuz zohan. Egun guziez nork edo nork, eta maiz Aitoren seme batek hela egiten zuen komentuko athean. Haraz geroz, esku onetan ziren, Iñaziori aditzen baitzitzaion gizonetan. Gizon batek zer naturaleza zakharren, eta naturaleza hari nola behar zen jokhatu, behatze batez ikhusia zuen. Horra zergatik, buruzagi zuhurrari dagokon bezala, batzuen alderat idor zen, bertzen alderat ezti; batzuen alderat garratz, bertzen alderat urrikalmendutsu; batzuer mehatxua, bertzer balakua; batzuer larderia, bertzer lausengua. Guzier plegu berri bat emaiten zioten, guziak berthutezko bidean sarrarazten zituen, eta emeki emeki saindutasunik gorenerat helarazten. Ez mihi gaxtokorik, ez buru gaxtokorik, ez zuen komentuan ikhusi nahi; karitatezko eta sentimenduzko lege hori garratzegi khausitzen zutenak, komentutik kanpo ezartzen zituen, nongo nahiko seme izan ziten. Gehiago prezatzen zuen obedientzia umiltasuna baino ere: Hobendun batek belhauniko galdatzen bazion barkhamendu, eta Iñaziok xuti zadin erran eta, ez bazen berheala xutitzen, han uzten zuen bere belhaunen gainean, eta handik bazohan, ziolarik:
«Zer du balio umiltasunak, ez balinbada obedientziaren araberakoa?»
Egun batez, Jaun handi batekin solhasean zagolarik, komentuko anaia bat ethorri zitzaion mezu batez. Buruaz kheinu egin zion Iñaziok kadera bat har zezan, bainan bere buruzagiari eta Jaun arrotzari errespetua gal beldurrez, ez zen jarri. Iñaziok manatu zion orduan kadera hura buruaren gainera ezar zezan, eta buruaren gainean atxik zezan, Jaun arrotza handik juan artio.
Anaia erientzat neurri gabekoa zen haren amultsutasuna. Ez xollki bazohan heien ikhusterat, heien arthatzerat, bainan ezin zagokelakotz bethi heiekin, heien berriak egun guziez jakiten zituen, xeheki eta egunean ardura. Eritasun funtsezkorik zenean, begia bazagokan erizainen gainean, eta heien hutsik xumeenak borthizki larderiatzen eta gaztigatzen zituen.
Bi gizon gazte, komenturat ethorri bezain sarri, eritasunak hartu zituen. Erizaina Aita Iñaziori juan zitzaion, eriteia iadanik bethea zela, eta eri berriek hiriko ospitalerat juan beharko zutela.
«Ez, ez, ihardetsi zion Aita Iñaziok; ez dut nahi nihorat juan diten. Jainkoarentzat mundua utzi dutenek, ez othe dute bada, gure etxian, atherbe bat khausituko? Bethea balinbada eriteia, har ditzatela gure ganbarak.»
Bertze behin, aita eri bati manatua izan zitzaion erremedio bat kharioa, eta komentua azken sosetan zen.
«Khario bada, khario, dio Aita Iñaziok, erremedioak behar du ekharri; guk gosea ikhusiko badugu ere, ez dut nahi gure eriak deuseren eskasian egon diten.»
Gogoetatuak ikhusten zituenean bere eri maiteak, arhintzeko khantu eder bat adiaraziko zioten. Gogoeta hitsen kontra sinheste handia zuen khantu ederretan.
Gauherditan sar athera bat egiten zuen eriteian, gauzak xuxen othe ziren. Eri batek lothura bat makhurtu zukeelako arrangura bera, aski zuen ohetik jeikitzeko.
Bere haurrak bezala maite zituen konpainiako menbro guziak, eta guziak hari zagotzin beren aitari bezala. Haren manuak, haren erranak, haren nahikundeak berak, sakratuak ziren heientzat. Zonbaten bihotzak ez zituen hitz batez argitu eta sosegatu?
Egun batez, Laurentz Maggi juaiten zaio ezin dagokeela gehiago komentuan, garratzegi zaiola komentuko bizia:
«Ontsa da, ihardesten dio Iñaziok; xoilki, gauza bat nahi nuke hitzeman dezadazun.»
«Bai, ene Aita, guziak hitzemanen darozkitzut, salbu komentuan egoitea.»
«Laurentz maitea, ez darozut hori galdatzen; galdatzen darozudana hau da: Gaur, lehenbiziko loaren ondotik, zure ohean jarriko zare, agonian bazine bezala, arrasta eternalaren entzuterat bazinoatzi bezala. Gero phentsaketa hau eginen duzu: Hartan banintz, nola nahi nuke bizia iraganik, Jainkoaren zerbitzuan, ala munduaren zerbitzuan? Galdeitza horri ihardetsi dukezun ondoan, atherako zare komentutik.»
Biharamunean, Iñaziok Laurentz ikhustearekin:
«Laurentz maitea, uzten gaituzu beraz?»
«Ene Aita, ene Aita, ihardesten dio Laurentzek, zurekin ez banintz, othoitz zindezaket zure ganat har nezazun. Jainkoaren deia nihoiz ere ez dut, gau huntan bezain samin, nabaditu.»
Eta Laurentz nigarrez dago aita Iñazioren oinetan, barkha dezon othoi iragan lazotasuna, onhets ditzan othoi haren urrikia eta xede sainduak.
Komentu guziaren jakinean egin zuen mirakulu batek, ez zuen gutitu, haren baithan zuten sinhestea.
Anaia Batixta, komentuko kozinerra, gizon laño bat zen, fede oneko gizon bat. Sukhaldeko suia ifernukoaz mintzo zitzaion, eta orduan herra saindu bat hartzen zuen bekhatuarentzat; orduan ere gogorat heldu zitzaizkon gaztetasuneko bekhatuak, eta heien borratzeko nahi zituzken mila heriotze pairatu. Bekhatuen orhoitzapen biziegiak burua jo zion azkenean. Penitentzia salbagarri bat egin ustez, suian sarthu zuen eskua, eta erretzerat utzi. Etxe guzia hartu zuen erre usainak, eta aita ministroa lasterka sukhalderat jautsarazi. Ordukotz, anaia Batixta, egin zuen lanaz urrikitan, belhauniko zagon, barkhamendu eske. Aita ministroak gauza zen bezala salhatu zion Aita Iñaziori, ziolarik burutik juan zela anaia Batixta, eta komentua behar zitzaiola berheala hutsarazi. Gauza bera zioten bertze aitek ere. Aita Iñaziori bertzela iduritu zitzaion eta erran zioten: «Gaztigu baino urrikalmendu gehiago merezi du anaia Batixtak. Haurkeria bat egin du, egia da; bainan ez dut uste huts handi bat egin duen.»
Eta othoitzean jarri zen. Gau guzia ez zen othoitzetik baratu, Jainkoari galdez senda zezon, othoi, anaia Batixta. Arte hartan, lo zurrungan zagon anaia Batixta, eta biharamunean jeiki zen sendatua arras, egundaino erredurarik ukhan ez balu bezala.
IX.
Etxeko lanez bertzalde, kanpoan ere lan handiak zabiltzan gure sainduak. Judu anhitz bazen Erruman. Gure sainduak argiturik, anhitzek egia besarkatu zuten, eta bertze anhitzek aithortu zioten ahaiden beldurrez zaudela girixtino bilhakatzeko. Bere etxe-kantoin bat eman zioten ihes-lekhutzat, eta heien hazteko eta bizitzeko, karrikaz karrika, athez athe, ibili zen eske. Bainan judu konbertituen nonbrea emendatuz zohan, eta etxe-kantoina ez zohan handituz. Obra handi eta maite hori ez nahiz hasia utzi, Errumako iaunik aberatsenak obra hortan barne sarthu zituen; jo zuen eta ideki heien bihotzetako athea; hek eman diruaz ihes lekhu bat handia erosi zuen, eta ihes lekhuaren ethorkizuna arrandez segurtatu.
Bertze etxe bat altxatu zuen Iñaziok, jaberik ez zuten haurrentzat. Etxe hura bizi da oraino, bai eta etxe hartan Iñazioren orhoitzapena. Urthe guziez, San Iñazioren bestetan, etxe hartako haurrak dire Errumako aita Jesuiten beretter.
Bethi alhan zen gure sainduaren izpiritua. Beren bizi beharrarekin, anhitz nexkato gazte ikhusten zituen makhur hartzen. Heier ideki zioten Santa Katalinako komentua. Berthutea eta lana han ikhasten dituzte nexkato gaztek, eta ez dire handik atheratzen edo ezkontzeko, edo serora juaiteko baizik, gogoa nola duten.
Iñaziok obra on bati zimendua eman zionean, buruzagitzat hautatzen ohi zion, obraren ethorkizunaz ihardets zezaken norbait; kardinale bat, edo kargudun handi bat, edo jaun aberats bat.
Nexkato gaztentzat egin duena nahi luke orai emazteki galduentzat egin; heier ere nahi liokete leihor bat ideki. Xede horrek laudamen guti ukhaiten du Iñazioren adixkidetarik; ezin obratuzkoa dagokate. Ez da hargatik lotsatzen Iñazio. Badaki Jainkoarentzat ari dela, badaki Jainkoa goizxago edo berentxago helduko zaiola.
Andre Español batek, doña Leonorak, hitzemaiten dio emazteki hetarik zonbait hartuko diotzola bere jauregian. Hitz horren gainean abiatzen da Iñazio salbatu nahi dituen arimen ondotik. Entzuna da haren botza; emazteki hek beren lokharriak hautsirik, karrikaz karrika Iñaziori jarraikitzen zaizko, doña Leonoraren etxeraino.
Nahiz bertze lanik baduen, eta nahiz oinhazez josia den, aste guziez itzuli bat edo bertze egiten du ardi errebelatu heien ondotik. Egun batez norbaitek erraiten dio:
«Ez da zuretzat hanbat gisa emazteki horien artean ager ziten. Bertzalde, horietaz hartzen duzun artha, alferretan hartzen duzu; iraupenik ez dute horien xede onek; urhats ohia nekhez uzten dute holako kreaturek.»
Sainduak ihardesten dio:
«Bakhotxa beiratzen ahal badut bekhatu mortal bakhar batetarik, ez dagozkat galduak, ez ene nekheak, ez ene denbora.»
Doña Leonoraren etxean zokho guziak bethe dire: ez da gehiago bat bakharraren lekhurik. Oraintxe da Probidentziaren orena. Sosik ez du Iñaziok, bainan esperantza badu. Jainkoari sokhorri galdez dagoelarik, aita Kodaze berri on batekin heldu zaio; komentuko langilen aitzurrak obra zahar bat jo du, harririk ederrenez egina.
«Jainkoak eskerrak dituela! dio Iñaziok: berheala salazu ehun luisen harria.»
Ehun luisena saltzen du aita Kodazek.
Diru hori eskuan badoha Iñazio emazteki galduen obran sinhesterik ez zuten Jaun batzuetarat, eta erraiten diote:
«Obra horri lotzeko guziak uzkur izan zarete; ni lotzen naiz, nik ekhartzen dut lehen harria: zuer dago, jaunak, bigarrenaren ekhartzea.»
Uzkurrenak berotzen dire; alde guzietarik dirua heldu zaio; Santa Marthako komentu zaharra erosten du; hango gakhoak andre saindu batzuer uzten ditu, eta Otsailaren hamaseian, 1542an han sartzen dire emazteki urrikituak, kardinale bat buruzagi eta ararteko.
Obra horri asko traba egin zion izpiritu gaixtoak. Hiriko gizonik tzarrenak komentuko atheak hautsi nahiz ibili ziren, eta atheak ezin hautsiz, harrika xehatu zituzten berinak. Gizon hetarik bat urrunago juan zen. Fama athera zuen Aita Iñazio eta haren lagunak heretiko gorde batzu zirela, Parisetik ethorriak, fedearen tribunalak iziturik.
Hoinbertze bidegin zuen gezurrak, non Iñaziori zuhur iduritu baitzitzaion gezurtiaren ixilaraztea, jujen aitzinerat deithuz. Jujen aitzinean, saindutzat ezagutua izan zen Jesusen konpainia, eta gezurtia bere gaztiguaren ukhaiterat zohan, ez balu Iñaziok, bera ararteko jarririk jujen eskuetarik athera. Ezagutzaz bethea, gizon hura Iñazioren adixkide min bilhakatu zen, eta konpainiaren ongi egile handi.
X.
Gure sainduari ardura entzuten zioten, borondateari behar litekela ukho egin; gorphutzik ez balitz bezala behar litekela gorphutzean bizi: izpirituz eta bihotzez Jainkoari behar litekela josia egon. Ardura mihian zuen, ez litekela deusez khexatu behar, bekhatuaz baizik; gainerateko makhur guzien xuxentzea Jainkoari behar litekela utzi. Bertzer erraitea eta berak egitea, gauza bera ziren gure sainduarentzat; deusek ere ez zezoken khexamendu bat eman. Dugun ikhus:
Lephoan bazituen handitxu batzu, lothurik zabiltzanak. Lotzaileak egun batez, lana ontsa baino hobeki egitea gatik, lothura josirik ezartzen dio beharriaren ondoan. Lana egintxe duenean, Aita Iñaziok botz ezti batekin erraiten dio:
«Anaia Juanes, beha zazu ez othe darotazun beharria josi?»
Behatzen du eta beharria josia hatzemaiten. Hainbertze orratz sistetan atx bat ez zuen egin gure sainduak.
Gure saindua hiriko etxe batetarat deitzen dute. Han dagoelarik jaun batzuekin, egiteko izpiritualez mintzo, hats bahiturik heldu da komentuko muthil bat, Aita Iñazio berheala nahi lukela ikhusi, berheala nahi liozkela bi hitz erran. Sarrarazten dute.
Bere mezua egin duenean, Aita Iñaziok erraiten dio:
«Ontsa da, bazohazke.»
Eta muthila badoha, eta Aita Iñazio hasi solhasari lotzen da. Akhabatu duenean, jaunetarik batek erraiten dio:
«Ene aita, komentuko anaia hura ontsa khexu zabilan; zerbait berri txar othe zuen?»
«Batere, batere, dio gure Sainduak; zor bat da, komentuak tenorean pagatu ez duena, eta orai, hartzedunak dabiltza hor, komentuko phusken ondotik. Oheak eremaiten badituzte, taularen gainean etzanen gare. Othoiztu ditut liburuak utz ditzauzkuten; bainan hek ere eremaiten badituzte, Jainko onak lagunt gaitzala, hek eta gu.»
Biharamunean, Aztali, Errumako jaun gazte batek, moltsa bat urhe igortzen zion, aski eta sobera bere zorretarik atheratzeko.
Ardura beharretan zen komentua; ezik, komenthuan sarthu nahi zuten guziak hartzen zituen Iñaziok, nondik eta nola haziko zituen batere buruari eman gabe. Hau zion bethi:
«Gauza handien egiteko, ez da aski buruz eta besoz azkar izatea, Jainkoa behar da alde ukhan. Jainkoari buruz dagonak, egiten du anhitz gauzer buruz.»
Eguberri egun batez, sukhalderat jausten da, eta kozinerrari erraiten dio:
«Egun gero, eskolierer behar diozute bazkari on bat eman.»
«Bazkari on bat!!! dio kozinerak, ez dugu eta ogirik ere; okhinaren ganik ezin ukhan dezakegu, ez dela bethi urririk emaiten ariko.»
«Ez badezakezu okhinaren ganik ukhan, Jainkoaren ganik ukhanen duzu. Zoazi merkaturat; handik ekharrazu bildots eta gauza, eta zor hori bego Jainkoaren gain.»
Biharamunean, bortz ehun luis hunki zituen, Aita Sainduak igorririk.
Etxe berri baten egiten ari zen, hiritik kanpo, toki eder eta ideki batean, konpainiako menbro zaharrek eta flakoek aire ona han har zezaten. Aita batek erraiten dio: «Zerentzat lothu zare lan berri horri? Zerentzat ez duzu zure dirua behar ordu handiago batentzat atxiki?»
Iñaziok ihardesten dio:
«Diru guziak baino maiteago dut zuetarik edo zoinen osagarria.»
Egun batez, ez zen komentuan, ez ogirik, ez arnorik, ez dirurik, ez egurrik. Egun hartan, orga bat egurrekin heldu da norbait, komentuko atherat. Athezainak athea idekitzen du, eta orgak hustu eta, athea berriz gakhotzen. Gibelerat itzultzean, zer ikhusten du? Eskaratz guzia saku ogiz eta barrika arnoz ihaurria. Ogi hek, arno hek, nondik sarthu ziren? Nork igorri zituen? Segeretua, balinbazakien ere, beretzat atxiki zuen gure sainduak.
Bertze egun batez, Aita Polanko heldu zaio erraiterat, langile batzu pagatzeko dagozkala, dirurik ez ukhanez. «Zaude aphur bat, ihardesten dio sainduak, Jesu-Kristori mintza nakion.» Eta ganbarako athea hetsirik, othoitz bat egiten du. Othoitza akhabatu duenean, ekharrarazten ditu Aita Lainez, Kristofo de Madrid eta Aita Polanko, eta begitharte arrai batekin erraiten diote: «Ez naizen arren, ez profeta, ez profeta seme, hitz darotzuet norbait urrikalduko zaikula.»
Hainbertzenarekin, bi moltsa diru heldu zaizko, bi Jaun aberatsen emaitzak.
Ondoko egunetan ere nonbaitik heldu zitzaioten beharraren araberako sokhorria.
Aita Polankok ez zuen beraz ustegabean erraiten:
«Iñazioren hitza, urhea da.»
XI.
Bi Aita Jesuista Mazeratan aurkhitzen ziren, ihautiriko azken egunetan, 1555an. Jakiten dute muthiko gazte batzuek egun hetan plaza bethean josteta tzar bat egin gogo dutela. Heier hitz baten erraitea, alfer liteke. Elizatik oihu egiten dute beraz, Sakramendu Saindua egun hetan agertua atxikiko dutela, eta populua othoizten dute, lehiarekin ethor dadin Sakramendu Sainduaren adoratzerat. Jendez bethetzen da eliza. Aita Jesuistek predikatzen dute, anhitzen bihotzak hunkitzen eta khanbiatzen dituzte, eta egin dutenaren berri igortzen diote Aita Iñaziori.
Berri hori jakitean, bozkarioz nigar egiten du Aita Iñaziok, ikhusi baitu obra horren gibelondo salbagarria; konpainiako etxe guzier berheala manatzen diote, ihautiriko azken hirur egunetan, Sakramendu Saindua ageririk atxik dezaten, eta egun hetako laidoen erreparazionetan, amultsuki gorthe egin dezoten.
Gauza beraz geroxago aiphatzen diote Aita Sainduari eta Kardinaler; heien laudamena ardiesten du, eta berrogoi orenetako othoitzek Eliza guzian hartzen dute.
Zonbat holako obra sainduer ez du hastapena eman San Iñaziok? Haur ohakoak galduen, ume xurxen eta judu konbertituen biziteiak, emazteki galduen iheslekuak, entraeleko nexkatoen gidamendua, seminarioak, eskol-etxe Errumanoa, eskol-etxe Alemana, San Iñazioren burutarik dire. Beha dezagun gero hirur mende huntan, Aita Jesuistek egin dituzten indarrer, eta ikhusiko dugu elizak eta munduak zonbat dioten zor Iñazio Loiolakoari.
Iñaziori ttipituz zitzohazkon indarrak. Hurbildua zakusan hiltzeko orena, eta oren dohatsu hura gutizia saindu batekin igurikatzen zuen.
Aita bat edo anaia bat entzuten zuenean geroko gauzez mintzatzen, erraiten zion:
«Zure zerurat juaiteko orenak oren guziez jo dezake; nola beraz, bihotz min bat gabe, aipha dezakezu geroko gauzez?»
Halere, gogotik zagon bere desterruaren luzatzerat, Jainkoarentzat zerbaiten egitekotan.
Galdeitza hau egin zion behin Aita Lainezi:
«Zer zinduke nahiago? Berheala zerurat juan, ala, Jainkoarentzat lanean ariz, arimaren galtzeko hirriskuan bizi?»
«Oh! nik berheala zerurat juan! Segurretik, Aita Iñazio, segurretik!»
«Eta nik, ihardetsi zion gure sainduak, bertzela egin nezake. Orai zerurat juaiten ahal, eta balinbanaki hemen egonez Jainkoarentzat zerbait egin nezakela, Jainkoa othoitz nezake, ene arimaren hirriskuan, hemen utz nezan, eta guzien buruan ez dut uste, Jainko bat hain onarekin, hain hitzekoarekin, hain aberatsarekin, galtzerik banuken.»
Hiltzea gogoan zuen bethi, mihian ardura. Bere laguner erraiten ohi zioten:
«Hil baino lehen hirur gauza nahi nituen ikhusi: Konpainia Elizako ordre bezala ezagutua, Etserzizio Izpiritualak Aita sainduaz hautetsiak, eta Konpainia bere urhatsari jarria. Hiruak ikhusirik hilen naiz.»
Bere flakeziaren gainerat, sukhar malet bat jin zitzaion, eta ohean jarri zen.
Eri izana gatik, bere egiteko guzier bazagokan buru. Bethi bertzez zen orhoit, bethi bertzez mintzo, bethi bertzez arrangura, eriez bereziki. Bere burua, bazenez ere, ez zuen aiphatzen; hortarakotz, ez zen nihor ohartu, zen bezain, eri zela.
Ortzegun batez, Uztailaren hogoi eta hamarrean, komunione kharsu baten ondotik, aita Polanko ekharrarazten du eta erraiten dio:
«Arras ttipi naiz; Aita Sainduari noiz nahi erraiten ahal diozu nola naizen, eta bere benedizione saindua othoi igor dezadan. Erranen ere diozu, lurrean bezala, othoitz eginen dudala harrentzat zeruan ere, Jainko guziz onak enetzat balinbadagoka zerua.»
«Ene Aita, ihardesten dio Aita Polankok, ez dut uste oraino hain ttipi zaren; medikuek diotenaz, flakezia hori garhaituko duzu oraino.»
«Aita Polanko, ttipi naiz arras, hatsa baizik ez dut.»
«Zure mezua eginen dut beraz, Aita Iñazio; bainan lanez ithoa bainaiz egun, ez othe dezaket mezu hori biharrerat utz?»
«Zuri nola zaizun, Aita Polanko; ni zuri nago.»
Hitz ederra, erakusten darokuna zoin zen umila Loiola handia, bere borondateaz zoin biluzia, bertzen erranerat zoin ixuria.
Aita Polanko biharamun artio gelditu zen, Aita Sainduaren ganat juaiteko. Medikua hatik orduan berean ekharrarazi zuen; eta galdatu zion zertan khausitzen zuen eria.
Medikuak ihardetsi zion: «Eria hala halatsu da; bihar ethorriko naiz berriz, eta gaitzagorik khausitzen badiot, erranen dautzut.»
Arratsean, Aita de Madrid eta Aita Polanko eriaren ikhusterat badohatzi. Uste baino hobeki khausitzen dute, burua oso, izpiritua xuxen eta erne. Egiteko premiatsu batzuez mintzatzen zaizko. Heien arrazoinak entzuten ditu, phizatzen ditu, eta osasunean bezanbat zuhurtziarekin ihardesten diote. Ganbaratik atheratzen dire sartzean baino alegerago, elgarrekin ihardokiz behingo gizon badela oraino Aita Iñazio. Aita Iñaziok eder begia zuen.
Biharamun goizean, Aita hek berak sartzen dire eriaren ganbaran. Agonian da... ez du nihor deitu... erizain bat gabe iragan du gaua, bakhar bakharra! «Zuri nago» erran zion bezperan Aita Polankori.
Aita Polankok laster egiten du Aita Sainduaren ganat. Aita de Madrilek, ustez aldixardura bat duen, salda hurrupa bat eskaintzen dio:
«Ez dut orai beharrik, erraiten dio eriak, ezti eztia.»
Aita Sainduak, antsia bihotzean, nigarra begian, igortzen dio bere benedizione saindua. Benedizione hortaz borthiztua, Iñazio Loiolakoak eskuak khurutzatzen ditu, bere behatze ederra zerurat altxatzen du, Jesusen izen Saindua aiphatzen du, eta haren arima, gorphutza utzirik, zerurat hegaldatzen da. Uztailaren 31a zen 1556an, Aita Sainduak Etzerzizio Izpiritualak onhetsi zituen urthe buruan.
Iñazioren hil berri jakitean, nigar egin zuen Errumak, Aingeru begirale bat galdu zuela; nigar Jesusen Konpainiak, aita galdu zuela; nigar Heskual-herriak, bere lilirik maitena eta ederrena galdu zuela.
Bainan Loiola galtzearekin lurrean, zer arartekoa ez dugu irabazi zeruan?
__________
Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)
Versión digital tomada de: http://klasikoak.armiarma.com/rtf/LaphitzBisaindu.rtf